Biba Larraineko maskaradak !
Joseba Aurkenerena
Aurtengo lehen maskarada urtarrilaren 10ean jokatzekoa zen Basabürüko Larraine herrian, baina egun haietan Euskal Herri osoan bota zuen elurte handia zela eta, astebete gibelatu behar izan zuten larraintarrek. Eta horrela, zazpi egun berantago, hau da, urtarrilaren 17an, jokatu zuten urteari zegokion lehen maskarada. Bortüak zuri-zuriak eta hotz ikaragarri handia zen arren, larraintarrek hasiera eman zioten urteko lehen maskaradari. Han geunden guztiok arropez beterik ginen, haatik, hotza hezurretaraino sarturik genuen.
Bederatziak aldera zabaldu zuten lehen barrikada Logibarreko aterpe aintzinean. Bigarrena Larraineko kanpo aldean, Robert eta Katti Larrandabürüren Haitz Handia etxean izan zen. Hirugarrena herri barneko B. Despouez aterpe-ostatu aintzinean. Laugarrena Etxemaite ostatu famatuaren aurrean. Bertako seme batek bühame moduan atera behar zuen maskaradan, baina bezperan lepauztaia hautsi eta han zegoen, bekaitzaz, gainerako adiskideei begira. Bosgarrena Etxeber-hiri okindegi izandakoaren aurrean, seigarrena Herriko Etxearen aintzinean, aurrez aurre dagoen Parratxa izeneko etxekoek eskainirik, zazpigarrena Gaineko Plazan, Karrikabürü kafe-tabakoak emanik eta zortzigarren eta azkena Herriko Etxeak eskainitakoa. Zortzi barrikadetan dantzariak eta gainerakoak ederki aritu ziren burututako dantza eta jauzietan.
Herriko Plazako bazter batean, ikastolako burasoek txabol-soto edo kantina moduko bat prestatuta zeukaten eta bertan aritu ziren luzaz era guztietako taloak egiten eta saltzen. Dena jarraian agitu zen, etenik gabe, zortzigarren barrikada amaitu eta handik oren erdi batera hasi baitzen arratsaldeko maskarada saio nagusia. Egia erraiteko, ezin zitekeen beste modu batez egin, Bortüetako elurrari pott emandako haizeak hango bazterrak karroindatzen baitzituen, eta haiekin batera, maskaradan parte hartzen edota ikusten eta entzuten ari ginen guztiok. Bizirauteko kontua eta antolamendua zen hura.
Larrainen 1997. urtean jokatu zen azken maskarada biziki ederra izan zen eta orduan parte hartutako zenbaitek errepikatzen dute oraingo honetan. Maskarada Zuberoako gazteentzat, besta eta sartze-errituala dela erraiten ahal da, horietako ainitz helduen mundura maskaradaren bidez sartzen baitira, eta ordura arte galarazirik ukan dituzten erokeriak egiten baimentzen baitzaie.
Maskaradan euskaldunon manikeismoa, hau da, kontrakoen arteko etengabeko borroka agerian dago. Pertsonaiak bi taldetan banatzen dira: gorriak eta beltzak. Gorriak euskaldunak dira, jende zintzoa, garai bateko lanbideak ordezkatzen dituztenak: perzkinak, ferratzaileak, laborariak, herriko jaun-andereak
Beltzak, berriz, kanpokoak dira, behartsuak, jende kokina, eta etengabeko desafioan ibiltzen dira gorriak zirikatuz. Gorrien artean aintzindariak daude (Txerrero, Gathüzain, Kantiniersa, Zamalzain eta Entseinaria) eta beraiek izaten dira dantzaririk onenak. Hauez gain, Herriko Jauna, Anderea, Laboraria, Laborarisa, marixalak eta kükülleroak. Beltzen artean, berriz, kherestüak (nausi eta mithil), xorrotxak (nausi eta mithil), bühameak, kaüterak (Kabana -kaüter nagusia-, Pitxu, Pupu
) bedezia eta bedezi lagüna.
Aurtengo maskaradan Kabana Handia pertsonaia Allande Etxeto da, Herve Ameztoi bühame handia, Mathieu Bengoetxea Pitxu, Herriko Jauna Nikolas Bengoetxea, Herriko Anderea Mirentxu Camy, Laboraria Pette Etxebest, Laborarisa Cristelle Elgoien, eta xorrotxak Nadine Elgoien eta Ximun Akozeberri.
Gorrien eta beltzen arteko gatazka estakurutzat harturik, urte osoan aipatu ezin diren aferak edota egin ezin diren kritikak plazaratzen dituzte. Gaurkotasun handiko gaiak izaten dira, ontsalaz, jorratuenak. Herriko jaunak,, apezak, kontseilariak, hautetsiak, hede xuriak
izaten dira aunitzetan kritika horien xede.
Egun osoan zehar errepikatzen diren dantzek erritual kutsua ematen diote maskaradari, karakoil edo barraskilo itxura hartzen duen brailea izenekoa garrantzitsuena delarik. Ardoz betetako edalontzi baten inguruan, edota gainean, dantzatzen den godalet-dantza ospetsuak askoren miresmena erakartzen du.
Maskarada, euskal inauteria guztiek bezala, neguko solstizioarekin hasten da eta udaberriko ekinozioarekin amaitzen, hau da, urtarrilaren erdi aldetik-edo, apirilaren bukaera arte, gutxi gora-behera.
2010ekoa ere, apirilaren 25ean, Larrainen, berriz ere, bukatzekoa da. Lurraren loaldia eta iratzartzea irudikatzen ditu eta hartzak ere bere tokia ukaiten du, baita aurtengo maskaradan ere. Hartza euskaldunon animalia totemikoa da, gure arbaso zaharrekin batera, antzinako aroetan negua leize-zuloetan aterbeturik iragaten zuena. Zuberoan esaten denez, hartza omen da euskaldunon lehen arbaso zaharra.
Heriotza negua- eta arrapiztea udaberria- irudikatzen dituen inauteko ikuskizun honetan, urtero errepikatzen den ziklo honen azalpena argiro agertzen zaigu maskarada osoan zehar. Pitxu da horretarako hautatutako pertsonaia. Maskaradaren bukaera aldean Pitxu hiltzen da, itota, beltz guztiek batera bere gainera jauzi egiten dutenean, eta berpizten da bedeziak espantu handiko ebakuntza egiten dionean. Urtero izadian errepikatzen zaigun etengabeko zikloaren irudikapen garbia da. Pitxu berriro piztu ondoren, azken kantu batez ematen zaio bukaera maskaradari. Aurtengoa Robert Larrandabürük egina da bai letraz eta bai ahairez.
Arratsaldeko saioan betiroko dantzekin batera (brailea, aintzina pika, godalet dantza
), larraintar dantzariek urteetan Larrainen emana izan den Arinki izeneko sorkuntza dantzatu zuten. Dantzari guzti-guztiak biziki ongi aritu baziren ere, aipamen berezia merezi dute Jean Pierre Akozeberri zamalzainak eta Johañe Etxebest entseinariak, hauen oinak ez baitzebiltzan lur karroindatuaren gainetik, Bortüetako hodeien artean, Orhiko Xori miresgarria bizi den hodei horien pare baizik. Arratsaldeko 4,30etarako lehen maskarada hura bururatua zen.
Erran dezadan, Larraineko lehen maskarada hura arrunt ederra iruditu zitzaidala, basa samarra agian, baina hagitz ederra. Nire ustetan, arno onari gertatzen zaion bezalaxe, agituko zaio. Igandero errepikatzean zahartuz joanen da eta baita onduz ere. 1997an Larraineko herriak jokatu zituen maskaradak zinez ederrak izan baziren ere, 2010ean jokatuko dituenak haiek bezain ederrak izanen direlakoan nago.
Biba Larraineko maskaradak!
Biba Xiberoa!
Komentarioak
anonimo
2010-04-01
http://xiberokobotza.org/component/content/article/15-kronikak/207-asteleheneko-kronikak
Kauter Perediküa
Joseba Aurkenerena
2010-04-02
Lagün anomimo hori, hik erran Kauter Perediüa entzün deiat, eta hireki nük. XXI. mentean gaüza horiek ez ditük barre egitekoak. Ez ditük gaüza irringarriak, bizitzaren errealitatea beno, eta ororen errespetüa merezi ditek, baita maskaradetan ere.
Izan hadi.
Joseba Aurkenerena
















- 