Kakofonia
Ixabel Etxeberria
Negoziaketa luze batzuen ondoren, militante abertzaleek eta sensibilitate horretan beren burua ezagutzen duten jendeen iritziak kontutan hartuz, Ipar Euskal Herrian politikan diharduten hiru alderdik datozen hauteskundeetan elkarrekin joatea erabaki zuten. Eraginkortasunaren izenean, biltzearen aukera hobestu zuten hiruek. Militante asko poztu ziren, prest zeuden kanpainari aurre egiteko, EH Bai-en alde lan egiteko.
Baina, hemen politikan elkarrekin lan egiteko zailtasunak hor daude oraindik. Eskuinak, Pauen agintearen atxikitzeko helburu garbia daukatela eta, berehala UMP eta Modem elkartu dira eta boz bakar batez prestatzen dituzte hauteskundeak. Abertzaleentzat bereizirik joatea emankorragoa dela ematen du. Agian abertzaletasunak aldarrikapen arrunt desberdinak dauzka, ondorioz akordiorik lortzea eta entsu berean gurdiaren tiratzea ezinezkoa dela uste dugu !
Usteak erdi ustel. Eskuinak ederki ikusi du aukera ez duela huts egin behar, eta milioi bat euro aurkitu ditu, euskararen alde. Euskara denena da eta noski jendarteko esparru zabal batek babesten du hizkuntza, hau da bozendako harrobi ona, eskuinari falta zaion boz kopuruaren lortzeko, Pauen agintzen jarraitzeko. Ezin baita erran eskuinak euskararen alde ez duela deus egiten!
Alta, gertakariak hurbiletik jarraitzen duenarentzat, Xarles Bidegain euskalzainak ederki azaldu zuen, hau hizkuntzalari ospetsua delarik, gaia ederki ezagutzen duelarik eta mediatizaziorik bilatu gabe, soilik errealitate bati, hizkuntzarena, erreparatuz, ofizialtasuna aldarrikatu zuen euskararen salbatzeko. Aldarrikapen hau saihesten dute, hemen eta Parisen.
Hala eta guztiz ere, denak elkarrekin ofizialtasuna aldarrikatzen ez dakigu.
Instituzioaren inguruan gauza bera. Lasserre irratian entzuten genuen, ez dakiela autonomia hitzak zer erran nahi duen. Sobera ongi daki zer den! Euskaldunak ere ikasiak dira eta gezurra ez zaizkigu berdin iristen. Hala ere, saiatzen dira horrelakoak botatzen, alegia aldarrikapen hauek azalekoak direla, ez dutela funtsarik, batzuen artean horrek oihartzuna duke. Baina, ez du Lasserrek soilik erraten ez dakiela zer den, eremu askotan autonomia baztertzen saiatzen da. Autonomia nazioarteko zuzenbidearen hizkuntzan oso definitua da. Autonomia autodeterminaziora darama, hau ere nazioarteko zuzenbidean oso definitua bada.
Hau eremu txikia da, gure aldarrikapenak simpleki azal daitezke bizirik iraun nahi badugu. Ez du horrek ainitzak izaten debekatzen. Ausartak izan behar gara, gure desberdintsaunak gainditzeko, aldarrikapena simplea eta argia izan dadin, kakofonia guzti honetan entzunak izateko.
Guhaur gaindituak baikaude podereak jartzen digun kakofonia errepresiboan. Alderdi guztietatik oztopoak jartzen dizkigute, legea baliatuz trabak sortzen dituzte. Aurore Martinen kontrako euroagindua da azkena. Beste batzuk helduko dira. Azken finean abertzaletasunaren aldarrikapena isilarazi nahi dute eta ez bagara elkartzen lortuko dute. Legea baliatzen dute, jendea atxilotzeko, zigortzeko, familiak beldurrean atxikitzeko eta gastu izugarritan sartzeko. 170 preso horien familientzat gastuak ez baitira txikitzen.
Espainaratua izatea, jardun politikoarengatik estatu espainoleko presondegian bukatzea errealitate bihurtzen ari da, frantses estatua ukapenean gelditzen baita eta ondokoari uzten baitio arazoari aurre egiten.
Independentziaren aldeko aldarrikapen politikoa kriminalizatua dute Paueko auzitegiaren bitartez. Hastapena baizik ez da. Garai berriak hasten ari direla entzuten da , baina estatuek ez dute aro berririk behar, gure suntsipena baizik.
Kakofonia horretan lerro argi batzuk beharrezkoak dira. Gure mezua entzungarria izan dadin, hauteskundeetako emaitzak altxa ditzagun.
















