Hau da unea!

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2010-01-04 13:48:24

Milaka jende presoen alde oihu egiteko. Milaka jende sakabanaketaren salatzeko. Elkartze erraldoia izan da Bilboko karriketan, zazpi herrialdeetatik etorritako euskal herritarrak, estatuetako presondegietan preso dauzkaten gizon emazteak herri honen parte kuttuna direla errateko. Preso asko dira, denak desberdinak, bakoitza mundu bat, herri honen aberastasuna direnak. Asmatuko dituzte nahi dituzten irainak, baina presoak herri honen partaide dira eta herri honen geroan sinesten dutelako daude estatu bien atzaparretan.

Jasaten dutena merezi dutenik ez dugu sinesten, zigorrak, epaien erabakitzeko unean bi estatuen justiziek neurri guztiak gainditu baitituzte. Benetako deliturik ez dagoelarik ere zigortzen dituzte. Ezin sinetsia ematen du, alta egia da, horren errealitatea familia ugaritan ezagutzen dute.

Estatuak, zigor bakoitzarekin, legitimitatea galtzen joaten dira, zilegitasuna galdu dute, baina min egiteko gaitasuna handia dute. Horretaz jabetzen gara. Epaileak aldatzen dira, ministroak ere, baina euskaldunekiko jarrera gogortzen dute. Parisek, eskuin muturrari mesede egiten dion bezala, Frankismoaren garaikoa baino gogorragoa den politika daraman Madrilgo sozialista omen den Gobernuari men egiten dio, eta militante politikoen aurka politika gogortzea bultzatzen du.

Urte berria, esperantza berria. Aterabidea atzemateko indar handiagoa eginen dugunaren esperantza. Elkarrekin, abertzale guztiak elkarrekin lan egiteko, norabide komunaren finkatzeko abilezia izanen dugunaren esperantza. Ea lortzen dugun, ea gogoa zabaltzen eta argitzen zaigun, denborarik galdu gabe, ondoko manifestaldiak erraldoiagoak izan daitezen.

Izan ere, ez ezagun bat gelditzen da oraindik, EAJren jokoa alegia. Noski errazagoa izaten da ematen diren urratsen emaitzen goaitatzea eta azken momentuan gurdira igotzea gaztainen biltzeko. Baina, hau ez da herri menperatzailea, hau da bere geroa arriskutan daukan herria, denen nahikeria eta borondatea behar duena geldi une honekin bukatzeko.

EAJk hemen egin dituen hautuek erakutsi digute kanpokoekiko lotura, UMPrekikoek, UDFekikoek lehentasuna izan dutela. Honekin uler daiteke bakarrik menpekotasunaren hautua dela, EAJk ez duela herri honen heldutasunaren baitan sinesten, herri honek aske bizitzea ez duela merezi. Hau al da EAJko militanteek nahi dutena? Ez al dute erraten independentistak direla? Hala noizko uzten al dute herri honen askatasun bidearen hartzeko erabakia? Hau da garaia, hau da ausarta izateko une aproposa.

Denen partaidetza beharrezkoa da, urte honen hastapen honen helburua da. Denen artean aurkituko dugu bidea.

Jon gurekin izanen dugu non dagoen jakin arte ez baitugu bakerik izango, berak emandako urratsek honaino iristen lagundu baikaituzte. Egindako galderei Parisek erantzun behar du, herri heldua gara, ihesbideak, ele eta itxura eleganteek ez gaituzte asetzen, zor zaiguna, egia, lortuko dugu.

Altxa gaitezen denak, lana badago eta. Urte berri on!


Komentarioak

Komentarioa idatzi