Jon gogoan, lehen itzulia

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2010-03-15 01:57:30

Asteburu honetan abertzaleak irauliak sentitu dira Jon Anzaren gorpua aurkitua izan zela jakitean. Irauliak frantses prokuradorearen hitzak ezagutzean. Estatu batek militanteen isilarazteko noraino joateko gai denaren froga izan dugu. Demokraziaren legeak maila horretaraino urratu direlarik, hain giro bortitzean, nola sinetsi abertzaleen mezua, abertzaleen aldarrikapenari tokia egin lezaketeela, agintariak itsuki abertzaleen kontra jotzeko gai direlarik. Hau da gure egoera, hau da aurrean dugun panorama politika egiten ari garelarik.


Abertzaleentat politika egitea eguneroko lana da eta emaitzak ez dira aipatzen prentsa handiko kateetan baina emaitzak hor daudela nabari da.


EH Bai koalizioaren alde egin dugu, ez zen hautu errexa, hautesleen artean bozkatzeko manerak konfusioa sortzen baitzuen, boz paperaren atxematea ez baitzen errexa. Haatik bozak kontatu eta, lehen emaitzen ondotik ageri da militanteek beren iritzia erakutsi nahi izan dutela, abertzaleak hor daudela, lan egiten jarraituko dutela diote.


Heldu diren hitz orduak zorrozki prestatu beharko ditugula erakusten digu emaitzak, proiektuak landu eta esplikatu. Ondoko hauteskundeetan boz kopuruak garrantzitsua izanen dira eta abertzaleen arteko lotura beharrezkoak, abertzaletasunaren eragina hedatzeko, neurri handiagoan arduren hartzeko.


Ondoko hilabeteetan hauteskunde horien ondorio zuzenak izanen ditugu AHTren inguruko erabakiekin. Izan ere, Akitaniako lehen indarrak, alderdi sozialistak, argiki adierazi zuen AHTren alde zegoela. Ondorioz borroka horretan tokiko elkarteek mobilizatzen jarraitu beharko dute AHT gelditzeko.


EAJ poz pozik ikusi dugu lortu dituen emaitzak jakin ondoren, boz kopurua emendatzen joaten baitzaizkio. Euskaltasuna, euskalzaletasuna politikan agertzen ari da. EAJk boz horiez egiten duen interpretazioa entzun beharko dugu, EAJren Ipar Euskal Herrian dituen proiektuak, orai arte izan duen norabidea aldatuko duen, tokiko eskuinarekin eraman duen elkar lana jarraituko duen edo bakarkako bide hori jorratzen jarraituko duen jakiteko.


Batera plataformak galdera egokitu ondoren, abertzaleak bateratzen lortu zuen, tokiko instituzio bati buruz kontsulta baten egiteko aukera tokiko elkarteek eraiki dute. Kontsultak interesa piztu du eta emaitzak hor dira, gehiengo handiak baietza eman du. AHTren kasuan gauza bera gertatzen da, antolatua izan den herrietan jendeak dio AHTa ez duela nahi. Hau da espresio demokratikoa. Horren gainetik pasako al dira? Demokraziak balio al du soilik podereak erabakitako emaitza ateratzen delarik?


Zonbait herritan Bateraren kontsulta datorren asteburuan iraganen da. Urruņan zonbait protesta izan dira AHTri buruz kontsulta egiten zelako. Prefetak erreakzionatu du eta Urruņako hautetsiengana jo du. Aukera paregabea litzateke prefetarentzat datorren igandeko bateraren kontsultaren debekatzeko !


Komentarioak

Komentarioa idatzi