Entzungarriak
Ixabel Etxeberria
Herrialde arabiarretan buruzagiek Konstituzioetan aldaketak iragartzen dituzte. Noski, karrikan sortzen diren mugimenduak ikusiz interes osoa dute erreakzionatzeko, erantzun egokia emateko egoera horiei amaiera emateko eta batzuetan , bide batez agintearen atxikitzeko. Aintzinamendu gisa ikus daitezke, izan daitezke ere ke hutsak, alegia zerbait egiten dutela herriei iruzur egiteko, baina urrats batzuk aipatzen dira gutxienez. Ondorioen neurtzeko denbora beharko da eta herri arabiarretan beretan neurketa eginen dute.
Gu, ikusle gisa harritzekoa badugu, zeren Europa omen baita demokrazien seaska, alta frantses edo espainol konstituzioen aldatzeko traba gaindi ezinak badaudela dirudi. Euskararen ofizialtsaunaren lortzea ezinezkoa da, ez da haatik aldaketa iraultzailea. Zoritxarrez, frantses estatua, sekulan baino hetsiago bihurtu da eta datozen urteek ez dute hobekuntzarik iragartzen politikoek daramaten debateak entzunez eta hauteskunde bezpera honetan zertaz ari diren ohartu eta gero. Azken berrietan UMPko diputatu batek Mediterranoaren aldetik heldu diren etorkinak untzietan beren lurraldeetara itzultzea proposatzen zuen....
Irain arrazistak, proposamen arrazistek sekulako tokia hartzen ari dira frantses politikan eta horren mugarik ez dugu ikusten. Frantses estatuan gertatzen ari diren borroka guztiez ez da berririk zabaltzen, beldurra baizik. Ez digu estatu horretatik esperantzarik heldu, eskubide sozial eta politikoen hertsapena baizik.
Karrikan egoteko garaia da, guretzat ere, gure aldarrikapenen entzunarazteko. Egia da erretreten kontra izigarrizko mobilizapenak izan direla estatu osoan, mobilizapen horien emaitzak ez ziren oso onak izan baina elkarrekin arituz esperantza pizteko balio izan du, gure baimenarekin ez direla ari erakusteko.
Hau da bide egokia, ez baikara hauteskundeei begira lanean ari bakarrik. Noski, hauteskundeen emaitzak importanteak dira beste alderdiek emaitzak begiratzen baititzute jakiteko ea kontutan hartu behar gaituzten ala ez. Mobilizapenekin, Segiko gazteak eta Aurore babestuz, lerroak mugiarazi ditugu eta hau oso ona da.
Hauteskunde kanpaina honetan abertzaleen arteko elkar lana indartu da. Hauek parametro onak dira, arerioentzat parametro trabagarriak dira eta horrela ulertu behar dira, atxiloketa bortitzak eta atxilokatze gehigarriak. Ez baitute beste tresnarik abertzaleen kriminalizazioa baizik. Maila horretan huts egin dute, herri honetan abertzaletasunaren sinesgarritasuna emendatzen ari baita.
Parisek ez digu deus eskaintzen. Herri honen geroa kontutan hartzen duena, proiektuak dituena abertzaletasuna da. Hau ez du inork ukatzen gehiago. Orai gure proiektuak herritar guztien artean hedatzea lortu behar dugu, entzungarriagoak izan behar gara. Karrikan, empresetan, hauteskundeetan, eremu zabaletan gure proposamenak esplikatu eta herritarren artean esperantza sortu. Aintzinatzen ari gara. Ez gaituzte geldituko.
















