Herri hau ospatuko dugu!

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2008-12-09 12:36:25

Apainketa ziztrinez estali dizkigute herriak eta karrikak. Jo ta ke ari zaizkigu papanoela sakatzen ea Olentzero ahanzten dugun. Ez dute eremu zatirik askatua uzten euskaltasun itxurarik zukeen ideia eta irudien ezartzeko. Hau da frantsestasun sano, demokratiko eta idekia! Eta errepikatzen digute: « egin frantsesez, ez daki euskaraz! ».

Ez dago pausa unerik, alta gure maneran, oztopo guztien gainetik ospatuko dugu bukatzen ari zaigun urtea. Lehenik Prud'hommes-eko emaitzak ospatuko ditugu, hautetsi bakar batetik lau izatera pasatu baikara. Zalantzan eman ziren urratsak ezagutza zabala lortzen dute.

Herriko Etxeetan kontaketa uneak euskaraz iragan dira ere, eta batzuk oroitu dira euskaldunak zirela. Agian, ondoko kanpainarako frantses sindikatek komunikazio elebiduna bultzatuko dute, nork daki? Kezkagarria gertatzen da dena den hain jende gutxi bozkatzera joana izatea krisi larri honen hastapenean. Ospatuko dugu, LABek hastapenetik lan ona egin baitu.

Ez dugu noski presoen kopurua ospatuko, Algeriako gerlatik honera estatu honetan ez da inoiz horrenbeste preso politikorik izan, eta frantses epaitegietan ez da sekulan hain zigor jasangaitzik erabaki. Torturapean lapurtutako adierazpenak Lorentxa hogeita hamar urte pasako zigorra ekarri dio. Epaileek tortura hobestu dute.


Herrietako hauteskundeetan lortutako emaitzak ospatuko ditugu, besteak beste MAMen herrian emaitzen kopuruaren emendatzea, Espainarekin abertzaletasunaren aurkako politika prestatzen zuen unean.


Eta Euskal Herria Bai taldearen sortzea, abertzaleen arteko lokarriak indartzeko nahikeria praktikara eraman zuen urratsa, bizi luzea opa diezaiogun. Baina ez dugu ahantziko Udalbiltza sortu genuela eta egitura horretan lan egiteagatik, Udalbiltza eta Udalbideren gainetik, hautetsi eta elkarteko langileak preso eramanen dituztela.


Euskara ospatuko BECen, milaka jende elkartuz eguneroko lana goraipatuz eta berotasun horrekin beste urte batentzat itzuliko gara beste horrenbeste edo gehiago egiteko prest.


Ipar Euskal Herriko bertsolarien finala ospatuko dugu, nahiz eta Lapurdiko itxura izan, oholtza gainean publikoan bezala sekulako poza sentitu baitzen, hor gainean sentitzen dena bertsolariak bakarrik jakin baldin badaki ere.


Abenduaren 14an Kanbora joanen gara presoen sostengatzeko, gaur egun euskal presoa izatea gero eta baldintza larriagotan bizitzea baita, gure sostengua behar baitute eta herri honen ospatzeko aukera izanen baita.


Eta ez dugu Jean Marc Rouillan ahantziko, Frantziak ez baititu bizi guztirako presondegi zigorrak aipatzen, baina kasu horretan praktikara eraman nahi luke. Eta kondena bikoiztua duten euskaldunekin, internetetik, horretatik ere pasatzen baita elkartasuna, gure geroa ospatuko dugu, gure eskuetan baita.


Ez dugu frantses justiziak erabakitako Poporen heriotza ospatuko, non dagoen bilatzen jarraituko dugu, herri honek eskaintzen diguna ospatuko dugu, utzi gaituztenak gogoan izanen ditugu, gu heldu aurretik herri honen alde aritu zirenak, kateari helduz, kateen hausteko.


Herri hau ospatuko dugu Santurtzitik Maulera, maitasunez eta plazerrez!


Komentarioak

icon

alberto azkain

2008-12-10

Kaixo Familia, Moxus desde el Karibe.

Komentarioa idatzi