Frantses eredutik alde!
Ixabel Etxeberria
Baionan erretreten erreformaren aurka antolatutako azken manifestaldian -larunbat huntan mobilizazio berri bat dago- berriz ere LAB sindikatuko kideek eta laguntzaileek beste sindikatuengandik jasan behar dugun bazterketaren salatzeko manifestaldiaren ibilbidearen aintzinean kokatu gara, bazterketa horren salatzeko eta interes berdinak, alegia Euskal Herriko langileen interesak, gure interesak, defenditzen ditugula, erakusteko.
Frantses estatuko langileekiko elkartasunean noski. Gure aintzinean abertzale asko pasatzen ikusi ditugu. Norberak bere sindikatuaren hautatzeko eskubide guztiak dituela erran gabe doa, baina bazterketa horren ardura nork duen ez dugu ulertzen, bazterketa hori nork hobesten duen eta sindikata horietan dauden abertzaleek bazterketa horretaz zer dioten jakin nahi genuke.
Beste sindikatak eraginkorragoak omen dira, haatik eragingortasuna kideen kopuruaren emendatzearekin indartzen da! Frantses agintariekin harreman zuzenagoak dituzte. Noski Euskal Herria ezagutzen ez duenez, frantses estatuak ez du Euskal Herriko sindikata bat ezagutuko! Argudioa aski azkarra ote da frantses sindikatuetan jarraitzeko? Garai batean FDSEAn gelditzea erosoagoa zitekeen!!!
Egitura desberdinak sortu dituzte, Euskal Kultur Erakundea, Euskararen Erakunde Publikoa, Seaskako erakasle gehienak funtzionario bihurtu gara, auzapez abertzaleak eta hautetsi abertzale kargudunak daude. Erakunde guzti horien lana zalantzan ematea ez da gaiaren helburua, bakoitzak bere lana betetzen baitu, bere betekizunen araberan, agintzen dioten araberan, eta bere funtzioen barnean. Ez da hemen hori zalantzan ematen.
Azpimarratu behar dena da erakunde horietan administrazio zehatz baten ibilmodea ulertzen dela, eta horren barnean bizitzen ikasten dugula. Frantses Hezkunde Nazionalaren ibilmoldea, programak jarraitzen ditugula, frantses estatuak herrien antolatzeko, kudeatzeko dituen ezaugarrien araberan onartzen direla proiektuak, gure herriaren kudeaketa administrazio horren araberan pentsatzen eta gogoetatzen dela herrietan, zalantzan eman gabe.
Noski frantses administrazioak du dirua banatzen, gure zergetatik hartutako dirua banatzen baitu. Estatu horri, gure dirua bildu duen estatu horri, eskatu behar dizkiogu diru laguntzak eta oraindik duela gutxi prefetak erran duelarik diru publikotik ezin direla eskola pribatuak lagundu. Alegia Seaskak ezin duela herriko etxeetatik dirurik eskuratu ikastola eskola pribatua baita.
Frantses estatuak ez du Euskal Herria ezagutzen, ez du instituziorik sortzen. Zergak biltzeko eta kudeatzeko gaitasuna luken instituzio batek beste gero bat ekarriko lioke gure herriari! Finean estatuak gure dirua hartzen digu, ogi pizar batzuen eskatzera behartzen gaitu eta horrez gain administrazio horren antolaketaren araberan herriaren kudeatzen behartzen gaitu. Ongi zapalduak, menpe, atxikitzen gaitu! Dantonek asmatu zuen « La république, une et indivisible »
Gure herriak beste antolaketak ezagutu ditu, beste kudeaketak ezagutu ditu, kritikoa izateko heldutasun aski badu, frantses administrazioa ez da eredu bakarra, ez eta onena. Estatuko sindikaten, alderdiek ez dituzte Euskal Herriko interesak defenditzen, euskal kultura babesten, askotan baztertzen gaituzte, batzuetan gutxiesten. Frantses estatua kolonialista izan da eta horrela jarraitzen du, espiritu horretan frantses alderdi eta sindikata guztiak ez dira aurrerakoiak.
Gure geroa eraikitzen jarraituko dugu, gure estatua sortzen ari gara, antolaketa eta kudeaketa propioaren izateko gaitasuna eta jakitatea badugu. Euskal Herriko Unibertsitateak eremu guztietako profesionalak sortzen ditu, gazteak munduan zehar igortzen ditu kanpoko esperientziak jasotzera, ikastera, partekatzera. Bide horretan denen indarrak beharrezkoak dira, ez gira aldaketa horri begira gelditu behar, merezi du trena horretan igotzea, gure indarrak hor ematea, gure alde, Euskal Herriaren autodeterminazioa ezagutzen ez dutenak bultzatzen aritzea baino.
Une honetan bakoitzak indarrak non kokatzen dituen zorrozki neurtzea garrantzitsua da. Autodeterminazioa gure eskutik helduko da. Bultzada, hemendik ere, eman behar diogu.
Komentarioak
Miren Sein
2010-10-05
Frantziatik gero eta urrunago, are eta hobeto.
Kolonizatzailearen apurrak ez dira aski zapaldutako herriendako.
















- 