Attuliren Xahakoa eta Keheilleren Pastorala
Joseba Aurkenerena
Aurten Barkoxek hartu du pastoralaren lekukoa, eta nola gainera. Barkoxtarrak beti izan dira euskal kulturaren eta pastoralaren zale handiak eta oraingoan ere garbi utzi dute Barkoxek horrela jarraitu nahi duela. Barkoxe beti haboroxe dio bertako atsotitzak eta aurten ere erran zaharra ongi betetzen ahalegindu dira. Patrik Keheille barkoxtar semea izan da pastorala idatzi duena eta duela bi urte zendu Attuli kantu egile eta idazle barkoxtarra aukeratutako süjeta.
Jadanik, hamazazpi dira, ezagutzen ditugun kroniken arabera, Barkoxek jokatu dituen pastoralak: Juana Parisekoa 1777an, Juan Arkekoa 1792an, Aimunen lau semeak 1818an, Abraham 1821ean, Napoleon 1880an, Roland 1883an, Mustapha 1910ean, Saint Jacques 1911n, Guillaume IIa 1929an, Etxahun koblakari 1953an, Aimunen lau semeak (zati bat soilik) 1954an, Etxahun koblakari 1962an, 1974an eta 1986an, Herriko semeak 1998an eta 2010eko uztailaren 25ean, igandearekin, jokatu zuten Xahakoa.
Barkoxeko pastoral hauetan izugarri ongi islatzen da pastoralak denboran zehar izan duen garapena. Hastapenetan sainduen eta kanpoko buruzagi handien bizitzak jorratzen zituzten, eta 1953. urtetik, hau da Etxahun-Irurik idatzitako Etxahun koblakari pastorala jokatu zutenez geroztik, süjeta beti izan da loturik Barkoxerekin eta Euskal Herriarekin.
Hasiera batean, Etxahun Barkoxe izan zen, behin eta berriz, errepikatu zen süjeta, barkoxtarrak ez baitziren zorigaitzeko koblakariaren pastoralarekin akitzen, baina 1986eko pastoralean, Patrik Keheille herriko semea hautatu zuten pastoral idazle eta süjeta Barkoxerekin lotua bai, baina hirukoitza, Barkoxeko hiru seme jorratu baitziren aipatu pastoralean: Beñat Mardo koblakaria, Pierra Topet Etxahun eta Leon Üthürbürü, XIX. mendean Ameriketan aberastutakoa. Hura izan zen Keheilleren lehen pastorala eta lehen garaipena arlo labainkor horretan, biziki ederra eta ongi eratua atera baitzitzaion.
Oraingo hau Keheilleren bigarren pastorala izan da. Dena den, erran beharra dago urte hauetan zenbait ikusgarri landu dituela eta arrakasta handiz gainera. Barkoxek beti barkoxtarra nahi eta Keheillek Alexis Etxekopar-Attuli koblakari zendu berria hautatu du süjetarako. Horretarako barkoxtarrek eta gainerako zuberotarrek gehien ezagutzen duten kantuaren izena, Xahakoa (Zahatoa) izenekoa hartu du titulu gisa.
Goizeko 10etan Jeanot Etxetok meza ederra eman zuen Barkoxeko elizan. Eliza jende mukuru zen. Zuberoan bada beste erran zahar bat horrela erraten duena: Goizanko meza edderra bada, pastorala ere edderra date. Eta goizeko meza eder hark arratsaldean jokatu behar zenaren aitzindaria izan zen. Meza bukatu ondoren, karrika üngürüa izan zen.
Arizaleak garai hartako auto zaharretan ibili ziren. Euskaldunak XX. mendeko hasierako arropaz jantzirik zihoazen eta aleman naziak Gestapoaren edota armada alemaniarreko uniformeez eta SS-etakoen gabardina handiez. Auto horietako batean ohiko apezpiku, apaiz et aingeruekin, hiruzpalau serora (moja) zihoazen. Euskaldunak irriz eta kantuz, alemaniarrak nazien modura agurtzen eta erlijiosoak era guztietako bedeinkazioak ematen.
Gero Zuberoako Ikastolak antolatutako bazkari eder baten inguruan bildu ziren denak, bapo bazkaltzeko eta kantu zuberotar ederrez hango bazterrak alaitzeko. Eguraldia ez zegoen bat ere segurua, eta inguruko mendietatik hodei beltz-beltzak hurbiltzen ziren, gero eta gehiago, Barkoxe aldera. 3,30etan, puntu-puntuan, hasiera eman zioten pastoralari. Zuberoatik eta Euskal Herriko bazter guztietatik etorritakoek harmailetan prestaturiko 2.200 jarlekuak betetzen zituzten.
Keheillek idatzitako trajeria arrunt ederra suertatu zen eta ikus-entzuleek txaloaldi luze eta beroez, behin eta berriro, saritu zuten arizaleen lana. Egia da testua ederra eta egokia zela, baina baita Fabian Lexardoi errejentak, Sophie Larrandabürü kantu irakasle-moldatzaileak, eta Catherine Arzanuthurri dantza irakasleak egindako lana ere. Arizale guztiak orokorrean ongi aritu ziren. Ene zorion beroena pastoral honetan modu batean edo bestean parte hartu duten guzti-guztiei, arte-lan eder bat egin baitigute. Keheillek bigarren pastoral honekin ederki erakutsi digu geroan ere pastoral ederrak onduko dituela.
Aipa ditzadan segidan pastoral honetan izan diren zenbait ezaugarri: Attuli erreferentzia edo ardatza izan da Barkoxen XX. mendearen hasieran gertatutako zenbait pasarteren berri emateko, halanola: II. Gerla Handiak Barkoxera ekarritako ezbeharrak, nazien okupazioa, 1944ko uztailean naziek egindako sarekada eta hilketak, askapenak sorturiko bozkarioa, maskaraden berrabiatzea eta nesken sartzea, Etxahun-Irurik ekarritako pastoral berria, gazteen erromeriak
Patrik Keheille pastoral-idazlea arizale aritu da. Satan-dantza ugari izan dira pastoralean zehar, eta horietan aritu diren dantzariak, neskak eta mutilak, biziki onak. Artaldea birritan igo dute oholtzara, eta bertan utzitako gorotzak garbitzen frantses mugazainak aritu dira ikus-entzuleen irri eta barreak sortaraziz.
Kantuak, bai Attulirenak eta baita Patrik-ek eta beste lagun zenbaitek egindakoak izugarri ederrak suertatu dira. Nik bat aipatzekotan, elizan eta oholtzan kantatu zuten Argizagia jakile izenekoa aipatuko nuke, denbora berean hagitz alegera eta solemnea baita.
Den-dena ederra eta ongitxo burutua iruditu bazait ere, esan beharra daukat ohiko güdüken (borrokaldiak) falta sumatu dudala. Badakit ez dela ezinbesteko elementua, baina historiaren garapena ikusirik, uste dut izan zirela zenbait abagune horretarako egoki zirenak. Horietako bat naziek mutil gaztea tiroz hil zutenekoa.
Zuberoako ekia ez zen Barkoxen izan, eta lantzerra han ibili zen pastorala zenbait momentutan arriskuan jarriz. Hala eta guztiz ere, pastoralak zortea izan zuen bidaide, eta bukatu bitartean ez zuen zaparrada handirik bota. Bota zuenerako jendea xapito azpian zegoen zintzurra bustitzen, eta horrela egonik, haiei bost axola zaparrada. Espero dezagun hurrengo bi emanaldietarako ekia Zuberoara itzulia izatea.
Gaueko 11,30ak arte han bildutakoak berriketan eta kantuz aritu ziren, gero Ikastolak zerbitzatutako afari goxoaren inguruan gaueko ordu ttipiak arte jarraitzeko. Gu lehenago abiatu ginen, gaueko 9ak aldera, eta oholtzaren aitzinetik pasatzean han ikusi genituen bospasei neskatxa eta muttiko makilekin pastoraleko pausoak egiten. Keheillek eta Barkoxek badute harrobi gaztea.
Komentarioak
Joseba Aurkenerena
2010-07-28
Barkatu irakurle, Attuli ez zen duela bi urte hil, duela bost urte baizik, 2005. urtean, hain zuzen.
Bixente
2011-03-28
Biba pastorala! Zer lizateke Xiberoa pastoralik gabe?
















- 