Ekainak 12 : Amnistia
Jon Garmendia
Kartzelako atea idekitzen da. Eta barnera sartzen zaituzte. Jada ez zira zure betiko munduan. Eta barneratu zaituzten mundu horretan zure hitzak ez du baliorik, ez duzu eskubiderik.
Zu izaten segiko duzu, baina ez dizute zu izaten utziko. Besteek aginduko dute noiz esnatuko ziren, noiz gosalduko duzun, noiz askaria eginen, noiz promenatuko duzun, noiz joanen ziren ziega iluneko ohantzera, non eta gaua aitzinetik ezagutu duzuna baino luzeagoa izanen den.
Diruz ordainduriko mertzenarioek aginduko dute noiz dituzun zure maiteak ikusiren. Zure intimitatea erasotuko dute, zure gutunak irakurriko dituzte, eta sexualitatea ere ebatsiko dizute, heiek erranen dute noiz eginen duzun larrutan, hilean zenbat alditan eta baita zenbat denboraz ere, eta batzuei bisean biseko parada hori ere ez diete emango. Kondena bat beste kondenarengain.
Eri jartzen bazira medikua ikusteko txanda luzea, luzeegia dela ohartuko zira, harenera ailegatzen zirenerako sendatua izanen zira, edo maleruski, ordurako zure eritasunak ez du sendabiderik izanen. Bakartu eginen zaituzte, isolatu. Osoki apurtu nahi zaituzte, zure duintasuna galarazi.
Baina zuk tinko eutsiko diozu. Ez duzu etsiko. Ez duzu amore emanen. Badakizu zergatik eraman zaituzten kartzela den mundu horretarat, eta badakizu zerk aterako zaituen bertatik. Ez zira biktima bat, ez eta preso hartu duten koittadua ere, zu borrokalaria zira, eusko gudaria ! Europako herririk zaharrenaren askatasun haizea, euskal lurretarik barna askatasunez ibilki den sugea, Kantauriko urak bere egitera heldutako itsasuntziak aizkoraz ebakiko dituena.
Gugatik zaude hor, eta zure guzia galdu duzu bidean, gauza bakar eta garrantzitsu bat salbu : duintasuna ! Eta aske ez bazira ere inor baino askeago sentitzen zira.
Orain, guri da kartzela horretarik ateratzen laguntzea, zure aldarrikapenak gure egitea, zure beilari izatea, kinkea eskutan hartu eta besterik ezean zure aldeko manifestazioetara joaitea. Amnistia ohiukatzeko, amnistiak aterako zaituztelako hortik.
Eta hargatik joanen gira heldu den larunbatean, ekainak 12 izanen dituenean Baionarat ! Zugatik, zuengatik.
Izan ere, amnistia eta autodeterminazioa helburu hartuz, dispertsioaren bukaera eta Estatus Politikoaren aplikazioa exijitzen duzue. Zuen eskubide zibil ( torturarik ez, tratu txarrei ez, artatze medikalaren eskubidea, euskaraz mintzatzeko eskubidea, ikasketak eramateko eskubidea, kanpokoekin komunikatzeko eskubidea) eta politikoen (mintzakidetzen onarpena, denak bilduak izanez, eztabaidatu, antolatu eta eragile politiko gisa mintzatzeko eskubidea) errespetua galdegiten duzue.
Eta aldarrikapen orokor hauen barnean, bereziki azpimarratzen duzue :
- Eritasun larri eta senda ezina duten presoen askapena ( 7 preso daude kasu honetan eta beste 5 etxean zainketa polizial estu baten pean)
- Beren kondena osorik bete dutenen askapena ( 51 bat preso libre izan behar litaizke kondena beterik) eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko posibilitatea dutenen askapena. Biziarteko zigorrik ez!
- Isolamendu politikoaren bukaera, bakartasunean diren presoak beste euskal preso politikoekin biltzea.
Ezen ekainak 12 dituenerako amnistia lortzen ez bada, amnistia lortu gabeko egun bat gehiago izanen da, baina baikortasunetik behatzen badugu… amnistia lortzeko egun bat gutiago faltako zauku !
Are ! Goazemak eta goazeman Baionarat !
















