Gurearen hedatzeko!

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2008-07-25 13:31:34

Biztanlegoak gogoa oporretan duelarik, uda garai hoberena izaten da ondoriorik jasan gabe legeen pasarazteko. Gobernu honek ez du deus berririk asmatu eta usaiak errespetatu ditu. Honela frantses konstituzioaren erreforma lortu du, oinarrizko aldaketarik egin gabe, presidentearen poderea indartuz eta itsurazko aldaketak eginez plantan eman zuen mugimendu mediatiko guztia justifikatzeko.



Manipulazioan presidentea aditu handia denez, oposizioan beste krisialdia sortu du Mitterranden garaiko figura dirdiratsua den Jack Lang tranpan erororrazaziz. Horiek oro presidentearen joko maltzur klasikoak, gure baitan ondorio zuzenak diztuztena. Hizkuntz gutxituei mespretsu argia erakutsi baitute, gehien bat senatoreek. Frantsesa lehenik erraten zidan adin handiko senatore batek zer bozkatu eta zergatik eskatzen niolarik. Zergatik ez latina ? zioen. Zenbat bide egin behar den hain progresistak diren frantses politikariekin!


Noski Ipar Euskal Herrikoak ez dira hobeak, ez ditugu entzun erreforma horretaz hitz egiten, diputatuen artean presioa eta beldurra hedatu baitzuten erreformaren alde bozkatzeko. Hala atera zaie, boz batez pasa da eta parlamentuko presidentea bozkatu duelarik, sekulan gertatzen ez den bezala. Behar izanez gero egokitu behar baita.


Hizkuntz gutxituen ondotik, lanaren inguruko lege aldaketak heldu dira. Nagusientzat iraultza dakarte, nagusien aldeko legeak hamarkadetan eskatuak bozkatu dituzte, lan astea hiruroei orduetara eramaten dutenak ere. Eta segurantza sozialaren aldaketa, langabeziaren inguruko neurriak eta elkartasuneko diru laguntza aktiboaren gelditzea. Hau guztia uda honetan etorri da. Sindikatak eta alderdi politikoak non dauden ez dakigula. Gerla ondoko Erresistentziako nazio kontseiluak lortutako akordioa botatzen ari dira, espero zitekeen erreakziorik gabe. Medefeko arduradunak harrituak izango dira. Hain urrun joan eta oztoporik ez! Eskuin muturra desagertu dela?


Ihardokitze mugimenduen zaintzeko, azken urteetan hogeita hamazazpi fitxero osatu dituzte. Batean, Frantziatik kanpo sortu den oro kokatua dago, zertarako ote? Hortefeux ministroak pentsatua dituen kanporatze koteekin lotuz, sorgin ehizak gero dotorea duke.


Eta euskaldunak? Ipar Euskal Herritik kanporatzen direnak justiziarekin, duela aspaldi, izandako arazo batengatik, Euskal Herri batetik bestera ibiltzeko eskubiderik ez daukatenak, babesik ez daukatenak? Prentsan ez dira aipatzen. Babes instituzionala behar dugu, gure eskubideak bermatuak izan daitezen. Hizkuntz eskubideak noski, baita ere ezagutza politikoa euskalduna berez susmagarria izan ez dadin bere nortasunaren alde lan egiten duelarik.


Azken asteek laguntza kanpotik ez dela jaliko erakutsi digute. Prentsa oinarrizko tresna dugu gure izaitearen aipatzeko, gure errealitatearen kondatzeko, besteekin ideien trukatzeko, gure bazter guztiei leku baten egiteko. Ongi etorria kazeta.info!


Komentarioak

Komentarioa idatzi