Justizia merezi dugulako

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-03-05 15:32:14

Askotan Kortsikako hauteskundeetaz trufatu da, hilak ere bozkatzera joaten baitziren. Perpignango hauteskundeak ere nahiko bereziak izan ziren, hautagaien papeletak galtzerdietan gordetu baitzituzten, kontaketa egiterakoan, azken momentuan, UMPko hautagaiaren alde papeleta horien trukatzeko tranpa prestatu zutelarik. Aldi horretan harrapatuak izan ziren!  

Aldi honetan 95 eta 97ko Pariseko Herriko Etxeko hauteskundeak dira auzitan, Tiberi 5garren auzoko hautagaia zelarik, auzo horretan boto emaile berriak agertu ziren, herritar berriak, etxe berean bizi zirenak.

Iruzur antolatua izan zen, Herriko Etxeko langile batzuen laguntzarekin estalia izan zena, goi mailako politikarien babesarekin, besteak beste Chirac-ena. Alta, urtetan Tiberi familiari ez zaio deus gertatu, alderantziz iruzur horretaz baliatu da. Gaur epaitegian daude eta iruzurra agerian gelditu da, zigorra eskatua. Denbora horretan Tiberi Pariseko auzapeza izan da eta zigorrak ez du podere gune horretatik bideratu duen politika berrikustea eskatuko.

Iruzurrak ekarri zuen politika legitimazio guztia izan du hamarkada osoan. Zigorra, urte bateko presondegi zigorra, preso egon gabe eta bost urtez hautetsi izateko debekua, hau da epaitegiak eskatzen duena. Hauteskundeen bidezko golpea nahiko arinki zigortzen dela erran daiteke, hautetsi izateko debekua saihes daitekeelako!

Ondoko epaitegian, Yvan Colonnaren defentsa auzi zail baten aurrean borrokatzen ari da. Duela bi urte bizi guztirako presondegi zigorra betetzera kondenatu zuten, Erignac prefetaren hiltzeagatik. Lau urte lehenago prefeta hil zuen taldea kondenatua izan zen, baina Colonnaren aurkako bilaketa martxan emana izan zen, bera ere partaide izan zelakoan.

Azken urteetan Colonnak, bere ingurukoek bezala leporatzen zaiona ukatzen dute, horren baieztatzeko frogarik ez dagoela erranez. Bigarren auzi honetan elementu berriak agertu dira, lekuko gehiago etorri dira akusazioaren teoria zalantza eman dutenak. Baina, estadoaren aurkako atentatua izan dena, kortsikaren aldeko militantearen zigorra eskatzen du. Itxura guztien arabera, Yvan Colonna, estadoek eta beren epaileek ez baitute sekulan zalantzarik, bizi guztirako preso egotera kondenatuko dute. Frogarik ez bada ere !  

Justiziaren aurrean denek aukera berak omen ditugu. Garbi da goi mailako politikarien laguntza paregabeko babesa dela! Tiberi Frantziako estatuko egituraren partea da, Colonnak militante soila izanki estado hori zalantzan eman du bere herria zapaldua delako, frogarik gabe hilketa batengatik kondenatuko dute. Bi pertsona horiek aurrean justiziak irakurketa desberdinak egiten ditu.

Guadalupen, zazpi asteko greba orokorraren ondoren MEDEFak hilabete sari igoerak gogoetatzen dituela diote. Bertan, herritarren %80 zapaldua bizitzen aspertu da, alegia kolonialista den politika baten biktimak izateaz, miseriaz.

Hogei ta bat garren mendean, hemeretzigarren estadoaren gobernatzeko irizpideak xutik daude. Guadalupeko prefetak lehen mehatsuak bota ditu greba orokorra bertan behera utzi behar zela negoziaketak bukatuak baitziren erran duelarik.

Guadalupeko oldartzea ederki eramana izan da, Parisek egoera usteltzen utzi du eta horren ondorioz sindikalista batek, Jacques Binok bizia galdu du. Istripua ematen du, ez diote gertakariari merezi zuen neurria eskaini. Ez diote Erignac prefetaren hilketaren neurria eman. Alta, herri oso bat biltzen duen mugimendu baten ordezkaria zen. Hemen ere justiziak ez du irakurketa bera eginen.

Seaskaren berrogeigarren urte muga. Gu ez garela kolonizatuak diote, estatu horretako parte bat garela. Baina, estado honek ez du nire hizkuntza babesten, estadoa nire nortasuna desagertzeko lanetan dabil eta sinestarazten dit xintxo ibili behar dudala diru laguntzak nahi baditut, abertzale eremuak bazterrean utzi behar ditudala prefetari eskua emateko.

Eta antolatzen banaiz nire geroaren eraikitzeko epaitegiaren mehatsua berriz, han ere estadoaren hizkuntzan. Demokrazia baita estadoak niretzat erabakitzen duena egitea, imposatutako nortasunaz janztea. Ezinezkoa. Ondorioz, estadoak ez du justiziarik niretzat.

Beste garai bateko irizpideekin hautsi behar da. Bertan instituzioa behar dugu, justizia merezi dugulako. Aspalditik herri honetan aitzinatu zen autonomia proposamena mahai gainean dago. Estatuak ogi purruxka igortzen dizkigu, gure nortasunaz paso egin dezagun.

Herritarrak konbentzitu behar ditugu gure proiektuak merezi duela, euskaldun izatea, euskaldun izaten jarraitzea aberastasuna dela denetzat. Eta hau podere politikoa lortuz posible izango da.


Komentarioak

Komentarioa idatzi