Geroan sinisten dugulako

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2008-10-15 11:09:14

MAM ideia berri batekin heldu zaigu. Izan ere, polizia kopuruaren emendatzeko buxetarik ez duenez (alta, Euskal Herriaren kasuan, nahikoa badela iduritzen zaigu!) boluntarioei tokia egitearen ideia plazaratu du.


Egia da azken asteetan komunikabideek Sarkozy baizik ez dutela aipatzen, leku gutxi utziz beste politikoei, MAM egunkarien azaletan agertzeko ahaleginetan dabil. Ondorioz, ez du proposamen makala aintzinatzen, biztanle arruntari musu truk poliziaren laguntzailea bihurtzea alegia.


Emaitzen hobetzea eskatzen zaie poliziei lanean ari direlaren frogatzeko, erregularki erakusten digute zein baldintza zailak dituzten kuoten betetzeko eta nola depresiotan erortzen diren. Arazoari erantzuteko edo, boluntarioen aterabidea aurkitu du. Erran nahi baitu edozoin pertsonak bere eguneroko bizi arruntean inguruan dituen auzoen zaintzeko ahalmena izanen duela, auzoen kontrola alegia, legearen aitzinean arazoen kudeatzeko ahalmena. Boluntarioak hautatuko du zer arazo mota konpondu behar den auzoan.


Milizianoak heldu zaizkit gogora, poliziaren lanaren errextea baita boluntarioen lana, susmoaren sortzeko helburuarekin eta salaketen bultzatzeko. Boluntario horiek ez dira ezagunak izanen, poliziaren eta haien artekoakorio soila izanen da. Oso garai beltzak heldu zaizkit gogora!


Hogei atxiloketa, etxe miaketa, alderdi baten legez kanpo uztearen nahikeria, hau guztia da Allioten politika Euskal Herrian, Espainako gobernu buruekin sintonian. Brissonen oharra entzun dugu baina beste politikoek ez dute burua agertu. Betiko leloaren gibelean gorderik jarraitu nahi lukete, alegia hemen ez dagoela arazorik.


Aldi honetan, Batasunaren legez kanporatzeko helburuak sor lezake beste tensio berria, kanpotik imposatua eta Parisen neurtzen ez dituzten ondorioak ekarriz. Erantzuna ez baita makala izan eta gobernuak ez baitu parean emateko proiekturik Euskal Herriarentzat, normala den gisan, ez baitu ezagutzen ere.


Pariseri interesatzen zaiona da hemengo biztanlegoaren dirua abiadura handiko trenaren ordaintzeko. Hori lotsarik gabe plazaratu digute, benetako trufa hemengo hautetsientzat, oso zaila izanen baitzaie argudioen aurkitzea boz emaileen aitzinean.


Oso bortitz eta elkarrizketa arruntaren kontra dabiltza. Batasunari buruz ikusi dugu baina Laborantza Ganbararekin hasiak ziren eta jarraitzen dute. Badirudi Espainak erabaki duen praktika honera ekarri nahi dutela.


Egia da hautesle oso tradizionala dela Ipar Euskal Herrikoa baina ez dute ikusten hemen abiatua den lana ez dela atzokoa eta jarraikia izanen dela. Iratzeder joan zaigu eta honera ekarri nahi dut 1938an idatzi zuen olerki baten zatia, geroan sinesten baitzuen, guk, egun sinesten dugun gisan, Euskal Herriaren alde deia luzatzen zuen duela hirurogeita hamar urte.



Gure Euskal-Herria


Ez zaiku, ez, hilen.


Argiak jabaldurik oihan beltz guzia,


Xutik oihu egin dut, atzarriz mendia:


Euskadik izanen du bere iduzkia!


Gure Euskal-Herria


Ez zaiku, ez, hilen!


Geroan


Komentarioak

Komentarioa idatzi