Ihardokitze antolatua helmuga

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-04-09 12:54:36

Aita Santuak eskuin muturrarekiko duen sinpatiak aktualitatean dugu testu baten bitartez. Eskuin muturreko ideiak nagusitzen ari dira modernoa eta aitzinatu gisa erakusten duten Europa honetan agintarien artean.


Autoritarismoak, poderetsuen eskubide zabalduak, gobernuetatik bultzatzen diren lege errepresiboek haien konkretizazioak dituzte gure herrietan. Bordele hirian autoritarismoaren, poliziaren eta epaitegien bitartez arazo sozialen konpontzeko politikari aurre egiteko komisioa sortu dute « hiritar-justizia-polizia ».


Poliziaren aldetik atxiloketak, umilizioak, sistematizazio batean sartzen ari direla, seguritatea eskaini behar luketen gorputz batzuengatik kezkaturik, talde honek gehiegikerien kontuen eramatea erabaki du. Urrats baikorra eta lagungarri poliziari oroitarazteko herritarren zerbitzurako dagoela.


Galdera da, gaur egun poliziari eskatzen zaion kuoten garaian eta konfliktoen aurrean podereak ukatzen duen eta erantzun guztien kriminalizazioaren aurrean noren alde eginen duen poliziak? Noren zerbitzurako ari den galdezkatzen badugu, zer izanen da erantzuna? Orai arte barne ministroaren aginduei lehial eta zintzo erantzun ohi du eta...


Askatasun publikoen urraketa zabaltzen ari da, abertzaleok aspalditik jasaten ari garen egoera.Gaur egun justizak agintzen dituen presondegi zigorren handitzea ari gara ikusten euskal presoen inguruan. Urrats arruntak direla ematen du, estatuari aurre egiten dioten militanteekin, gizarteak gogortze horiek onartzen baditu, gogoeta sakonak gero eta beharrezkoak izango dira, askatasun urratzeak, poliziaren ausardia gero eta egunerokoak bihurtzen eta bihurtuko direla dirudi. Ez gara tranpan erori beharko, aurre egiteko ideiarik gabe behintzat.


Barne ministroa aipatzen dugula eta, pribatuan erran omen zuen Laborantza Ganbararen alde zegoela, departamenduaren eskakizunarekin ez bazen lotzen. Badirudi eskaerak ez dukeela erantzun egokirik jaso! Izan ere, barne ministeritzarekin deus ikustekorik ez omen duen estatuaren ordezkariak Laborantza Ganbararen aurkako auziak emandako erantzunaren ondotik, dei egitea erabaki du.


Esperantza hil nahi dute. Krisia dela eta bankuen jokoa egitea erabaki dute. Eskudo fiskala babesten da langabetuen kopurua emendatzen delarik. Autogintza babesten da, baina auto elektrikoa ekoizten duen enpresa ez da lagundu nahi. Kasu guztietan langileek enpresa buruei erantzunkizuna eskatzen badiete, bulegoetan blokatuak atxikitzen direlarik, legea jartzen da aurrean. Eta hau izanen da mehatxua: zure interesak defendatzen badituzue legearekin erantzunen dugu eta gaurko legeekin tresna aski ez bada protesten gelditzeko, beste batzuk sortuko dira.


Ez dira negoziaketen garaiak, elkarrizketa baztertua da eta herritarren aurre egitea ez da onartuko. Ahalegin handiak egiten ari dira informazioaren kontrolatzeko,(lau kazetari komisaldegira deituak berriz ere), badakite jendea beldurtzen hasia dela egoera orokorraren ondorioak sufritzen hasia baita. Poderea ez da prest herritarren erantzuna onartzeko. EHLGren bitartez, ihardokitze antolatua da helmuga une honetan, hau baita estatuarentzat zailena hausten.


Komentarioak

Komentarioa idatzi