Goruntz!
Ixabel Etxeberria
Abertzaleok ez dugu lan egiten soilik hauteskundeei begira, gure lan eremuak askoz eta zabalagoak dira, kudeatu behar ditugun arazoak ainitzak dira eta denei erantzuten aritu behar gara. Haatik, hauteskundeek balio digute tenperaturaren hartzeko.
Hasteko, abertzaleen arteko elkarlana hautu egokia izan dela errepikatu behar da, gure arteko tira-birak saihestu baitira, herritarren aitzinean gure boza argiagoa izan da, ozenago entzun da. Hau oso importantea da politika gero eta nahasiagoa bihurtzen delarik, krisi motak biderkatzen ari direlarik, aukerak, perspektibak, aterabideak urritzen ari direlarik. Eskuin muturraren aukera normalizatzen ari den unean.
Abertzaletasunak boz bakarra izan du, soro politikoan kide errespetagarria da, entzuten da eta konkurente seritzat hartzen da. Irain gutxiago entzuten da, trufarik ez emaitzak emendatzen baitira.
Aldi honetan ere emaitzak emendatzen dira, lan ona egiten delako, militanteen egin ahalak benetazkoak dira, nahikeriaren froga da eta lan militantea eskertzekoa da, hau gabe ez baikinateke gauden mailan. Abertzaletasunaren indarra militanteak dira.
Indar berezi bat egina izan da Kontseiluaren aldetik hautagaiengana joateko ea euskararen ofizialtasunari buruz zer zioten jakiteko eta horren berri emateko. Euskararen alde agertu dira gehiengo handian, sozialista batzuek hizkuntza ofiziala frantsesa dela gogoratzen bazuten ere.
Euskararen alde eta euskarari ematen zaion diruari begira batzuk pozik ziren Kontseilu Orokorrak hizkuntzari buruz ez zuela gauza handirik egiten ahal azpimarratzen bazuten ere. Euskerari buruz alderdi guztiak urrats baten ematera behartuak dira, hori euskaldunek egiten duten lanari esker lortzen da. Hau da oinarrizko lan ildo bat, hor tinko eta jarraikiak izan behar gara ofizialtasuna lortu arte.
Emaitzak hurbilagotik begiratzen badugu Iholdiko kantonamenduan Olzomendiren emaitzak onak dira, Caset ez delarik lehen aldian pasatzen. Juliette Bergouignanen emaitzak ere onak dira eta bigarrena izanki abertzaletasunak Hazparneko kantonamenduan irudia azkartzen du.
Angeluzainen hautuak ez du konbentzitu. Hautesleek ez dute seguruenik EAJrekiko lotura ulertu. Hegoaldean gertatzen ari diren aldaketek eragina dute militante eta boz emaileen artean, gaur egun ematen diren urrats berrietan EAJren jarrera ez da ulertzen, hemen ere ez.
Nolazbait bake prozesuari buruz EAJren jarrera zigortua izan dela erran daiteke. Gisa guztiz kostaldea eremu zaila da oraindik abertzaleentzat. Miarritze-Angelu-Baiona ongi aztertu behar den eremua da, herritarrekiko hurbiltze lana beharrezkoa da. Ez da amore eman behar, kultur lana jarraitu behar da, gure proiektu politikoari oihartzun handiagoa eman beharko zaio.
Maite Etcheverryk emaitza polita lortzen du Baionan eremua ez delarik batere errexa. Bukatzeko eta kantonamendu guztiak ez badira hemen zorrozki aipatzen hautagai guztiei goresmenak igorri behar ditugu egindako lan zintzoarengatik. Hautagaiak eskertu eta lanean aritu diren guztiak. "Abertzale " hitza gero eta hobeki ahozkatzen dute kazetariek! Aitzina goaz, emaitzak hobetzen ditugu baina lan asko gelditzen zaigu. EH Bai hautu ona dela frogatua da, aukerak ditugu kontseilari abertzaleak lortzeko. Kostaldea jorratzeko gelditzen da oraindik, gure proiektuarekin herritarrak konbentzitu behar ditugu. Urratsez urrats, lortuko dugu.
Komentarioak
TXOTX
2011-03-24
EH Bai hautu ona da,ados naiz.Bainan zer bilakatzen da Abertzaleen arteko elkarlana hauteskunderik ez delarik?Hauteskundeentzat kantonamenduetan dinamika interesgarriak sortu dira,eta gero zer?Heldu diren hauteskundeetan bakarrik berriz bilduko gira?Eta anartean zer?EH Bai koalizioa ez dakigu ere heldu diren hauteskundeetan presente izanen den!!!!Ongi ulertzen badut abertzaleen arteko elkarlanak 3 hilabeteko bizia du bozka denboretan bakarrik!!
Hauteskunde garaietan bakarrik Abertzaleen arteko elkarlana goraipatzea eta hortaz harrotzea ez da batere hori aterabidea.
Gure elkarlanak urtean egun guziz presente izan behar du!!
Bainan hori lortzeko gure helburuak berdinak izan behar dira.Aupa antola gaitezen!GORA HERRIA!
Bozak goruntz badoazte ados bainan Euskal Herria,Euskara, azkarrago beheruntz.
erne
2011-03-26
bai nik ulertu dudanez gure ixiltasunak PS ari laguntzen dio.
Herriak ez digu barkatuko!LGV egiten baldin bada horiekin izango da,nik holakorik ez dut onartzen, herriak ere ez,salbu erosiak diren edo urrun bizi diren inutil batzuek baizik.
Ez dut erranen zentristak hobeak direnik,ez baina hor baginuen PS ari lezio bat emaiteko parada.
Dena dela berritzere gure urtetako borroka ta lana pikutara doha,hori gure haurrek ez digute barkatuko.
















- 