Udaberri pizgarria presta dezagun!
Ixabel Etxeberria
Entzun dugu agintari baten eskutik euskal gizartea AHTren proiektuaren alde zegoela. Horrek Euskal Herriko gizartea ez zukeen aipatu, aste honetan behin eta berriz Euskal Herriko gizartearen beste ordezkari batek, behin eta berriz, errepikatzen aritu baita, irratietan, telebistan proiektuaren aurka zegoela, honenbeste diru ez zuela merezi ezartzea, gaurko bidea ez zelarik oraindik osotasunean erabiltzen.
Jakinez ordezkari hori barne ministro dela, gai horretan nolabaiteko pizua duela pentsa daiteke, eta ondorioz gezurtatzen du aurrekoak errandakoa. Haatik, ez da usaiakoa MAMekin ados izatea, AHTren ordaintzeko estatuak tokiko instituzioei eskatzen dien indarra ezagutuz argi da UMPren guneetan ere oztopoak egonen dira eta horren aintzinean zuhurtzia hautatu duke, baliteke horren iritzi errepikatuaren gibelean hauteskunde usain bat egotea. Zergatik bestenaz honenbeste errepikapen ?
Barnealdeko 2X2ren kontra egingako bezalako mobilizapenak eredu izan dira. Agian, hain ozen agertzen den jarrerak iraupena izanen du, hauteskundeen ondotik ere. Eskuinak aktibitate handia darama, Laborantza Ganbararen aldeko sostenguak etengabe zabaltzen ari direlarik, Paueko ganbarak supituki bere buruaren aldeko iragarkiak Herria astekariaraino hedatu ditu. Bat batean, euskal prentsa hor dagoela oroitzen dira, sanoki eta inongo kalkulo interesaturik gabe!
Auzia heldu da. Apirilaren 29an, greba eguna izanen dugu ere, Sarkozyren politikaren kontra agertzeko aukera pare gabea, baina manifestaldiaren ondotik, zuzenean, oren bat et’erditan hasiko den auziaren jarraitzeko aukera izanen dugu eta laborantza ganbarari laguntza jendetsua emanen dugu, hau irabazi behar baitugu.
Ikastolak urrats berria eman du. Euskarak bizi duen egoera zailari erantzun egokia dudarik gabe, baina irakasle postuen kopurua emendatzeko mobilizapenen bultzatzeko garaia heldu zaigu. Estatuak ez du irakaskuntzan dirurik eman nahi, are gutxiago euskararen irakaskuntzan. Euskararen erakunde publikoak ez du jauzi nabarmenik eskaini. Batzuek hurbil ikusten dute hizkuntz gutxituen aldeko legea. Euskararen aldeko azken mobilizapen handiak aspaldikoak dira. Horrek erran nahi luke egoera hobera doala? Ez du ematen.
Mobilizapenik gabe euskararen egoera hobetzen ahalko ote da? Zergatik hain karrika mugimendu gutxi ?
Laborantxa Ganbarak jasaten duen astinaldiari arreta handia eskaini behar diogu, baina borroka eremu guztiek interes bera merezi dute. Kultur eremuan herrietako animazioak begirune handia behar du, ihauterietako garai honetan bereziki. Hau baita gure nortasunaren aldarrikatzeko era erakargarriena. Gehiegitan herrietako animazioa bigarren mailan uzten da. Karrika gurea egin behar dugu.
















