Eskuinaren antolaketa hitsak

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2010-11-09 14:20:37

Hauteskundeak hurbiltzen ari direla eta tokiko eskuina antolaketa lanetan ari da. Ez dugu horretaz berri ainitz entzuten, baina hala ere, kazetariek elementu batzuk lortzen dituzte eta eskuinaren helburuak argitzen dizkigute. Kantonalak ez badira zonbait tokitan lehiarako eremu nagusiak, gurean garrantzia hartzen dute, alde batetik eskuinak Pabeko Kontseilu Nagusiko burua eta gehiengoa ez baitu galdu nahi eta bestalde, Ipar Euskal Herrian, emendatzen ari den boza abertzaleari muga emateko premia duelako.

Lehenik zentristak eta UMPkoak elkartu direla inongo arazorik gabe azpimarratzekoa da. Ezkerrak aukera luke Kontseilu Orokorraren nagusia izateko eta horren aurka joateko eskuinak behar diren bideen idekitzeko gaitasuna erakusten du, zentristekin elkartzeko. Helburua, hauteskundeen irabaztea da.

Bestalde, plazaratua izan den UMPren barneko hautaketak elementu batzuk argitzen ditu, Max Brisson tokiko hautetsi nagusi gisa agertzen bada ere. MAMen izena askotan entzun izan dugu azken aste hauetan, lehen ministro izateko aukera zukeela ere errana izan da. Parisen gaindi ibilki baldin bada lanean, ahal bezain lorpen handienak izateko proeiktuetan estatu buruzagien artean, MAMek ez du sekulan ahazten kostalde honetan bere tokia atxiki behar duela. Horrela, seigarren barrutiko ordezkariak hautatu dituztelarik, bere "Le Chęne" elkarteko militante sutsua den Henri Levrero barrutiaren UMPko buruetan kokatu dute.

Elkarte honek Urruņako Ibardin inguruetan harri bat eta haritza bat kokatu zituela, auzapezaren baimenaz, Herriko Etxeko langileen laguntzarekin, MAMen elkarte honen ohoreetan. Alegia MAMek sekulakoak eta bi egiten dituela gure eskualdearen alde!!!!

Hots, Brissonen ondoan ministro anderea ongi kokatua gelditzen da, tokiko UMPren barnean dauden gora beheren jarraitzeko.

Horrez gain, jakiten dugu Poulou diputatuak, arazo batzuk ezagutu zituena aitzineko herrietako hauteskundeetan, UMPren barnean tira biretan ibili zena, UMPko tokiko kideen sostengua lortu duela, bere barrutiko ordezkari izendatu baitute La Semainek azaltzen duen araberan. Ondorioztatzen dugu, Daniel Poulouren eragina handia gelditzen dela eta ministroa andereak beharko duela oraindik berarekin lan egin!

Eskuineko mundu guzti hori, gogoeta lanetan ari den honetan, Parisen alderdi kideak estatu buru dituztela baliatzen ari da han ere kokatzeko. Izan ere, jakin genuen Borotra jauna, senatore ospetsuak, ez zuela senatore lanetan deusik ez egiten. Egina izan zen inkesta batean lan gutxien, alegia, lege proposamen eta komisioetako lanetan ez zuela ia-ia inoiz parte hartzen. Horren estaltzeko,agian, izen berri bat azaldu zaigu senatote aulkiaren hartzeko.

Aldi honetan, Michel Iriarten izena agertu da. Biriatuko auzapez izatetik senatore izatera, hau da jauzi ederra, biziki erakargarria, bere herrian demokrazia hitza ezabatu duen hautetsi honendako. Oposizioko hautetsiek nahiko badute horretaz kondatzeko! Alegia, frantses errepublikarentzat urrats handia bidean hautetsi mota horrekin! Euskalduna, bai, herri elkargoaren buru non euskarak ez duen aitzina egiten!

Panorama nahiko hitsa, aurre egin behar diogu. Eskuina oso antolatua da eta Parisen nagusi. Ez dute karrikan gertatzen dena begiratzen ere. Lurralde honen interesak ez ditu kezkatzen, beren kokapena baizik. Batzuetan "erregionalistak" deitzen gaituzte. Ez garelarik. Ez dugu erregio izaerarik. Bazterreko irudi batzuk lapurtzen dizkigute hauteskundeen bezperan, alegia gure problematikaz jabetzen direla errateko hautesleen aurrean. Barne biltzarretan abertzaletasuna etsai dute, ez baikara erregionalistak, independentistak baizik!


Komentarioak

Komentarioa idatzi