Defenditzeko, bizitzeko eskubidea?
Ixabel Etxeberria
Badakigu. Badakigu Gazan zer gertatzen den. Gobernuak egiten dituen ahalegin guztien gainetik, frantses prentsak erasotzaileen ikuspuntua defendituz hedatzen dituzten berri moldatuen gainetik, badakigu !
Azken egunetan Israelgo gobernuak egiten duen sarraski izigarri horren berri dugu. Ez da hitz neurtuen garaia, hitz guztiak gaindituak baitira. Israelek kazetariak kanporatu ditu hango irudiak jasan ezinak baitira.
Malkoak heldu zaizkit, ezintasunarengatik malkoak. Nire protestek, milaka lagunen protestek, isildu dituztenak, ondoriorik ez baitute erasoaldiaren gelditzeko. Israelek egiten duena Israeli baimentzen baitzaio. Bahiketa morala, bigarren gerlan juduek jasandako salatzen dugun genozidioak bahiketa morala sortu du.
Sinetsi nuen genozidio hura posible izan zela orduko herritarrek ez baitzekiten, informaziorik ez zutelako.G enozidio hura ukatu gabe, Israelgo gobernuak urtetan palestinarrak miserian, gosean, langabezian, kanpamenduetan bizitzera eraman ondotik, gaur hiltzen dituzte, mundu guztiarengandik gaur palestinarrek beren defentsarako igortzen dituzten suzirien salaketa lortuz. Israelago gobernuaren politika genozidioa da, mundu guztiaren sudurraren aurrean. Badakigu. Ez du inork gelditzen. Zergatik ote ?
Noski, Varsoviako getoan gertatutakoa heldu zaigula gogora! Juduak borrokatu ziren beren buruaren defenditzeko, heroiak ziren, parean zituztenak naziak ziren. 1947tik honera Palestinaren mapa zer bilakatu den begiratzen dudalarik sensuratu behar diren hitzak heldu zaizkit, baina ez da dudarik, Israelgo gobernua arrazista da eta herritar mota baten hiltzeko eskubidea eskaintzen zaio, giza eskubideen kartak, nazio arteko legediak ez du eskumenik, Palestinarrak ez da herritar oso gisa ezagutua, ez du defenditzeko, bizitzeko eskubiderik.
Gertakari horien aurrean gobernuek irabazi duten indarra, herritarren gaineko imposaketa agerian gelditzen da, hain azkar sentitzen diren gaur egun denen begi bistan egiten diren sarraskien aurrean ez direla mugitzen, lagunak babesten dituzte. Horrela, guri zer erakusten digute ? Militarrak, Afganistanen ibiltzen diren militarrak, batzuetan emazteak, alegia emazteak ez direla sarraskietan parte hartzeko gai, emazteak armaturik, Afganistanen haurrei eskua ematen. Alegia lehergailuen azpian hiltzen diren bertako herritarrak ez direla militar horien biktimak, militarrak goxokien banatzera igortzen direla. Gezurra beste gezur baten ondotik, gerla giroa saltzen, terroristen aurkako gerla, terrorista nor den haiek definitzen dutelarik.
Eta Baionako militarren kuartelatik ateratzen den soldadua Afganistanen hiltzen badute, honek izan beharko du gure heroia? Goteinen bere familiarekin bizi zen euskal herritarra, preso hartua, etxetik eramana eta familiarengandik bereizia, kale borrokan parte hartu omen zuen, hau terrorista? Kasu honetan familiak hilabete sari bat galdu du, aitzina joateko behar zuena eta gainera presoarengana joateko diru zama handia utzi beharko du. Familia bat ekonomikoki ere egoera larrian uzten dute, helburuetan dago. Hau omen zen pertsona arriskutsua, ez Sarkozyren baimenarekin lehergailuak botatzen dituen soldadoa.
Logika guztiak hautsiak dira , dena bilakatzen da posible zapaldua den herriaren suntsitzeko, legeak bihurtzen dira. Hogeita hamazazpi mila jende Bilboko karriketan eta sekulan baino zigor gordinagoak euskal presoendako. Zazpiehun terrorista baino gehiago omen eta horrendako lege guztiak bihurtzen dituzte Europa demokratikoko Frantziak eta Espainak. Pentsamendu desberdina legez kanpo jartzeraino, arerioa preso sartzeraino. Palestinarrei hil ala joan, beste aukerarik ez zaie uzten. Ikaragarria. Gurea ez da hain agerian gelditzen, arrazoin bat gehiago kanpoko laguntzarik ez goaitatzeko. Euskal nortasuna, euskaltasuna, urtez urte, urtzen ikusten dugu. Gure buruari, Euskal Herria libre ikusteko, horren alde egiteko, gure buruaren defenditzeko eskubidea hartu beharko dugu, denak batera.
Sepulvedarekin bat nator, La Paz Boliviako hiri polita da, bakea, bakerik ez baita, indartsuenek poderea berenganatu baitute, erresistentziako sareak ez badira erreberritzen, pizten eta animatzen 1947ko honerako Palestinako maparen itxura hedatuko da, beste herri batzuk ere desagertuko dira.














