Begiraleak Quebec-eko lurretan
Joseba Aurkenerena
Uztailaren 8tik 18ra Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteko hogeita hamahiru lagun (dantzari, kantari, musikari eta laguntzaile) Quebec-eko lurretan barna ibili ziren, euskal kulturaren berri emanez.
Uztailaren 9an, Trois Pistoles hiriko Euskal Abenturaren Museoan sekulako saioa eman zuten. Iñaki eta Beronika Maritxalar senar-emazteak eta Xabier Soubelet kantari aritu ondoren, Begiraleak elkarteko dantzariek erakustaldi bikaina egin zuten bertara hurbildutako euskal diasporako ehun bat lagunen txaloak jasoz.
Uztailaren 10ean, igandearekin, lapurtarrek Trois Pistoleseko meza nagusia animatu zuten Aita Gurea euskaraz kantatuz eta aldare aitzinean ezpata-dantza ezin ederragoa eskainiz. Elizatik ateratzean, Miamin bizi den Beñat Artallet hazpandarrak Gora Euskadi askatua! eta Vive Quebec libre! oihukatu zuen lau haizetara denen bihotzak hunkituz.
Trois Pistoles-etik Quebec hirira abiatu ziren eta Quebec ederretik Drummondville izeneko hirira. Azken hiri horretan, urtero, Mondial des Cultures ospetsua antolatzen dute, munduko folklorearen jaialdi gailurra izaten dena. Bertara mundu zabaleko dantza taldeak hurbiltzen dira. Euskal Herritik Begiraleak donibandarra izan da bitan bertaratu dena eta behin Iruñeko Muthiko Alaiak elkarteko dantza taldea.
Kirola arloan olinpiada izaten da hitzordurik garrantzitsuena eta folklore mailan, berriz, Drummondvilleko mundiala. Urtero hamabost talde hautatzen dituzte bertara joateko, eta aurten Euskal Herria ordezkatuz joan den Begiraleak donibandarraz gain, honako taldeak hurbildu dira: Quebec-eko Les Pieds Légers, Brasilgo Gemp Cia. de Dança, Peruko Universidad Cesar Vallejo, Mexikoko Raices del Tec de Monterrey, Guadalupeko Viard Nouvelle, Tahitiko O Tahiti E, Txinako Jiaxing Mass, Vietnam-eko Hoa Mao, Indiako Rang Puhar, Argentinako Instituto El Cimerrón, Txinako Leshan eta Drummondvilleko Mackinaw.
Mundial honetara joaten diren elkarteak Drummondvilleko bigarren hezkuntzako institutu handi batean aterpetzen dituzte, eta bertan egiten zaizkie zenbait elkarrizketa, bideo eta argazki. Hortik hiriko zenbait tokitara eramaten dituzte euren dantza eta kantu saioak egin ditzaten. Egunero bizpahiru saio izaten dituzte denek. Ohikoenak jendaurreko saioak izaten badira ere, badira interakzio izeneko ekitaldiak, zeinetan beste kulturetako ordezkariekin batera aritu behar izaten den, eta baita haurrentzako saio bereziak ere. Horietan guztietan ibili dira aurten Begiraleak elkartekoak, guzti-guztietan arrakasta handia atzeman dutelarik.
Ekitaldi nagusiak agertoki handian egin beharreko bi saioak eta kaleetan barrena egiten den ibilaldi edo desfilea izaten dira. Agertoki nagusian euskaldunek euren trebezia eta dotorezia erakutsi zuten bertara hurbildutakoen aurrean, eta desfilean arrakasta handia lortu zuten. Ibilaldi hau asteartean, uztailaren 12an, izan zen, gaueko 9etan hasi eta 11etan amaitu zelarik. Kilometro eta erdiko ibilaldia izaten da, eta ikus-entzuleek, espaloietan jarririk, bide osoa betetzen dute. Aurten ehun mila ikusle inguru izan dira bertan. Begiraleak elkartekoak airoski ibili ziren Drummondvilleko karriketan. Orga batean musikariak zihoazen, eta gibelean dantzariak Baxenabarreko inauteriko arropez jantzirik. Horietaz gain, Donibane Lohizuneko inauterian ateratzen diren hartza eta hartz-eramailea eraman zituzten. Jendeak biziki ongi hartu zuen euskal ordezkaritza, gure herriaz eta hizkuntzaz galdetuz, edota gure hartzarekin eta dantzariekin batera argazkiak eginez. Polita zen Drummondvilleko parke handian, gainerako herrietako ikurrinen ondoan, euskal ikurrina, haizearen jostailu, ikustea.
Uztailaren 16an, larunbatarekin, Begiraleak elkartekoak Montreal aldera abiatu ziren eta hiria bisitatu ondoren, bertako Euskal Etxera bertaratu ziren. Gauean, lo Montreal-eko euskaldunen etxeetan egin ondoren, hurrengo egunean, kanpo aldeko etxalde batean antolaturiko euskal afaria animatu zuten. Afari hau Montreal-eko euskal diasporak antolatua zen, eta giro ezin hobeaz ospatu zuten Begiraleak elkartekoek eta bertan bizi diren euskaldun-quebectarrek. Huraxe izan zen donibandarrek Quebec-en egin zuten azken ekitaldia, hurrengo egunean, uztailaren 17an, igandearekin hegazkina hartu eta Euskal Herrira itzuli baitziren.
Lerro hauetatik gure kultura Quebec-eko lurretan erakutsi zuten lapurtarrak zoriondu nahi ditut, ekitaldi ezin hobeak, kalitate handikoak burutu baitzituzten, eta baita mundu aurrean Euskal Herria herri bat dela, hau da, nazio bat, argi eta garbi erakutsi zutelako. Nik gogoan ditut Jon Elizalde donibandarrak Montreal ondoko Kirkland herrian duten etxean, paretan ezarririk irakurri ahal izan nituen bi testuak. Lehenak honela zioen: "Hau ez da Frantzia, hau ez da Espainia, Euskal Herria" da bertan bizi direnen abertzaletasunaren seinale, eta bigarrena Iparragirreren kantu baten zatia den pasartea, honela zioena: "Herrialde guztietan toki onak badira, bainan bihotzak dio: zoaz Euskal Herrira!" Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldun guztien herriminaren erakusgarri.
Komentarioak
iban
2011-07-21
Aupa Begi!
Mirentxu Sarasola
2011-07-24
Horrelako gauzek izugarri balio dute herri baten irudia eta nortasuna zabaltzeko. Zuek izan ziztee gure enbaxadorik onenak. Biba zuek!
Kattalin
2011-07-25
Milesker Begiraleak elkarteari gure seme-alabak Quebec-era eramaiteagatik. Gazteek dena eman dute, baina Begi-k ere ahal izan duen guztia eskaini die. Biba zuek!
Andoni J.
2011-08-12
Horrelakoak gehiagotan egin beharko genituzke, horixe baita modurik onena atzerrian hemen, Pirineoaren bi aldeteetan, Herri bat dela azaltzeko.
Bettiri
2011-09-02
Domaia da prentsan ez dutela horretaz ainitz mintzatu.
Aintzina Begiraleak-eko dantzariak!
















- 