Proiektua lehenik
Ixabel Etxeberria
Daniel Derguyrentzat aste hau erabakigarria izanen da. Ondoko egunek Frantziaren norabidea erakutsiko digute. Azken egun hauetan esperantza gorde nahi dugu, esperantza frantses politikoek justiziari bidea eginen diotela. Alta, ingurugiroak ez digu seinale baikorrik eskaintzen, frantses Gobernuak bake sozialari buruz, bake politikoari buruz ez baitu lan sailik.
Gerlarako makineria guztia martxan du, ez da diplomazia lehenesten. Euskal Herriaren kasuan oso pista gutxi dauzkagu ondoko egunek zer emanen duten jakiteko. Ikusi baititugu Segiko gazteak eramanak, politika egiteagatik preso sartuak, injustizia hutsa legeztatua, normalizatua.
Ondoko egunetako erabakia ez dago gure eskuetan. Frantses politikarien eskuetan dago. Aldiz, abertzaletasunari doakiona gure esku dago. Gure norabidea guri dagokigu hautatzea. Hau izan da hautetsien artean hitz egin ondoan bota genuen apustua. Hau zen ezker abertzaleko hautetsi batzuek luzatu genuen deia. Ezker abertzalea bildurik Hegoaldean ikusi dugu irabaz dezakegula. Ipar Euskal Herrian ere, egingarria. Egingarria da baina baldintza batzuk behar ditugu.
Baldintza horiek oinarrizkoak dira elkarrekin bidea egiteko. Oinarrizkoak, funtsezkoak, baina ezkerrekoak eta abertzaleak izanki oso asumigarriak. Oinarri horietan naziotasuna doa, autodeterminaziorako eskubidea, Euskal Herrien arteko elkartasuna, ahulenari laguntza eskaintzea, gizarte antolaketa beharren araberan egitea, ingurumenaren errespetuan.
Oinarri horietan Ipar Euskal Herrian ezker abertzaletasunaren barnean kokatzen diren alderdiak kokatu dira beti, eta bertan kokatzen dira antolatuak ez diren ehunka militante. "Bil gaiten" deiadarra luzatu dugularik, oihu bat baizik ez dugu bota. Gure esperantza da ezker abertzalean kokatzen diren ehunka militante hitz egiten hasiko direla, programak erabakitzen hasteko, ondoko hauteskundeetan prest izateko, benetako pisuarekin gure zerrenden aurkezteko, lanerako prest, gai gaudela herrien kudeatzeko, eta abertzaletasuna benetako aterabidea dela Ipar Euskal Herriari geroa eskaintzeko.
Deia egin genuelarik helburua zen herritarrei aurpegi bakarra eskaintzea. Kezka da ondoko egunetan beste prentsaurrekoa izan dela, non abertzale batzuk alderdi frantsesekin lotuak ikusten ditugun, Senaturako hauteskundeen prestatzeko.
Prentsaurreko honek ezker abertzalea sakabanaturik dagoela erakusten digu berriz ere. Noski, elkarlana ez da egun batetik bestera antolatzea lortzen. Berdeekin lan egitea, instituzioetan akordioen lortzea haiekin, ezin da baztertu, instituzioetan lan egitea haiekin oso aukera posiblea da. Kezka da, horretara iristeko, ezker abertzalearen proiektuak finkatuagoa izan behar duela. Lan hori hemen egin behar dugu.
Ezin da kanpokoekiko lana akordioen bidez adostu, gure oinarriak finkatuak ez badira. Gure helburua ez baita lorpen txiki batzuen irabaztea, aulki bat han, beste bat hemen. Ez, guk behar duguna da instituzio bat, zazpi herrialdeak bilduko dituen egitura bati buruz joanen dena. Proiektu horretatik abiatuz bilatuko ditugu akordioak, ez alderantziz.
Gure proiektuan kokatu behar ditugu gure indarrak, hau finkatu eta helduko dira akordioak.
Komentarioak
Manex
2011-07-26
Senaturako hauteskundeen karietara AB, EA, eta Parti Occitan alderdi abertzaleak Europe Ecologie-rekin lortu akordioa egokia da. Izan ere, horri esker Euskal Herrian abertzale, ezkerreko eta ekologista diren hautagaitzak aurkezturik izanen dira. Gaitz da ulertzea Batasunak zergaitik ez duen sustengatzen gisa honetako ekimena.
Ipar Euskal Herrian hauteskunde desberdinetan Euskal Herria Bai koalizioaren bitartez, Ezker Abertzalearen indar politiko guziak bildurik aurkeztu dira hainbat aldiz. Emaitzak hor ditugu: zonbait eskualdetan onak eta bestetan ez hainbeste. Beharbada garaia heldu zaigu abertzalei beste aukeretan pentsatzen hasteko eta gure jendartean ilusionea berriz pizteko. Horretarako ene ustez BATERAren ispiritua arlo politikora ere ereman behar ginuke, hots, abertzaletasunaren funtsa galdu gabe idekiak izanez. Borroka armatuarekin gertatu bezala, ez dugu beste hamar urte galtzen ahal!
TXOTX
2011-07-26
Bai Manex arrazoi duzu,Frantsesekin lehenik "bil gaiten" eta gero abertzaleekin.Ondotik bigarren itzulian Frantses Sozialistekin eta gero kalera atera gaiten GORA AHT! oihukatzeko.
BILDUK bidea erakutsi digu.Hori da aterabidea.
Isabel proiektua lehenik aipatzen duzu bainan Abertzaleen artean(Iparraldean bereziki orain) proiektua eta helburuak ez dira berdinak momentuko.
Manex
2011-07-26
Ez dakit frantsesekin, ingelesekin edo italiarrekin bildu behar den bainan garrantzitsuena, besteak beste, aldarrikatzen diren edukiak dira eta AB, EA, PO eta EELV-renak oso argiak dira: Lurralde Kolektibitatea, Euskara eta Okzitanoaren ofizialtasuna, AHT-a oraiko trenbidetarik, Nuklearrari ez, zerbitzu publikoaren defentsa...
Hegoaldean BILDUko ordezkariak Patxi Lopezekin zerga politika berri bat ari dira negoziatzen...
Beldur ari naiz Iparraldean oraino ohidura zaharrek ez dutenez gaina hartuko!
Txomin
2011-07-27
Hautagai abertzale bat bakarrik bada: Gabi Mouesca !
xuri beltza
2011-08-07
LManex,Txotx,Txomin
pentsatzen dut denak zaretela euskaldun kartsuak.Alere galdera bat?
Nun da euskal herria,zer da euskal herria?ez ahal dugu nahiko etsenplu gure bideari bakarrik lotzeko?ez ahal dugu nahiko belarrondoko ukan gure etsaiekin ibili garelako.
Gure bidea markatua da zuzen zuzena,EUSKAL HERRIA,ez dugu etsaiekin joan behar.Nahikoak gare.
Txomin;Gabi dela diozu hautagai bakarra?Nahiko nuke,norbaiti galdatu diho?edo bakarrik abiatu da?hori ere ez da ongi.
jakinik ez duela deus lortuko ta gastu ikaragarriak izango direla pena da.
Ez da zuzena hori ere ezin da jende guzia bakoitza bere buru ibili.
Denak elgarrekin LEPOAN HARTUTA SEGI HAURRERA
















- 