Sujetu gisa, garena aldarrikatu!

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-04-27 13:30:45

Hauteskunde kanpaina berri bat. Euskal Herri bai kanpainak ilusioa sortu zuen, talde politiko batzuk bilduz, indarrak metatuz urrunako joan gaitezkeela ikusi genuen. Emaitzak, zonbait tokitan ilusioaren heinekoak izan ziren.

Aldi honetan, bakoitzak bere ildoa jorratuko du, lehetasunak hautatuz eta hauteslego zabalena hunkitu nahian. Hau baita abertzalegoarentzat helburuetako bat, ahal bezain bat jenderengana heltzea, gure mezua hedatzeko, euskaltasuna eta abertzaletasuna zer den esplikatzeko, gure proiektuei buruz informazioaren zabaltzeko.

Gure aldetik, Euskal Herriaren alde zerrendakook hauteskunde aukera hau baliatu nahi dugu, Euskal Herriaren eraikuntzaren proiektuan, zazpi herrialdeko horren sortzea nola irudikatzen dugun azaltzeko, gure egoeraren berri emateko, gure geroa hemen, euskaldun, ezkertiar eta abertzale gisa eraiki nahi dugula sujetu gisa, bitartekaririk gabe errateko. Herri gisa ordezkatuak izan nahi dugu Europan.

Europak ez gaitu ongi tratatzen, ez gaitu begiratzen krisiaren zurrunbiloan ibilki den garai honetan. Herrien egoeraz ez da kezkatzen, estatu nagusien osasunaz da kezkatzen. Alta, Europa asko aldatu da azken urteetan. Duela hoegeita hamar urte estatu zirenak banatuak eta estatu berriak agertu dira, Europa mugiezinaren printzipioa gezurra zela erakutsiz, adibide gisa Txekoslovakia har genezake. Independentzia onartua izan da historian sekulan eskatu ez zuten herrialde batzuei, hor dugu Kosovo.

Aldaketa horiek pozten gaituzte egiten dugun bidea egokia dela erraten digutelako, ez gara desberdinak, eskubide berak ditugu. Gure arazoa da Europako estatu azkarrak ditugula aurrean ditugula, atzerakoienak estatuaren egituretan, instituzioen arramoldaketan moldaketen egiteko, aldaketen egiteko eta nazioarteko eskubideen errespetatzeko zailtasun handiak dituzten estatuak.

Gaur egun Europak hartu duen bidea bankuen babesarako bidea da, empresa handien babesa. Aldiz, garraiorako proeiektuak, turismoaren garapena, hauek Europak, Parisek bezala prestatzen digun geroan sartzen dira. Aukera guztiak, hitz ordua guztiak egokiak dira etenik gabe, teknokraten bulegoetan prestatzen, planifikatzen dutenari buruz gure iritzia emateko, gure antolaketaren berri eta, herritarren prestakuntzarako deien egiteko.

Pragmatismoak lan egitea eskatzen digu, sinesten duguna garatzea eskatzen digu. Herri honetan gure kokapen politikoa indartu beharko dugu fruituak bildu aintzin. Horretarako ez da etxean gelditu behar, opzio abertzalea edozoin izan dadin ere.

Abertzaleen bozka interes bereziarekin begiratzen dute agintariek, eskuinekoek zein ezkerrekoek. Eremu abertzalea zabaldu behar dugu, opzio abertzaleak ainitzak dira, baina boz kopurua oraindik gutxiengoan. Europako hauteskundeak baliatu behar ditugu besteen parean kokatzeko, Europak erabaki duen hautesbarrutiak gure herriari, beste herri askori bezala begirune falta erakusten du.

Gure txikian bizi nahi dugu, gurea defendituz, desagerrarazi nahi gaituztenei gure determinazioaren berri emanez, eta bertako herritarrei herri honentzat proiektuak baditugula esplikatuz.


Komentarioak

Komentarioa idatzi