Belagileak. Ttittika Rekalten bigarren pastorala (eta II)

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2009-09-21 11:20:34

Pastoral hau uztailaren 26an jokatu zen lehen aldiz eta agorrilaren 2an bigarrenez. Ni lehenengora joan nintzen Iñaki lagun bizkaitarrarekin batera. Goizean ohiko meza eta ondorengo karrikaldia edo zintzarrada izan ziren. Arratsaldeko 3,30etan hasiera eman zioten pastoral saioari. Sargorio handia zen arren harmailak beterik zeuden, baita aurrez aurreko harmailaren gibelaldean bi haritz sendok eskaintzen zituzten gerizpe-gune goxoak ere. Esan dezadan harmaila hau mendi mazela baten inklinazioaz baliatuz zurez eginak zituztela, Aloze-Ziboze-Onizeko herritarrek, garai bateko pastoral zaharretan egiten omen zen bezala.

Oholtzako deabrüa (4) ere, berezi samarra zen, ohiko gorri-beltza izan beharrean, kolore anitzetakoa eta neurriz handiagoa baitzen. Kristal ezkatez egindako begi handi-handiak zituela zirudien. Polita zen oso.

Belagile edo sorgin nagusia Nernatenako Mariatxo izenekoa zen eta buruan garai hartan euskal emakumeek burua estaltzeko zerabilten kapela falikoa zeraman, baina kapelako buztanak zakil baten itxura ikaragarri handia zuen, garai hartako erotismo libreagoaren berri emateko nahita horrela diseinatua pastoralerako. De Lancrek Lapurdiko emakumeak sorginak zirela frogatzeko zerabiltzan argudioetako batzuk honako hauek ziren:

1.- Belarrak erabiltzen zituzten ukendu eta edari sendagarriak egiteko.

2.- Euskaraz, hau da, deabruaren mintzairaz mintzo ziren.

3.- Adan eta Ebak paradisuan jan zuten sagar debekatuaren zukua, hau
da, sagardoa edaten zuten.

4.- Dantza eta festetan sexu harreman libreak erakusten zituzten, edo
horrela iruditzen zitzaion, bederen, De Lancre hertsi zoroari.

5.- Gizonak Ternuan zirenean, Lapurdiko emakumeek gobernatzen
zuten etxe eta lurretan, gizonaren rola harturik. Eta hori frantsesen
ikuspegitik sinestezina zen.

6.- Deabruaren gurutzea, hau da, lauburua erabiltzen zuten.

7.- Euskal sinesmen zaharretako jainko-jainkosak eta naturako indarrak
gurtzen zituzten, eta errito eta tradizio zahar ugari praktikatzen.

8.- Buruan bekatua zeramaten, inolako lotsarik gabe, hau da, lehen
aipaturiko zakil itxurako kapela.

Eta azken hori da Ttittika Rekaltek Nernatenako Mariatxoren kapelaren bidez oroitarazi eta aldarrikatu nahi izan duena: sexuaren erabilera librea, hain zuzen ere.

Pastoral hau ez da Ttittikak egin duen lehena, 2005ean, Ahüzki mendiko zulo batean, agertoki guztiz natural batean, eta zuzien argipean, Oiherkoren trajeria izenekoa jokatu baitzen. Oraingo hau, beraz, jokatzen den bere bigarren pastorala da, eta Oiherkoaren mundu magikoaren nolabaiteko jarraipena dela esanen nuke nik.

Pastoral honen errejenta Ttittikaren anaia den Jean Pierra Rekalt izan zen, eta ohikoa duen bezala, biziki lan ona egin zuen. Emakume jostunen buru den Erramun Gartzia-Zabalegik, urtero bezala, bere trebezia handia erakutsi zuen, janzkerak ederrak, kolore handikoak eta garaiarekin ongitxo uztartuak egin baitzituzten. Mixel Etxekoparrek, Niko Etxartek eta Oihan Oliarjek kantu moldatzaile eta irakasle ezin hobeak direla erakutsi zuten oholtzara igo ziren aldiro. Jokülariek ere, maisuki egin zuten lan. Ene irudikoz indar handiko pastorala izan zen, , adierazkortasun eta iradokizun handikoa.

Berrikuntzen aldetik aipa ditzadan honako hauek:

1.- Hizkeraren gordintasuna. Hona hemen kobla zenbait adibide gisa:

47.- Kabale balde dira
Urden erditan ohatzen
Denbora gehiena xuritzen düe
Bata besten tzikhokatzen
.

48.- Urdaña ederrik ere bada
Titiak beti tzilintzau
Süsaltzen dira entzün baiko
Gizonen ganik “txauri txao”!


50.- Koskollik batere gabe dira
Gure gizon ükül horik
Nago mündüan badenez
Egiaz horik bezalakorik!


2.- Koblen gogortasuna, publikoaren erantzun eta haserrealdia bilatzen zutenak. Adibidez:

126.- Emazteak behar dü jakin üken
Egoiten bere betiko leküan
Sorginkeria horiek üko egin
Ta jarri gizonaren zerbütxüan!


3.- Oholtzan, ohiko deabrü gorri-beltzaren ordez, koloreetako deabrüa. Lehen aipatu duguna.

4.- Aurrez aurreko harmaila, zurez eta mendi penditzaz baliatuz egina zen.

5.- De Lancreren bakarraldia hizketan (136), inolako koblarik gabea. Bere mezuan biziki gogorra zena. “…bena debrüaren eskütik elki, kosta ahala kosta, süiaz bada süiaz…”

6.- Süjeta ez zen pertsonaia bakarra, ohikoa den bezala, kolektibo bat baizik: Lapurdiko belagileak edo sorginak. Patrick Keheillek Barkoxen, 1998. urtean, jokatu zen pastoralean honen aurrekaria burutu zuen, lau süjeta eta lau aro erabili zituenean.

7.- Koblen bukaerako errepikapena zinez fite egiten zuten, Mañukortak bertsogintzan darabilen moldea gogora zekarkiguna.

8.- Azkeneko urteetan izan dira neskak satan-dantzetan, baina oraingoan janzkera berezia zeramaten: gona beltza, txanbra eta txapel gorriak, eta borla beltza.

9.- 13. jelkaldian sarrera atabalez bideratu zen, lehen kobla izugarri gogorra izan zelarik:
148.- Herroka bite zale honarat
Alü süsal urdaña horik
Eta laster minta bite
Balin badüe erraitekorik
.

10.- Pastoral-libürüan tartekaturik azaltzen diren marrazkiak. Egilea Gonzalo Etxebarria izan da, eta maisukiro jorratu ditu sorginekin eta torturekin loturiko irudiak. Bada horietako bat, amerikarrek irakiarrekin egindako tortura basatiak gogora ekartzen dituena. (123. or.)

Dena den, aipatutako berrikuntza hauek guztiak izugarri ongi integratuak ziren pastoralaren egituretan. Horixe izan da, Ttittikak eta lan talde osoak izan duten lorpenik handiena.

Kantuak eta dantzak biziki ederrak izan ziren. Aipa ditzadan lehenengo kantorea, bale arrantzaz ziharduena. Bazuen indarra eta arras adierazgarria zen. Hauxe izanen da, nire ustez, euskal kantutegi herrikoian laster sartuko den abestia. Letra Ttittikarena da eta doinua Mixel Etxekoparrena. Bigarren kantorea ere aipatzeko modukoa da. Bere bukaera oraindik dabilkit belarrietan: “…isilik egoitea zaükü galteginik”
8. jelkaldian (5) izan zen artzain kantorea (6) ederra izan zen zinez. Hori bai entzun-ikusleok ohiko artzanoraren (7) eta taloen falta sumatu genuen. Artzainekin eta ardiekin batera oholtzara igo zen asto zuria eder bezain burugogorra suertatu zen, ez baitzuen oholtzatik jaitsi nahi. Azkenean bost gizonen artean, tiraka eta bultzaka jaitsi behar izan zutelarik.

10. jelkaldian Telesforo Monzonen Haize hegoa izeneko kantu ederra sartu zuten, baina zubereraz. Hona hemen Alozen entzun genuen bertsioa:

Aize hegoa gaü epela
Argizagian (8) argi
Mutxurdinak leihoetan
Hegatzean (9) gatü bi
Bide ondoan zonbait kanta
Gaüerdiz arduari
Hargaineko sorgin zaharra
Keinüka argizagiari.


Aipatzekoa da ere, De Lancreren ihesa kontatzeko Mixel Etxekoparrek egindako dantza ederra. Dantza hau gure plaza eta erromerietan dantzatzeko modukoa da. Ene ustez, erakutsi eta zabaldu beharko litzateke. Badu letra esanguratsua, Ttittikak egina. (137. or.)
Azken kantorea (155. or) ere, eder-ederra iruditu zitzaidan. Aloze, Ziboze eta Onize Gaine herrien izpiritua eta auzo-lana maisuki laburbiltzen baititu.

Egilea Onize Gainen bizi den Niko Etxart kantari famatua da.

Hor axolbea dügü oroek
Izan dadin arogaitz edo aize
Azkarki bateginez hiruek
Hona Aloze-Ziboze-Onize.


Azken perediküan, 195. koblan, Ttittikak Euskal Herria bitan banatzen duten estatuak gogor kritikatu zituen:

Eüskal Herrian egün
Ez da bestelakorik ikusten
Estadoen beharri gorrek
Süari sü beitüe emaiten.


Azkeneko bi koblak (197 eta 198) euskararen aldeko aldarri garbia izan ziren:

Azkenik ohar ttipi bat
Heben zideen güzier
Gure mintzajearen geroaz
Interes zerbait düener.


Aloze, Ziboze eta Onize
Eüskarari gira etxekiak
Dakian bakotxak mintza dezala
Goza dezan bihar haurñiak
(10).

Alozeko pastoralak hiru oren iraun zuen, eta hiru orduetan zehar, publikoak adi jarraitu zuen, esku-zarta handiak eskainiz. Bukaeran ere, txalo zaparrada handia izan zen, pastoralaren mezua, edertasuna eta bertan parte hartutako guztien lan handia gogo onez sarituz. Gero izan ziren ohiko antxerak (11). 200 eurotan hasi ziren eta Ezpeizek irabazi 1900 eurorekin. Horrela, joan den urteko Xiberoko Jauna pastoralean parte hartu zutenak oholtzara igo ziren moñeiñak eta aintzina-pika dantzatzera.

Buka dezadan artikulu hau Ttittikak Monzoni Haize hegoa kantuaren bidez egindako aipua gogoraziz. 2010eko pastorala Barkoxen jokatuko da. Keheillek egina izanen da, Zahatüa izenekoa; eta 2011n Larrainen, Johaiñe Bordaxarrek idatzitako Telesforo Monzon izenekoa. Beraz, badugu etorkizun ederra pastoralendako hurrengo bi urteetan.

Xehetasun batzuk:

4.- Deabrüa: Oholtzako ate gorriaren gainean dagoen deabru itxurako panpina. Süjetaren kontrako zerbait
gertatzen denean, bizkarrean zintzilik duen sokatik tiratuz dantzatzen dutena.

5.- Jelkaldi: Pastoralaren kapitulu modukoak.
6.- Kantore: Kantua zubereraz.
7.- Artzanor: Artzain-zakurra.
8.- Argizagi: Ilargia, iretargia.
9.- Hegatz: Teilatua zubereraz.
10.- Haurñi: Haurtxoa.
11.- Antxerak: Pastorala bukatzen denean egiten den enkante modukoa. Honen helburua pastorala egin
duen herria sosez laguntzea da. Antxeretan irabazten duen herriak eskubidea du bere herritarrak
oholtzara igo daitezen eta moñeiñak eta aintzina-pika dantzatuz zein dantzari on diren erakuts
dezaten.


(Artikulu honen lehen zatia irakur dezakezu hemen )


Komentarioak

Komentarioa idatzi