Arrangoitzeko Mutxikoaren Eguna gogoan

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2009-10-17 11:27:42

Iragan berria den urriaren 11n, urtero urriko bigarren igandean izaten den Mutxikoaren Egun arrakastatsuak hogeita hamar urte bete zituen. Horren karietara, besta eder hau antolatzen duen Miarritzeko Ikastolak egitarau eta baita  bazkari-menu ezin hobeak prestatu zituen. Egun hau sortu zutelarik honako xedeak ukan zituzten buruan:


  1. Ikastola laguntzea eta  sustatzea.

  2. Euskaraz aritzeko egun bat sortzea.

  3. Lapurdiko nortasuna mutxikoen bidez indartzea.

  4. Egun polit eta atsegina pasatzea.


Eta ene ustetan, hogeita hamar urte hauetan ederki bete dituzte hastapenetan ezarritako lau helburu horiek. Aurtengo egitaraua, urterokoaren bidetik etorri zitzaigun.

Goiz-goizean meza, eta meza bukatu ondoren Lapurdiko mutxikoen arrapiztaile eta zabaltzaile nekaezina izan zen Bettiri Beteluren omenaldia zirraragarria Arrangoitzeko hilerrian duen hilobiaren aitzinean. 11.30etan ohiko mutxiko saioa. Aurten, euria zela eta, pilota-plazan egin beharrean aterpean dantzatu behar izan baziren ere.  Gero, kantu bazkaria gazte lapurtar kementsuez osatu talde baten doinuaz. Giroa gogoangarria benetan. Menua ere goxo-goxoa izan zen: kuia salda, indioilarra saltsan, txokolatezko deserta, ardi gasna, kafea eta pattarra.

Aurtengo bazkari saioa aurreko urteetakoa baino alegeragoa izan zen, lehen aipatutako gazteek giroa arras ongi pizten jakin baitzuten. Biziki polita izan zen, gazte zonbaitek mahai gainekoa izeneko dantza mahai gainera igota burutu zutenean. Dantza honek giro aparta sortzen du; arrapiztea eta zabaltzea merezi duelakoan nago. Horratx duen bizkaierazko mezu ederra:

Horra hor goiko hariztitxu baten
kukuak umiak egin dozak aurten.
Kukuak egin, amilotxa jan:
Haxe bere kukuaren zoritxarra zan!
La la la ra la…..


Amilox hari kukuak dirautso:
“Eztauat itxi hik gaur hazur bat oso”.
Ume-jaleak erantzunetzat
“Hire ardurarik etxaukat”.
La la la r ala….


Bapo bazkaldu ondoren eta aterpeko agertoki berean, urteroko dantza agerraldia izan zen. Lehendabiziz, Luhusoko dantzariak umore handiz, zapurrak, makilaria eta guzti. Gero Beskoitzeko taldekoek Lapurdiko ihauteriko dantzak eskaini zizkiguten, Lapurdin garai batean ohikoak izan ziren urratsak eginez. Eta amaitzeko Irungo Kemen taldekoek, perfekzio eta dotorezia handiz, eskaintza zabala taularatu zuten. Bereiziki aipagarria izan zen Artzain eta Ińudeen konpartsaren agerraldia, bertan ikus-entzule ziren guztien esku-sarta handiak bildu zituena.

Iluntzeko zazpietan mutxikoen bigarren saioa hasi zen, Patxi Perez basusarritar famatuaren urratsei jarraiki. Jendea gartsu eta gogotsu sartu zen mutxikoen etengabeko zirkulu kontzentrikoetan, eta horrela aritu ziren gaueko 20.30ak arte. Hura loria izan zen han ziren adin guztietako dantzazale ororentzat.

Horrelako ekitaldiak behar-beharrezkoak dira gure kulturaren suspertzeko eta baita euskaldunen arteko adiskidantzaren eta konfiantzaren handitzeko ere. Zorion beroa antolatzaileei eta bertan dantzan aritu ziren guzti-guztiei. Aurten gazte ainitz ikusi ziren Arrangoitzeko mutxikoetan. Izan dadin  hemendik aitzina ere, hogeita hamar urte hauetan izan den bezala, Arrangoitzera egun ederra pasatzera hurbiltzen diren euskaldun ororen biltoki eta gozagarri.


Komentarioak

Komentarioa idatzi