Daniel, diuntasunez
Ixabel Etxeberria
Daniel gose greban. Noski, Daniel ez da lehena gose greban sartzen dena bere eskubideen alde eta hitz honek ez du besteen urratsen gutxiesteko intentzioarekin edo Danielena gehiago hobesteko egina. Noski ezetz, pertsona bat horrelako bazterretako egoeretara eramana delarik errespetua eta sostengua baizik ez du merezi. Horretan duintasunaren isla baita.
Daniel gure belaunaldiarekin harreman zuzena eta estua da. Ipar Euskal Herriko xoko kementsu eta sutsuetan ibilitako militantea da, espainetan irri handi eta erakargarriarekin. Abertzaletasunak oso joko gutxi zuelarik Ipar Euskal Herriko politikan, hor ari zen, biltzarretan, elkartzeetan, afitxak kolatzen, traktak banatzen.
Geroztik, urrunagotik jarraitu ditugu Danielen urratsak, baina gure gogo bihotzetan egon da beti, berak Euskal Herria bihotzean eraman duen bezala.
Oroitzen gara gose greban hirurogeita hiru egun eman zituela, beldur ikaragarria sentitu genuen, baikenekien Danielen determinazioa nekaezina dela. Baikenekien bururaino joateko prest zegoela, diuntasuna aitzinean jarri baitu beti, ezagutzen dugunetik, militante gaztetatik.
Danielek ez digu deus frogatu behar, badakigu frantses justiziak nahi duena leporatuko diola, Espainakoa aipatzea ere iraingarria da. Danielek poliziaren jipoiak jasan ditu, presondegiko erasoak. Kanpoan denetik eskatua izan zaion guztia bete du, nahiz eta oso eskaera gogorrak izan, bere amiliarekin bizitzea debekatzen diotelako, kanpoan bizitzea inposatuz. Baldintza guztiak bete ditu, baina ez dute aski, berriz ere haren bila joan dira beste auzi bat atxeman diotelako. Auzitarik kanpo gelditzen den euskaldunik ba al da? Euskaraz egitearekin nahikoa izaten da arazoak izateko eta!
Hau mendekua da! Eskuin muturra dituen praktiken lerrotik, ezkerreko militanteak hilobiraino zanpatzera joan! Justiziarik ez baita ezkerreko militanteentzat. Eskuinak eskuinari amor ematen baitio, edozer auzi ezabatzen dio. Ezkerreko militanteari auzi berria aurkizten zaio belaunikatzea baita helburua.
Danielek hori dena badaki. Erabakia berehalakoa izan da, ez baita deus lortzen ahal subjektiboa, politikoa den justiziarekin.
Danielek historia luzea du ezker abertzalearen baitan, jarraikia, ezaguna. Ondorioz, ez dugu arazorik izan, ezker abertzalearen hautetsien taldea prentsaurrea eman dugun unean, ezker abertzaletasunaren batzeko lanak indartu behar ditugula errateko bildu garelarik, ez dugu arazorik izan Danielen aldeko manifestaldira deitzeko. Hau baita Danielek defenditu duen lema, aspalditik. Ezker abertzaletasunaren biltzeko beharraz hitz egiten zuen aspalditik.
Daniel berriz atxilotzen duten unean, helburu hori plazaratu dugu. Hastapena baizik ez da. Ez baita soilik hautetsi batzuen nahikeria, militante askok horixe eskatzen baitu.
Bilduk ere eragina izan du. Bilduren garaipenak gure baitan konfiantza indartu baitu. Ipar Euskal Herriko hautetsien aurrean, instituzioei begira ezker abertzaleak beste parametro batzuekin begiratu behar baita. Hemen ere Bilduk bere eragina badu, haatik eragina baino handiagoa egiten saiatu behar dugu. Hemen ere, UMP eta alderdi sozialista baino antolatuagoak izan behar gara, eraginkorragoak eta entzungarriagoak boz kopuruen igotzeko. Lan egiten baitakigu besteak bezain ongi eta proeiktuekin, herria eraikitzeko.
Aintzinekoetan bezala Danielek gogor eta tinko jarraitzeko diuntasuna erakusten digu. Hein horretan egonen gara, Danielen alde, lehenik datorren 16an, pairatzen duen euroagindua salatzeko. Ondoko urratsetan, azken hogeita hamar urtetan bezala, elkartasuna erakutsiz eta garaipenaren bidea idekiz. Daniel ere askatuko dugu, Parisen kolaborazioaren gainetik, herri berria sortuz, euskalduna, burujabe.
Komentarioak
Bruno Etxebest
2011-07-22
Garbi dago Danielekin eskarmentu bat eman nahi dutela, Iparraldeko abertzaleak kikiltzeko eta Hegoaldekoekin bat egin ez dezaten. Dena den, berantegi da, askatasuneranzko bide guztiak ongi zabalduak baitaude.
















- 