Indartu eta jarraitu

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-12-15 19:14:33

Uste dut dena errana eta idatzia izan dela bertsolariek egin duten balentriaz, eskaini digutenaz. Egun handia, indarra eman diguna eguneroko lanean jarraitzeko, euskaratik eta euskaraz.

Euskal Herria libro hain gora aipatua entzuteak ozka bat gehiago igotzen laguntzen gaitu eta hor areagotutako sua zaintzen ahaleginduko gara. Lanaren emaitza dela erran digute, gu ere garen tokian horrela ibiltzen saiatuko gara, nahiz eta maila horretara heltzea ez den deneri emana.

Berdin dio ahalegintzea da garrantzitsuena eta erakustaldiak oso gora joan gaitezkeela plazaratu du, umiltasunez oso gora. Milesker denei eta milesker Maialen, hain handia eta herri honen kezketatik hain hurbil. Ziburuko kolegioan eskaini zeniguna ez dugu ahantzia.

Eta Sustrai, herrikidea, han ginen ordezkari bikaina sustengatzeko, loriatu gara zu entzutean. Hirugarren finala, Urruņako haurren erdiak baino gehiagok harremana badu euskararekin, ez bada ikastolan, elebidunean. Hor dugu harrobia, zure eredua jarraitzeko prest, eredu bikaina. Herriko kultur arduraduna ez da ohartzen zure ahaleginaz, ez da euskalduna eta euskal kulturaz axola gutxi dauka, Hazia elkartean lanean ari zaretenek ulertu duzuen bezala. Zenbat lan diru apur baten lortzeko!

Esperantza izan behar dugu gure herri guztietan euskal kulturaren munduan egiten den lan bikainaz
herritarrak ohartuko direla eta ezagutza lortuko dela. Lapurdiko hegoaldeko herri elkargoak kulturarentzat diru zama ederra badu, ea zati bat doan bertsolaritzari eta herriak euskal kulturak biziarazteko egiten dituen ekintzetara, Ametsen eta zure lanaren ezagutza litzateke ere.

Bizi izan dugu une zoragarri horretatik, gaur goizeko epaiketa aipamenetara, errealitate gordinetara pasa gara. Garaia da herri honek epaiketa baten irabazten ikusteko zion bertsolariak. Egunkariako kideak Madrilen ditugu eta Laborantza Ganbara epaiketaren zai. Negoziatzen aritu omen dira.Zer negoziatzen ote du frantses estatuak hemen? Nahiago gaituzte preso. Ez dute beste irudimenik indarrarena baino. Eta gero eta bortitzagoa izanen da AHTren inposaketarekin.

Hau da errealitatea, guri dagokigu irudimena lantzea gurearen eraikitzeko. Egunkaria euskaldun guztiena zen, euskararengatik zigortu zuten eta euskararen alde ari zirelako zigortu nahi dituzte.

Zergatik ez debekatu Euskaltzaindia, agian Euskal Herria goraipatu duen bertsolariari euskaltzainburuak saria eman diolako Asociacion de Victimas del Terrorismo-koak irainduak sentituko dira?

Egin, Egin Irratia itzali zizkiguten, Egunkaria, baina jarraitzen dugu, xinaurri lana ez da gelditu. Indarren hartzera joan ginen BECera, emozioz beteak itzuli gara.

Bilbora joanen gara, euskaraz bizitzeko euskaldunen eskubidea baita, herri hau euskararen herria da, euskara desagertzeko arriskutan da oraindik, gure hizkuntza biziarazteko lanean aritu direnen zigortzea diktaduren garaiko jokaera politikoen mailakoa da.


Komentarioak

Komentarioa idatzi