Paris ere, konponbidera

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2011-11-14 14:31:39

Lan oso interesgarria eramaten ari da Ipar Euskal Herrian. Askotan, lan zaila genuen Estatu frantseseko ezkerreko alderdiekin lan egitea. Abertzaletasuna ez zen horien kodeetan kabitzen. Frantses Estatuaren alde bi gerla egin ondoren, Errepublikako eskolara joatera behartua izanik, familia bakar bat ere ez da libratu "Liberté, égalité, fraternité" lelo horretatik. Estalki kultural horretaz baliatu dira. Alderdi politikoak betidanik Parisi lotuak izan dira, handik eskuratu izan dira lemak, aginduak. Abertzaletasunak galdekatu ditu talde politiko eta sindikalak. Gutxietsi gaituzte. Baina, egun, benetako indar politikoa ikusten dute.

Arduradun politiko batzuek Aietetik bertatik jarraitu dituzte bake prozesuaren lehen urratsak. Hitz batzuk erran zituzten. Orain, beste urrats batzuk beharrezkoak dira, alderdiei, sindikatuei doakie urrats batzuen ematea. Ez da gauza erraza bizi guztia Parisi begira egin delarik. Zeren Parisen zer egin dute orain arte, ez bada ukatu hemen gatazka badagoela? Beste diskurtso batetara pasatzea eskatzen zaie. Euskal gatazkaren konpontzeko urratsen egitea, horren alde ausartzea.

Tokiko militante batzuk aspalditik abertzaleekin lan egiten menturatu dira; hau da Yvette Dubarbieux alderdi komunistako militantearen kasua. Ez dugu ahanzten A. Leiciagueçahar (EELV) militante berdeak Segiko militanteen alde izandako ausardia, baina ezagutzen dugu bere alderdian egin behar izaten duen lana ulertua izateko, bere alderdiaren adostasuna lortzeko. Oraindik, aldaketaren aurrean jarrera aldatzea zaila zaie, sekulako suak piztu baitituzte abertzaleen kontra. Ez dugu ahanzten nola LAB baztertzen duten manifestaldiak egiten direlarik Baionan. Sindikalistak beste sindikalisten kontra!

Uholdeak Ipar Euskal Herria irauli behar du. Gainean jarri diguten estalkia kendu behar dugu. Alderdi, sindikatu, elkarteen bitartez, gatazkaren konponketarako deia Pariseraino helarazi behar dugu. Markatuak diren lerro guzti horiek mugitzeak lan handia eskatzen du. Gaur egun haize berri batek harea sartu die makinan. Ez dakite oraindik nola erreakzionatu. Gorago aipatu diren militanteen ausardia azpimarratzekoa da. Laguntza beharko dute lerro politiko horiek mugiarazteko. Ezkerreko indarrak gureganatu behar ditugu.

Azaroaren 20an Hegoaldean iraganen diren hauteskundeak funtsezkoak izanen dira, garrantzitsuak Euskal Herriaren geroarentzat, euskaldunentzat. Zain egonen gara, emaitzak goaitatuko ditugu, esperantza handiak ditugu guk ere, bozkatzen ez badugu ere. Amaiur da gure aukera, Amaiurrek guri ere bidea zabalduko digu. Amaiur gure gaztelua da, defenditzen dugun gure jauregia, gure lubakia.

Haatik, bake prozesu honek beste erronkak irabazteko aukerak eskaintzen dizkigu, Ipar Euskal Herriko indar politikoei euskal nortasunari buruz zer erabakitzen duten errateko parada ematen die. Ezin dira gorde gehiago. Gobernua hartu nahi duen Alderdi Sozialistak, ba al du euskal departamendutik at beste diskurtsorik libre bizi nahi duen Euskal Herriari hitz egiteko?

Abenduaren 10ean manifestaldi bat iraganen da Baionan aterabide demokratikoaren aldarrikatzeko. Tokiko alderdi eta sindikatu guztien laguntza beharrezkoa da. Estatu frantsesa egiten zaion galderaren neurrian egonen ote da? Horretara eraman beharko dugu.


Komentarioak

icon

TXOTX

2011-11-14

Guztiz ados zurekin Isabel.Bainan nola Frantses eragileak konponbidearen alde bilakarazi abertzaleak ez girelarik kredibleak?Epe laburrean IEH-ko alderdi abertzale batzuek(batek bereziki) izugarriko ardura dute.Abiatua den treina ez dezagun huts egin.

icon

Lide

2011-11-15

Frantziak ere, Espainiak bezalaxe, konponbidean parte hartu beharko du, ez nahitaz, baina bai egoerak eta nazioarteak bultzaturik. Pausoz pauso, baina askatasunerantz goaz.

icon

IBAN

2011-11-16

Bada tenorea Frantziak zerbait egin dezan. Autonomia hasteko, gero gerokoa.

icon

TXOTX

2011-11-20

Herri bat,gatazka bat,aterabide bat!
Ikus dezagun manifa hori nazionala bilakatzen den,ikus dezagun Hego EH-tik deialdi bat luzatua den eta Baionan inoiz egin izan den manifa bat gertatzen den!Ikus dezagun herri gisa erantzuten dugun!
Animo Gipuzkoa,Bizkaia,Araba eta Nafarroa!
Frantziari herri bat girela erakutsi dezagun!

icon

Hegoi

2011-11-21

Hegoaldean erdietsitako garaipenarekin, indar berriak har ditzagun Iparralde honetan, bil gaiten, eta behartu dezagun Frantzia, bakearen, normalizazioaren eta Euskal Herriaren onarpen politikoaren bideetatik barrena abia dadin.

Geroa gurea da!

Komentarioa idatzi