Eskubide unibertsala baita!

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2008-09-30 10:57:55

Egun oso pizuak iragan ditugu. Politikan aritzeak lan gehigarria ekartzen du eta naturaltasun osoz daramagu gure herrietan. Aste honetan bizi izandakoa gainditzen ditu politikarako arau guztiak, arau demokratiko guztiak. Dudarik gabe, egoera bortitzagoak bizi izan ditugu, hala nola GALen garaiak noiz edozoin militante, edo ibiltari, edo ostatuko bezero tiroen artean aurkitu eta bertan gelditzeko arriskua zeukan.

Galtze kolateralak konzeptua eskaini zuten ondoren komunikazio maltzurra eta gezurraren saltzeko komunikazio hizkuntza irensgarriaren sortzeko ordainduak direnek. Estatuak heriotzeko eskadroiak gure lurretara igortzen zituzten frantses estatuko onespen eta laguntzarekin. Frantses alderdi politikoen laguntza izan zuten. Iparretarrak erakundeko militanteen aurkako polizia operazioak, Poporen desgerketa gogoan dugu, errefuxiatuen kontrako sarekadak bezala. Baina, gogoan dugu ere duela aspaldi Enbata mogimendua legez kanpo utzi zutela, ez dugu zalantzan ematen nahi badute alderdi politiko bat legez kanpo uzten ahal dutela. Estatuaren bortzikariaren berri badugu, ezagutzen dugu eta horren aurka borrokatzen ibili da jende asko eta ez soilik abertzaleak.

Estatuak hunkitzen duen eremua oso arriskutsua da, guretzat noski, lan politikoa konplikatzen baitu. Baina, arriskutsua da arlo desberdinetan, egoera politiko eta konzertatua nahi duten politiko guztientzat. Borrokaren bidez, eta askotan borroka gogor batzuei esker eremuak ideki dira, abertzaletasun erradikala deitzen zioten horri esker.

Sektore batek eraikuntza asko bultzatu ditu, tokiko politikoekin horien kudeaketaz ele ainitz egin dira eta gaur egun estatuak hizkuntzari lotutako erakunde eta elkarte askoren laguntzan parte hartzen du, Herriko Etxe ainitzek bezala ikastolei doakienez adibidez. Horrek konzertazio eta elkarrizketa asko eskatu ditu eta baliteke borroka armatuaren desagertzearen arrazoinaren parte bat horretan aurkitzea.

Haatik, azken urteek kontraesanak indartzen ari dira, bai lurraren espekulazioaren inguruan, bai laborantza munduak proposatzen duen antolaketa berriaren aintzinean... Ezinegona sortzen ari da eskakizunei ez baitzaie kasurik egiten, herri honen geroa gobernuan dagoen Alliot-Marie-ri ez baitzaio importa. Nork berak baino hobeki ahabidetu lezake gaur egungo arazoei aterabide elkarrizketatua ministro kontseiluan izanki ?

Azken egun hauetako sarekadak hemen dagoen errealitatearekiko errespetu falta, ezagutza falta, hemendik kanpo gertatzen den polika bati erantzuteko nahikeria baizik ez du erakusten, alegia Espainako biztanlego nazionalistari plazer egitea. 79 urteko eta hiru urteko pertsonak polizien artean harrapatuak, kaputxadunak batzuk, zer sentsu du horrek ? Zertarako ? Talde politiko baten isilarazteko…. Baina politikarik ezin bada egin, zer gelditzen da ? Estatuari doakio bakarrik indar militarra eta politika ?

Enbata sortu zutenek eta debekatzen ikusi zutenek oraindik herri honen alde lanean jarraitzen dute, gaurkoa ikusi dutenek bide bera hartuko dute. Abertzaletasunak eraso asko ezagutu ditu eta abertzaleek erantzun dute aste honen erasoari. Euskal Herriaren alde, politika egitea eskubidea baita, eskubide unibertsala baita. Euskaldunentzat ere !


Komentarioak

icon

Joseba Aurkenerena

2008-10-01

Eskubideak beti irabazleentzat, galtzaileentzat ogi apurrak!

Horixe da errealitea. Herri kolonizatua gara, bi estatu arrotzen artean banaturik dagoen herria, baina, hala eta guztiz ere, askatasuna lortzeko asmo sendo duena. Arrotz estatuen aldetik ezin da deus espero. Traba egiten ez diegun bitartean, ogi apurrak emanen dizkigute, eta ahotsa gehiegi altxatzen dugularik, beraien erantzuna ilegalizazioa eta zapalketa izanen dira. Hori gauza jakina da, Euskal Herrian, Palestinan eta Kurdistanen. Euskaldunok gure hizkuntza eta gure kulturaren alde egin beharra daukagu, gure bizitzaren une oroz. Hori da gure patua. Baina historia ez da 2008. urtean amaitzen, eta Euskal Herriari ere bere aukera etorriko zaio. Egon gaitezen prest egun handirako.

Joseba Aurkenerena (Urruņa)

icon

Aitor

2008-10-02

Ixabelek dioen guztiarekin, nahiz eta gauza batzuk hemendik, Hegoaldetik, oso ondo ez ezagutu.
Dena den, gauza garrantzitsu baten falta nabaritzen dut Ixabel (eta Josebare) iritzietan: bizitzeko eskubidea ere unibertsala da, unibertsal eta oinarrizkoena. Noiz esango diogu "Aski da, Utz gaitzazue bakean" eskubide hau urratzen duten guztiei? Bai, askok urratzen dute, zoritxarrez, eskubide hau mundu osoan eta gure artean ere. Baina urratzen duten batzuei (ETAkideei) batzuek (ezker abertzaleko askok) fitsik ere ez diete esaten. Eta bada garai odolezko eta beldurrezko gurpil-zoro honetan denok ito ez gaitezen!

icon

MATALAS

2008-10-13

arrazoi duzu AITOR, bada garaia aski da esateko bizitza eskubidea urratzen duten guztiei, bada garaia aski da esateko alderdi sozialista espainiarrari ehunka preso heriotz zigorrera kondenatuak izan direlako, bada garaia PPri aski da esateko euskaldun ugariren heriotzaren arduradun izateagatik, bada garaia PNVri aski da esateko dispertsio hiltzailea bere garaian bere bozkekin aurrera atera zelako eta gaur egun ere beraiek onartutako dispertsio horrek presoen senitarteko eta lagunen bizia astero astero arriskuan jartzen duelako, bada garaia gobernu frantsesari aski da estaeko berak ere dispertsioa erabiltzen bait du euskal presoen senideak heriotz arriskuan jarriaz, bada garaia estatu espainiar eta frantsesari aski da esateko, beraiek nahi izanez gero herri honetako heriotz politiko guztiak desagertuko zirelako... arrazoi duzu AITOR esan dezagun ozenki "Aski da. Utz gaitzazue bakean"

Komentarioa idatzi