Men egin behar ote?

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-11-25 12:56:52

Errealitatea buru gogorra da, erakusten du Ipar Euskal Herrian abertzaleek politika egiten dutela, urratsez urrats indarra hartzen ari dela. Baina errealitatea oso bortitza da, azken urtetako errepresioa sekulan baino gogorragoa ez baita inondik ere errealitatearen araberakoa, ez da justifikatzen ahal ez bada kolonizatzailearen aldetik.

Taberna abertzale batean lan egiteagatik preso, afixak kolatzeagatik preso, orain hautetsi izateagatik preso. Argumentazio juridikoa asmatzen dute, inportantea da abertzale kolorea duen orok kriminal, gaizkile muina duela sinestarazi behar dela. Iker Elizalde 2000garren urtea preso egon zela denek jakin dugu, ondorioz horrek justifikatzen al du bere atxiloketa? Beste txosten bat ireki diotela? Hau oso erreza da aski da toki batean izen bat kokatzea eta egina da. Hau ezinezkoa dela? Nola gertatu al da Jon Anzarena edozeren egiteko prest ez badira?

Ia-ia berrehun preso abertzale Frantziako presondegietan, batzuek 30 urte baino gehiagoko zigorrekin, batzuetan senar emazteak preso, haurrak ehunka kilometrotan bizi direlarik.

Ez da egundaino honenbeste euskal preso izan inongo ekintza bortitzik gertatzen ez delarik gure eremuan. Euskal preso asko lehen atxiloketa dute, derrigorrez zigor pisuenak merezi al dituzte? Hau al da euskaldunok, abertzaleok merezi dugun justizia?

Iker Hendaian, herrietako hauteskundeen bezperan herritar abertzaleen artean hautatu zuten zerrenda buru izateko. Horrek ez al du baliorik?

Parisetik gobernatzen duten politika gero eta zorrotzagoa da denentzat, abertzaleak dituzte lehen lerroan jartzen egoera orokorraren okertzearen estaltzeko. “Enbata zikina” herrietan zioten batzuek garai batean. Gaur egun podere eremutik, “abertzale gaizkile” diote.

Martine Aubry entzun dugu erraten frantsesa eta euskalduna izan zitekeela. Hau gezurra da, aberri handia eta aberri txikiaren garaia bukatu da, euskalduna eta europarra izan daiteke, frantsesa eta europarra, besterik ez. Berari da hautatzea.

Gaur egun Euskal Herriko jatorria duten poderetsu handiak ditugu Parisen, Aubry, Fillon eta Alliot-Marie. Frantses Iraultzaren ondoko garaietatik Parisetik ez da inoiz horrelako mespretxurik erakutsi Euskal Herriari. Horri men egin behar al diogu?


Komentarioak

Komentarioa idatzi