Intza eta Julen
Jon Garmendia
Ene uste apalean etxean egon behar zenukete, Gamarten, zuenekin, gurekin. Ene uste apalean zuek ez duzue deliturik egin. Ene uste apalean, kanpokoek, gerla letraz idatzitako legeak erabiltzen dituzte euskaldunon lurretatik seme-alabak ebatsi eta presondegietan bahitzeko, eta ene uste apalean, haiei, doainik baino merkeago ateratzen zaie dituzten atzapar zikinak nahinoiz gurean sartzea.
Usteak erdia ustela badu, ene usteak apaletik ez du. Ez erdirik, ez zipitzik. Fitsik. Usaian, "uste" postposizioa biluzik erabiltzea nahiago dut gainera, hau da, adjektiborik gabe, eta zerbaiti buruz iritzia ematerakoan "ene ustez" erraten dut normalki. Aski baita. Nerauk erraten badut ene ustea apala dela, eztabaidatzen ari zaidanaren ustea ez dela hala erraten ari naizelako. Txuloarena egiten. Baina gaur eszepzio bat eginen dut, Juleni ohore eta omen egiteko. Ulertuko nau.
Ez dakit Intzak ulertuko nauen, baina berak pasatzen ari duena ulertu dezaket hein batean nik. Umedun dago, eta haizea lagun, apirilean munduratuko da Julen eta bere arteko maitasunak sortu duten haurra. Eta ordulariko orratz ttipiak itzulia egiten ari duen aldiko, errepika ezina den esperientzia galtzen ari dira biak. Elkarri emaniko fereka eta muxuek ez dute pausalekurik. Intzari tripa handitzen nola ari zaion ezin ikusi du Julenek, haurtxoak ostikoak ematen ditu barnetik egoera hori salatu nahi balu bezala, eta bitartean denbora badoa. Bizitza.
Abenduan ebatsi zizkiguten, eta orduez gero, Julen Osnyko presondegian da. Intza Fleurykoan. Distantzian. Hemendik eta heien artean. Batera borrokatzen dute halaere, bai, baina mementu goxo eta intentsoak ari dira galtzen, nehork itzuliko ez dizkietenak, ere bai.
Ez naiz preso politikoen egoera biktimizatu zale, hau da, ez dira gaizoak ez eta koittaduak. Ene uste apalean. Borrokalariak direlako, eusko gudariak, eta lur zahar hau askatasunez biziberritzea dutelako xede. Baina horrek ez du erran nahi gure sentikortasuna galdu behar dugunik. Nolabaitean deshumanizatzen ari garela uste baitut. Apalki. Egunak, asteak eta urteak ari dira pilatzen presoen bizkarrean, eta horren parean guk ezin dugu egunerokotasunean lasaitasunez murgildu. Ez du balio batzuk urte gehiago edo guttiago daramatela errateak, konparaketa gorrotagarriekin ahoa betetzeak. Ez eta halakoak gertatzen ahal direla isilean onartzeak ere.
ETAk bere ekinbide armatua amaitutzat eman du, eta errepresioak bere horretan dihardu, elurraren pare mara-mara erortzen segitzen du herri honen gainera. Ez gaitzala izoztu. Anitz jendek salatu izan baitu betidanik atxiloketen zentzugabekoa, eta egungo testuinguruan salagarriago dela deritzot.
Igande huntan Donazaharren Julen eta Intzaren aldeko sostengu eguna antolatua da. Horra hitzordu garrantzitsu bat, elkartu, babestu eta goxotasuna sentituaz batera urruntasunera igortzeko. Lerrootarik ene sostengua baino zerbait gehiago bidali nahi nieke biei. Faltan somatzen ditudalako, eta berei egin dietena kriminala iruditzen zaidalako. Eta ordulariko orratz ttipiak itzulia eginen duen aldi bakoitzeko, ene ustea, apalean gordeta utziko dudalako, liburu zaharrekin batera.
















