Anzaren kasuak konspirazioaren antza

Jon Garmendia

Argitaratua: 2010-03-17 12:54:15

Ez nuen idazteko gogorik. Ez behintzat Jonen aferaz. Batetik, hurbileko laguna nuelako, eta halakoetan hotzean pentsatzea zail gertatzen da, edo eta min gehiegi eragiten du pentsatzen jartzeak. Bestetik, urtebete honetan zehar isiltasuna nagusitu da Joni buruz hitz egiterakoan, betikoek ukan dute idazteko ausardia, eta betikoak gelditu dira isilik, morroi lanak egin eta odolak zikindutako diruarekin soldata eskuratzen duten kazetariak.

Baina RuGALkabak hitz egin du, astebete egon da isilik, eta antza ongi hausnartu eta harilkaturiko hitzak eman ditu argitara. Euskaldunen aurka aritzeko sortu zituzten tronpaitegietara eraman behar omen ditu Jon Anzaren inguruan hitz egin duten guziak. Han tronpaileak zain dira lanari ekiteko, trepaileak bestela, nahita tronpatzen direnak, eta postu hobeen bila trepatzen ari direnak. Ez behintzat justizia egiten. Eta horrexegatik erabaki dut idaztea. Ti-ta batean gainera, ezen, monsieur RuGAL, gure buru eta ahoz pentsatu eta hitz egitea gure baitan da, ez zurean.

Nahikoa barre egin duzu gure kontura, nahikoa trufatu zira, eta isiltzeko eskatzen duzunean hitz egiten hasi behar da. Eta bai, erraz ekin dezakezu nire aurka, baita erantzun eske dabiltzan ehunka euskal herritarren aurka ere, baina... Le Monde, Liberation, eta halakoen aurka egiteko ausardiarik ba al duzu ? Ezen argi eta garbi seinalatu dituzte zure zerbitzura lanean ari diren zerbitzu polizialek eskuak kakazikin dituztela Jonen aferan...eta benetan uste duzu horiek ETA erakundearen aginduetara aritu direla ?

Hala iradoki duzu zure azken agerraldian, ETAk sortu dituen gezurrei jarraiki lotu direla espainiako indar armatuak Jonen desagerpenarekin. Koskabilorik bai zuzenki errateko Le Monde eta Liberation ETAren aginduetara ari direla ? Ba motel, eskaiozu Antzutegi Nazionaleko errege mago garzoni edo marmarka handiari agindua idazteko eta zoaz Pariserat haien zerratzera, Euskaldunon Egunkariak eta Eginek itxilagunak izan ditzaten !

Beno, banoala bidetik! misteriozko filmeen zalea naizenez, gidoi baterako idatz proposamena luzatu nahi nuke gaurkoan. Jon nola desagerrarazi zuten azaltzen duen teoria idatziko dut gaur. Konspirazio bat da nire ideiaren ardatza. Eta testu hau irakurtzen duen pertsona bakoitza animatzen dut berea idaztera, iruzkinen saila horretarako erabili daiteke.

Demagun Jonek Baionan Toulousserat eramanen duen trena hartu baino bost hilabete lehenago, polizia espainolak ETA erakundearen zulo bat aurkitzen duela Senperen, eta han Jonen hatz markak identifikatzen dituela. To ! ustez zirkuitotik kanpo kokatzen duten militantea zerbaitetan ari dela jakiten dute. Hortik aitzina, isilpean, Jonek egiten dituen mugimendu oro kontrolatuak izanen dira. Haren etxea gau eta egun zelatatua izanen da, haren joan-jinak eta haren hizketa lagunak kontrolatuak. Baina denbora horretan ez da deus interesgarririk gertatzen, bizi normala egiten du Jonek, edo medikuz mediku dabil bere osasunaren okertzea zaintzen, eta nahiz eta poliziek hala erabaki ez dute paradarik bera bahitu eta galdezkatzeko.

Baina halako batean jakiten dute trenez Toulousserat joaiten dela, bakar-bakarrik, jo, hori xantza! Segidan antolatzen dute operazionea, eta bide erdian, geltokirik ttipi eta diskretuenean trenetik jaitsi arazten dute Jon atxilotua dagoela erranaz. Polizia frantsesak direla erraten diote, lasai egoteko, eta oihurik ez egiteko, haiek ez direla espainolak bezain krudelak eta dena ongi joanen dela. Segidan auto kamuflatu batean sartzen dute eta espreski alokatu duten Gite de France batetara eraman. Handik kilometro anitzetara dira lehen bizilagunak, beraz bakarrik dira ingurune guzian. Eta tortura hasten da, galdezketa. Tortura. Baina Jon isilik da, ez du fitsik erraiten. Itziarren semeetako bat da. Eta tortura torturaren gain. Tortura gehiago. Tortura. Xehatu egiten dute, eta hilzorian dela ohartzen dira. « Que hacemos Morales ? » galdetzen du torturatzaile gazteak, « A tranquilizarse he dicho !, a tranquilizarse !» erantzuten du nagusiak. Toulouseko parke batean botata uztea plan ederra dela iruditzen zaio, han hilko da Jon, gau hotzaren bakardadean, homeless bat bailitzan.

Ez diote begirik kentzen hilzorian den gorpuari, baina hilzorian den gorpua Jon da, hori du bere izena, eta gudari bat da, denaren kontra aritzera ohitua den borrokalaria. Ustekabean norbaitek aurkitzen du Jon eta anbulantzia bati deitzea erabakitzen. « Y ahora que hacemos ? » galdetzen du polizia gazteak eta «  A tranquilizarse » erantzuten du nagusiak, « le llamare a mi amigo Rigodon, el sabra que hacer ». Eta haseran oihu eta sekulako errita egiten badio ere, beti bezala Rigodonek Morales laguntzen du.

Ospitale batetara eramaten dute Jon hilzorian, baina dena kontrolatzea eta isilpean eramatea erabakitzen dute polizia biek. Rigodoni Jonen dozierra ematen dio Moralesek. Senpereko zuloarena erraten dio, hau eta beste Jonen militantziaz, arriskutsuegia zela, gogorretan gogorrena...eta egin duten guzia behar beharrezkoa zela. Onik jartzen bada, harekin hasi zuten galdezketa segituko dutela ihardokitzen dio Moralesek, « ikusiko !» erantzuten Rigodonek, baina bien bitartean dena ezkutuan eramateko ados jartzen dira. Espainolek Toulousen finkatuko dute egoitza, aparthotel batean, eta errazki segituko dute Joni gertatzen zaion guzia eta Rigodon haien kaka berean sartu denez... badakite konfiantza ukan dezaketela harengan.

Hil ala bizi, borrokatuko du Jonek, baina bakardade horretan ezinezkoa gertatuko zaio biziari eustea. Ospitaleko zerbitzuak saiatuko dira ezezagun horri bizia salbatzen, baita haren senideei bere egoera zein den jakinarazten ere, baina nahiz haiek horretarako urrats egokiak eman dituztela uste, mezua ez da nehoiz helduko, metro guti eginen ditu aipamenak, haien goitik direnek informazio hori eten eginen dute, laguntza eske Fort Apachetik irtendako mezulariari oihaneko bakardadean aizkorarekin kolpea ematen zaionean bezala.

Familia aurkitzeko saiakerarik ez da egin, eta Jon hilik da. Jon hil egin dute. Bakardaderik bakartienean utzi dute hiltzen gainera. Mixerableak. Eta arazoa nola konpondu daitekeen hausnartzen hasten dira Rigodon eta Morales. Tarte horretan familiak Jon falta zaiola salatzen du, eta baita bere militante dela aitortzen duen erakunde armatuak ere. Izuak harturik Morales eta konpainiak aparthoteletik hanka egitea erabakitzen dute, halako izuarekin, pistolak ere han ahanzten dituztela. Azken deia egiten dio Rigodoni : Me las piro amigo ! konponduko dira gure nagusiak! beti bezala asmatuko dute zerbait euskaldun zerri horiek izorratzeko!! Tu as raison, mon ami, au revoir!!

Zuei ez, baina zuri bai, agur eta ohore!


Komentarioak

Komentarioa idatzi