Oroimenaren ildotik

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-02-09 15:20:41

Oroimenaren asteburua izan da. Ez irrati eta telebista ofizialetan aipatzen diren oroimen ofizial horietakoak. Oroimen ofiziala, legala, egokia, dominanteena, ehun urte berantago zuzentzen dena, historialari koherente batzuek horren begiratzea erabakitzen dutelarik.

Ez bestelako oroimena, erresistentziara eramaten gaituena, isilean, dominarik eskuratu ez duten horiengana eramaten gaituen oroimena. Oroimena arma baita. Iraganak geroaren bidea idekitzen baitu askotan, historia txikiek historia handia egiten baitute. Gurean behintzat horrela da.

Lehenik azken agurra eskainia izan zaio Tapatxulori. Hernanitik aspalditik joana, Pausun bizi zen eta Xaia ostatuan ikusten zen askotan, irribarretsu, umoretsu. Behin baino gehiagotan atxilotua, preso eramana, azken atxiloketaren ondotik Hegoaldera eraman zuten. Han itzali zen. Berari eta familiari omanaldi xumea eskaini zitzaien, Xaia mukurru betea zen, ia ia ez zen tokirik hurbildu ziren dantzarientzat.

Dantza, bertsu, lore, malko, elkarrekin egotearen poza, hori guztia hor zegoen. Hernanitik jende ainitz etorria zen. Sorpresa ere izan genuen, Karibetan herbesteratuaren Agustinen parte hartzea, telefonoaren bitartez. Une goxoa, borroka politikoak Iparraldera ekarri zuen euskal militantearen omenez.

Eguraldi kaskarra zen eta denak barnean geunden, Xaian, eta bertan banderolak ere ezarriak izan ziren. Batean, Stein eta Peru izenak agertzen ziren. 1984eko otsailaren 8an hil zituzten Hendaian. Banderola barnean, alegia kanpoan eguraldi txarra baita, euria, haizea, hotza noski, baina ez horiek bakarrik, abertzaleen omentzea ez baita denen gustukoa, beste garai batzuk ekartzen zituen gogora. Egia da, militanteen goraipatzeak eraman gaitzakeela lege berri batzuen ezagutzera, hain errex eta modan den legearen bihurtzearen garaian.

Peru eta Stein hil zituzten Hendaian, arduradunik ez da aurkitu, gaur egun hiru herrialdeetako lehendakaritza hartu nahi duen hautagaiaren alderdia ez bada. Baina, frantses justiziak ez du horrelako kasuetan interesik erakutsi, hilzaileen atxilotzeko eta epaitzeko, bururaino joateko. Peruren alaba alta, bera preso dute, zigor luzea jasaten, zentzu horretan frantses justiziaren tresna guztiak martxan ematen dira.

Beste militantea ere ekarri digute gogora sorkuntza baten bitartez, ”Itsasoaren alaba” filmaren bitartez. Ibaizabal telebistak eskaini zituen filmaren lehen irudiak. Txapelaren alabak, Haizek, eramaten duen filma.

Txapelaren heriotzarekin hasi zen 1984garren urtea, Donibane Lohizunen tirokatu zuten eta biharramunean hil zen, bi alaba gazte utziz. Familia bereko bigarren anaia zen hiltzen zutela. Denbora joan da eta sorkuntza honek egun ilun horiek ekartzen dizkigu berriz. Benetazko ilunpea, inongo justiziak argitu ez duena, ez bada alderdi politikoari begiratzen.

Txapelari omenaldi ederra sorkuntza, militante horiek zirena plazaratuko duena, nortasuna baten alde, independentzaiaren alde lan egitera abiatu zirenak. Egin zutena kritikagarria dela, noski, gauza guztiak bezala, baina menturatu ziren, ondorio guztiak onartuz, ez ziren ondorio erosoak arriskatzen zituztenak. Haein inguruko guztiek jasan zituzten ere.

Joan ziren, oroimenean gelditzen dira, liburuetan, ikastoletan aipatzen ez diren euskal militanteak, Monzonek horren esperantza izan bazuen ere.


Komentarioak

Komentarioa idatzi