Deitoragarria oso
Ixabel Etxeberria
Politikan iraina normalizatzen joan da eta abertzaleen artean ere. Argumentazio politikaren maila ederki ahulduz eta debatea beheko errekara igorriz. Izan ere, abertzale mundua beti izan da debate leku, tira-bira handian iragan badira ere.
Euskal prentsan irain publikoak naturaltasunez argitaratzen dituztenek ez dute gaur egun abertzaletasunaren eta euskaltasunaren aurkako politikaren neurria hartzen. Hau oso deitoragarria bada.
ABko hautetsien elkarte berria sortu da, ABtik hurbil direnei idekia omen, baina horiek ez dira elkartearen sortzeko biltzarrera gomitatuak izan. Hau ere deitoragarria. Izan ere, elkartearen sortzearen erabakitik kanpo atxikia izan ondoren nahiko zaila da elkartearen ibilbidean kokatzea.
Bestalde, ABtik hurbil diren hautetsiak ez dira Batasunetik urrun ere, Batasunak bere hautetsien elkartea egiten balu, oso zaila litzateke independienteak diren hautetsi horientzat hautuen egitea. Horrez gain, tokiko herritarrez osatutako zerrendetako hautetsiak gara, ez alderdi baten hautetsiak !
Dudarik gabe aldaketak izan dira. Duela urte batzuk, aintzineko Herriko Etxeko hauteskundeen ondoren, hautetsi abertzale guztiak bildu ginen Heletan, hain xuxen Ipar Euskal Herriko hautetsien elkartea berpizteko, hautetsi abertzaleen kopurua emendatu baitzen ederki eta lan komuna premiazkotzat jotzen baitzen. Biltzar horretan EAJren ordezkariak bortizkeriaren aurkako mozioa bozkatzea eskatu zuen. Debatea hasi zen baina Jakes Abeberryk azpimarratu zuen nola jarrera errexegia zen, bereizketa nahikeria beste inguru batzuetan martxan jar zitekeela eta EAJkiko, kostaldeko zonbait instituziotan, bazterketa martxan eman zitekeela ere. Debatea ez zen luzatu. Besterik gabe elkartearen bulego berria osatu zen. Biltzar horretara hautetsi abertzale guztiak gomitatuak izan ziren.
Geroztik denbora joan da, desmartxa politiko desberdinak eraman dira eta gaur egun hautetsi abertzale batzuen elkarte baten sortzea erabaki da. Zailtasunak ditugu elkarte horren helburuen ulertzeko, gu hautetsi gisa, Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoan, lan egiteko hautetsi abertzale guztiekin lan egitea premiazkotzat jotzen dugularik, eraginkortasuna askoz eta handiagoa baita. Poderean dauden hautetsiek hori ikusten dute eta gure erabakien aurrean, gure mobilizapenen aitzinean berahala erreakzionatzen dute. Hau baita abertzaletasunaren bide egokiena aitzinatzeko. Nahiago gaituzte bereiziak ikusi.
Elkarte berri horren bigarren artikuluan ( abertzaleok bigarren artikuluekin oztopoak beti.. !) bortizkeriaren bazterketa aipatzen da. Zergatik ote ? Orai arte Ipar Euskal Herriko Hautetsiek ez dute inoiz, hain xuxen politika baino besterik egin, gure funtzioa baita hautatuak garen eremutik.
Irudipena daukat helburua bazterketa dela. Hain xuxen gure aurkariek, Euskal Herriko burujabetasuna sutsuki borrokatzen dute horiek beharrezkoa dutena abertzaletasunaren bereizteko. Abertzaleok badakigu gure herri proiektuaren helburua herri ainitzaren sortzea dela, ainitza, baina bere buruaren jabe. Horretan ez genuke tronpatu behar, ez genuke jartzen dizkiguten zepoetan erori behar.
Udalbiltza zatitu zelarik erran zen ez zela ez batean ez bertzean parte hartuko edo bietan parte hartuko zela, erran nahi baita, Udalbiltzan, legitimitate osoa zeukana eta Udalbiden, egoeraren araberan. Bereizketa horretan ez zen hauturik egin behar. Baina ABren hautetsien elkartea egiten da. Hautua zein da ? Beste elkarterik ba al da Ipar Euskal Herrian, beste elkarterik sortu behar al da edo hautetsi batzuk baztertzeko nahikeria al da ? Galdera ainitz heldu zaizkigu. Abertzaletasunaren garapena bere ainiztasunarekin helburua ote da ? Herri honen burujabetzaren lortzeko bidea ote da ? Ez dugu hori ikusten urrats horretan. Alderdikeria aldiz. Deitoragarria.
Komentarioak
Peio Etxeberri-Aintziart
2009-10-10
Egun on Ixabel
Zure artikulua irakurri eta gero, erantzuteko beharra senditzen dut, polemika sakontzeko asmo izpirik gabe. Lehenik uste dut ezin duzula elkarte baten sortzea eta edonorentzako irain bati parekatu. Nehork AB-n ez du sekulan beste tendentzia abertzale bat edo beste hautetsi bat iraindu nahi izan, eta ez dut batere ulertzen desmartxa horretan zerk hori pentsarazi dizun.
Bestetik, ez dakit ere nolako oihartzuna ukan duzun hautetsi elkarte horren sortzeaz (Enbataren sar-hitza menturaz?), bainan dudak dituzunez geroz, biziki errexa dezakezu Urruņako beste bi hautetsiei eskatzea, AB-ko bazkide gisa afera hastetik segitzen dutelakoan, eta parte direlakoan.
Orain esplika dezagun zergatik elkarte hori sortu den. Bazterketa berezirik ez da, xinpleki AB-k segitzen baitu alderdi gisa egituratzen, beste edozein alderdik egiten duen bezala (Batasunak edo nik-dakita nork barne). Ahalmen gehiago ukan balu AB-k, aspalditik egina ukanen zuen, baina bitxi bada bitxi, orain arte ez zuen sekulan lortu "bere" hautetsiak antolatzea. "Bere" malkoen artean idazten dut, gauza batean zurekin ados bainaiz: hautetsiak tokiko taldeen izenean dira hautetsi eta berez ez da AB-ko hautetsirik. Baina ez du kentzen 60 bat hautetsik AB-ko bazkidetza dutela eta beste hainbestek azken urte hauetan ukana, eta guziz zilegia dela haien arteko antolaketa bat bultza dadin, Europako alderdi guziek bultzatzen duten bezal-bezala. Oroitaraziko dizut AB-k etxebizitza batzorde bat duela, beste batzorde batzuk ere beste hainbat gaietaz, eta aspalditik asmoa bazela AB-ko hautetsien batzorde bat ere sortzeko.
Jakinez ere saiatuko zela permanente bat hartzen edo diru laguntzak bilatzen lan horren bultzatzeko, izate juridiko bat eman zaio batzordeari elkarte bat sortuz ("Herri zerbitzu"), baina segitzen du AB-ko barne batzorde bat izaten. Logika osoz, elkarte bat sortzen delarik estatutuak idazten dira, eta horra nun hainbat printzipio idatzi diren, AB-ren printzipio politikoekin bat egiten dutenak. Hori dena biziki xinplea da, eta logikoa. Azkenik, bilkurak AB-ri hurbileko edozein hautetsiri idekiak zaizkio, bere burua aipatu ditudan printzipio horietan ezagutzen baldin badu, menturaz ekartearen lanak AB-ko bazkidetza hartzeko gogoa pizt diezaiokelakoan.
Ez dut batere ikusten horretan zergatik bazterketa bat ikusten duzun, oinarri argiak direnez geroz. Edozein alderdi baten barne biziaren logika segitu besterik ez du egiten elkarte horren sortzeak.
Beste gauza bat da jakitea abertzale guzien arteko talde bat sortu behar den ala ez. Printzipioz ez dut arazorik ikusten horretan, ez da batere kontrajarria. Hori bultzatu nahi baduzu, zure laguntzeko prest ukanen nauzu. Baina hortik aparte, utzi diezaiogun alderdi bati bere bizia eramaiten, iraindua senditu gabe. Euskal Herriak polemika antzu aski pairatzen ditu.
Bukatzeko, oroitarazi nahi dizut AB-ko hautetsien elkarte hori sortzen zen ber denboran, afera dorpe bati buruzko prentsaurreko batean, Hego Lapurdiko hautetsi abertzaleen arteko elkarlana elgarrekin aipatu genuela, nihaurek zuri proposaturik. Eta proposamen hori begi onez ikusten zenuenez geroz, uste dut noizbait lortuko dugula gauzatzea. Hala izan bedi, ezinbestekoa baita! Xantier hortan gogoz eta plazerez bilduko naiz zurekin, eta gure lurraldeko beste hautetsi abertzale guziekin.
















- 