Mugimendu berriak sortuko?
Ixabel Etxeberria
Aste honetan berean hamabost euskaldun kondenatu ditu Pariseko epaitegiak. Bost eta hamabost urte arteko presondegi zigorra. Errex erraten da, egunero biziko dutenentzat errealitate gordina. Gizon eta emazteak, familiadunak ala ez, eritasun larria sufritzen dutenak. Zigorra nagusitzen da euskaldunentzat.
Pariseko epaitegiak ez ditu gehiago epaiak lantzen, zigorrak baizik, gero eta larriagoak banatzen ditu, frantses gobernuaren erabakia horrelakoa baita, euskal independentistentzat errepresioa da erantzuna. Zigorrak bikoizten, hirukoizten, metatzen ari dira. Zigorrak ez dira gehiago trinkotzen ahal,eta kondena luzeena bakarrik bete, kondenak metatzen dira eta horrela asko dira hogei urte baino gehiagoko zigorrekin.
Horrez gain, Euskal Herrian bizitzeko debekua ezartzen zaie. Filipe Bidart eta Daniel Dergirekin egon ginen. Zigorrak beteak dituzte baina ezin dira Euskal Herrira itzuli. Euskal Herritik urrun bizitzera behartzen dituzte hemen, guretzat eta abertzaleak ez diren ainitzentzat ez baitira gaizkileak militante politikoak baizik.
Baina ez da horretan gelditzen, orai Felipe epaituko dute manifestaldi batean parte hartzeagatik, Jean Marc Rouillanek erran ez duenarengatik berriz ere preso sartu duten bezala. Zigorra ez zaie aski umiliazioa behar dute, justizia kolonizatzaile zintzoak eskatzen duen moduan.
Hau baita gaurko Frantziako justizia euskal herritarrak epaitzen dituelarik, ez du frogarik behar gogorki kondenatzeko. Gure nahikeria, Euskal herrian libre, gure gain bizitzeko nahikeria ito nahi dute. Horrek ondorio latzak ekartzen ditu eta gaur egun familia ainitzek jasaten dute eguneroko sufrimendua, gure sustengu osoa behar dute.
Hau da guk ezagutzen dugun errealitatea! Haatik, eremu zabalagoak ere hunkitzen ditu. Aurtengo laurogeita hemezortzigarren suizidioa gertatu baita aste honetan frantses presondegietan.
Frantses presondegietako politikaren arduradunak bete betebeharrak, bere betekizunak ederki zaintzen dituela azaldu zuen telebistan, OIPko ordezkaria aurrean zuela. Komunikazioa baita importanteena, ez egia. Presondegiratze politika herri baten demokrazia mailaren isla omen da. Frantziakoa oso gaizki dabil!
Aldiz, bankuekilako elkartasun zuzena osasun onean gadoela erakutsi digu Sarkozyren gobernuak, hau baita sostengatzen duen mundua, irabazi erraldoien mundua, bere mundua. Mundu errealaz ez du kezkarik, herri xehea lasaitzen ibili da, bankuen sistima oso segura dela, estatuak gure aurrezkiak babesten dituela. Baina, gehiengoak ez du aurrezkirik, hilabetesaria baizik, daukalarik, eta hau erortzen hasiko dela iragartzen digute!
Mugimendu sozialak sortzeko arriskua dagoela, oldartzeak sor daitezkeela komentatzen ari dira, kezkaturik. Ez ote liteke aterabide hoberena herri xehearentzat, askatasunak, eskubideak zapaltzen dizkigun sistima horren aldatzeko mugimendu berri, eta askatzaileen sortzea?
















