Han eta hemen, Parise entzungor

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-02-18 14:28:45

Konzertazioa, elkarrizketa. Horiek dira elkarteetan, herriko etxeetan, agintariekin gure etorkizuna zalantzan ematen delarik, eskatzen duguna. Hau baita askotan falta izaten dena, eta pixkanaka larritzen ari dena.

Dagoeneko, Kostalde Hegoaldeko Herrien arteko Elkargoa sortu zutelarik, hautaketaren printzipioa eta oposizioaren baztertzea salatu genuen. Hautetsiak ohartu ziren, baina Parisetik etortzen zen antolaketaren manua eta batzuei arras ongi heldu zitzaiela eta, denek onartu zuten, beren aulkiak hartzen hasi ziren.

Gerozki pozik eta elkartzen dira alaiki inongo kezkarik gabe demokrazia eskas horren eramaile izatean. Parisen erabakitako erreformak ederki aplikatzen dituzte hemen, hau da demokraziaren bahiketa etengabea.

Berriz ere, erabakia gainetik heldu. Lehenik hemego hautetsiek zalatzan eman zuzten AHTaren eraikitzearen posibilitatea. Batzuek ezadostasuna erakutsi zuten bertako kutxek faktura ordaindu beharko zutela jakin zutelarik. Auziaz ezer gutxi filtratzen zen, ez genekien zer gertatuko zen hemen.

Hegoaldetik heldu ziren berriek AHTren obrak hasiak zirela zioten, lur jabeen iritzien gainetik pasatuz, herrien ondatzeak ekarriz. Hemengoaz deus. Azken asteek egoera aldatu dute. Alliot-Marie ren ikuspuntua entzun genuen asteburu oso batez, non AHTren aurka zegoela azpimarratzen zuen, bide berriaren aurrekontua sobera garestia aterako zela denbora irabaziarekin parekatuz. Ia AHTren proiektua abandonatua ikusten genuen ! Batere! Aste bat berantago kostaldeko auzapez guztiak prefetak bildu zituen AHTren eremua hautatua zela jakinarazteko. Barne ministroak biltzar horren berri zukeen, baina ez zukeen tokiko hautesleen aintzinean horrekin bat egiten zuela erakutsi nahi.

Hau da hemen ikusten duguna eta frogatzen duguna, alegia gobernu honek agintea indartu duela, erreformetan podereen konzentrazioa ere parte bat zela.

Egin molde horren ondorioz, berri larriak heldu zaizkigu Guadalupetik. Hilabetea daramate greba orokorrean. Pariseko lehen erantzuna militar gehiago bertaratzea izan da. Jasaten duten arraziamoaz gain, produktuen prezioa eta hilabetesarien maila zuten salatzen lehen egunetik. Egoera usteltzen uztea nahiago izan dute, gazteen artean langabeziaren kopurua %50a gainditzen duela eta gainerateko herritarrentzat %20etik behera ez dela jausten agintari guztiek dakitelarik. Prezioak hemengoekin parekatuz , kasu batzuetan lau aldiz garestiagoak dira, oinarrizko elikagaietan ere.

Greba orokorra bizi egoera larrian oinarritua. Oso jende gutxik agintzen du Guadalupen, ez baitezpada esklabuen ondorengoak, esklabuen ondorengoak hilabete sari txikienekin bizi dira, Parisetik urrun, protestatzen dutelarik entzuten ez direnak. Arrazismoa pairatzen dutela salatzen dute, abolizioaren 160 urte berantago, xuri eta beltzen arteko harreman berria eskatzen dute. Xuriak esklabuen lanari esker aberastu direla oroitarazten dute.

Hilabete iragan da Parisek erreakzioa ukan dezaten. Baina tarte horretan hil bat gertatu da. Hau seguraski aitzakia izanen da elkarrizketen mugatzeko, beldurraren hedatzeko. Kanakia heldu zait gogora. Orduan ere, kanakiarrek protestak hasi zituztelarik, Parise entzungor gelditu zen, orduko bertako RPRa sostengatu zuen eta mugimendua zapaldua izan zen.

Badirudi frantses kolonialismoak osasun bete betean darraiela. Frantziak benetazko arazoa dauka koloreekin eta desberdintasunarekin, bere burua xuri, frantsesdun eta zentralista horretatik ez da mugitzen.

Insurrekzio itxura du Guadalupeko oldartzea, betiko jarrera heldu da Parisetik, mespretsua. Sarkozyren gobernua gero eta agerian uzten du konzertazio, elkarrizketa ez dela bere egiteko manera, zapalpeta nahiago duela.


Komentarioak

Komentarioa idatzi