EH bai da bidea

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-07-10 17:51:14

Azken atxiloketek hauteskundeen emaitzaren frantses agintariek egiten duten azterkearen berri ematen digute. Alegia Ipar Euskal Herriko gazteek herri honen geroan sinesten dutela eta honi arrasta eman nahi diotela. Eta honi, erantzuna, gazteak atxilotuz eman dute, kriminalizatzeko helburuan. Etxean gazteak ditugunok argi izan behar dugu gazteak jomuga direla, gaurko Pariseko politika errepresiboak ez duela mugarik eta metodoak ere aldatzen ari direla.

"L’idéologie dominante était fondée sur l’idée que la misère engendre naturellement la criminalité qui ne peut donc être traitée que par des mesures sociales. Je dis exactement le contraire : c’est la criminalité qui favorise la misère en aggravant l’exclusion, et la stigmatisation d’une partie de la société française". Mohamed Belaalik (http://www.elysee.fr/download/?mode=press& ) gogoratzen digu zer nolako pentsamendu argiak hedatu dituen frantses presidenteak Europako hauteskundeak baino lehen.

Frantses gobernuan eskuin muturreko militante ohi bat idazkari nagusi gisa sartzen den une honetan, gobernu honen justizia eta jarrera politikoei buruzko politika seinale ia gehiegi heldu zaizkigu.

Pariseko gobernuak arazo sozialen konpontzeko, Barne ministeritzak bozkatzen dituen legeak mugimendu guztien isiltzeko, zapaltzeko, kontrolatzeko eginak dira.

Hemen, abertzaletasunak duen irudi baikorrari, alegia gazteen lan egiteko kemenari, espaziorik utzi nahi. Ozka batez igo dute poliziari ematen zaion babesa. Hau dela eta lan ildo argiak behar ditugu.

Europako hauteskundeak bukatu eta, Euskal Herriaren alde zerrendako kideok eman genuen prentsaurrekoan, Ipar Euskal Herriko abertzaletasunaren garapenenari begira, ondoko hauteskundeentzat, martxoan iraganen direnak, Euskal Herria Bai proeiktua berriz ere bultzatzeko deia plazaratu genuen. Hau izan baitzen militanteek gehien deituratzen zutena udaberri honetako kanpainan, abertzaleak baturik joatea hauteskundeetan emaitzak emendatzeko asmoz. Hau da militanteek eskatzen dutena eta guk ere, alegia hautetsi askok, nahi duguna.

Uste dugu ez dela goizegi gai horrekin hasteko, hobe dugula dagoeneko biltzen hastea. Hitz eginez oztopoak gainditzeko aukera hartzen dugu eta uste dugu epe aski luzea izanki presiorik gabe has gaitezkeela hitz egiten.

Abertzaletasuna aitzina doa, ez da dudarik, baina agintariek ere hori aztertzen dute, eta horiek emanen dituzte urratsak gurearen trabatzeko.

Bitartean, horrek azkartzen baitu gure eragina eta gure sinesgarritasuna, herriko lana, herrietan eramaten den lana funtsezkoa izanen da. Herritarrok gero eta arazo larriagoen aitzinean aurkituko gara, horri erantzuteko loturak sortuz, herritarrak entzunez eta gure proiektuak herritarren artean landuz, ausartagoak izanen gara, bide berriak idekuko ditugu, euskara eta herria biziaraziko ditugu.

Herrian sustraituz eta hauteskundeetan abertzale gisa, elkarrekin joanez abertzaletasunak sendotzen, hedatzen ikusiko dugu. Ondoko hilabeteetako erronka izanen da, eskutan ditugu bi zutabe horien gakoak.


Komentarioak

Komentarioa idatzi