Daniela Albisu, Urruñako idazle sutsua

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2011-04-13 11:29:07

Daniela Albizu Berasategi Urruñan sortu zen 1936ko maiatzaren 23an. Aita Leon Albizu Perez de San Roman arabarra zuen, Ilarduia herrikoa eta ama Nizeta Berasategi Mintegi gipuzkoarra, Urtsuaran herrixkakoa. Rif-eko Gerlatik ihes egiten Lapurdira etorri ziren. Aita ideologiaz komunista zen eta ez zekien euskaraz. Geroxeago, Urruñan bizi zela, ikasi bazuen ere. Ama, berriz, biziki giristinoa zen, eta euskaraz bakarrik hitz egiten zuen.

Jadanik ezkonduta zirela, eta Espainiak Marokoko Rif aldean zuen gerlara ez joateko, desertatu, gurdia etxeko ondasunez eta hargin ofizioko tresnez bete, eta Iparraldeko bideari ekin zioten. Gurdian, gainerako gauzen artean, bizpahiru txerri zekartzaten eta muga pasatzerakoan poliziek haien harrabotsak entzun ez zitzaten, rona eman zieten eta horditurik, erdi lotan, ekarri zituzten Urruñaraino.

Leon biziki hargin ona zen, eta eskualdeko baserrietan konponketak eta eraikinak egiten aritu zen, gehienbat. Ez zioten dirurik ematen, baserrietako mozkinak baizik, eta horrela bizi izan ziren lehen urte zail haietan. Bere eskuz altxatu zuen, Urruñarako bidean, ezker aldean, orduz geroztik albizutarren etxe eta habia izan den Iturrialde izeneko etxe handi ederra. Bitxikeria gisa, aipa dezagun berak egin zuela Kalbario mendiko gailurrean dagoen gurutze handia. Bitxia da, Leonek, komunista izaki, Urruñan den gurutzerik handiena egin baitzuen.

Albizutarrek lau seme-alaba munduratu zituzten: Beñat, Pierrot (+), Mariana eta Daniela, eta handitu ahala, lauek Urruñako plaza gibeleko eskolan ikasi zuten. Danielak maistra izateko ikasketak Baionan burutu zituen eta bukatu zituelarik, Donibane Garazi ondoko herrixka ttipi batera igorri zuten, bertako eskolako maistra izan zedin.

Garai hartan, frantses kolonizazioak gogor jotzen zuen Ipar Euskal Herrian, eta eskoletan euskararen kontrako jarrera sutsua erakusten zuten. Eraztuna eta horrelako jokoak erabiltzen zituzten euskararen prestigioa ahultzeko eta ikasleen ezpainetatik desagerrarazteko.

Danielak bazuen euskal sentimendu handia bere bihotzean eta ez zen nehoiz horrelako joko zikinetan aritu, haatik, euskararen aldeko jarrera garbia erakutsi zuen beti. Eguerdiro, eskolako ordutegitik kanpo eta sosarik kobratu gabe, bistan da, euskarazko mintzaldiak lantzen zituen zenbait ikaslerekin. Garazi aldeko eskola hartan izan zen bitartean, Vespa bat erabili zuen harat-honatekoetarako. Behin, ikasle bat Baionara eraman zuen Vespa hartan azterketa bat egin zezan.

Geroxeago, ikasketa gehiago burutu zuen, eta horrela maistra izatetik irakasle izatera igaro zen. Titulazio berria eskuratu ondoren, Donibane Lohizuneko Ravel Kolegioan aritu zen urte luzez frantsesa eta espainola erakusten. Baina bere egiazko nahia euskara erakustea zenez gero, zenbait urtetan Hendaiako Irandatz Kolegioan aritu zen gure mintzaira ederra bertako gaztetxoei erakusten.

Urruñan, Hazia euskal kultura elkartea sortzen eta bultzatzen lehenetakoa izan zen eta gauza bera Herritarrak mugimendu abertzalearekin. Aurkeztu ziren lehen hauteskundeetan kontseilari edo zinegotzi bat lortu zuten eta horretan aritu zen bederatzi urtez gure Daniela, Poulou auzapez eskuindarrari adore handiaz aurre egiten. Urte gogorrak Danielak jasan behar izan zituenak.

Gainera, ordurako, Franc Pilotterekin ezkondua eta bi seme-alaben ama zen: Domena eta Didier. 1990. urtean, alaba, Okzitaniako Tolosako unibertsitatean, ikasketak egiten ari zela, zorigaiztoko istripu batek bizia ostu zion hogei urte zituelarik. Gertakizun latz honek arrasto sakonak utzi zituen Danielaren baitan.

Baina mugagabeko saminari aurre eginez, Danielak, gaztetan hartutako konpromisoari eutsi, eta hurrengo bi hamarkadetan Iparraldean izandako mugimendu politiko abertzalean, euskal kulturan, euskararen irakaskuntzan,… buru-belarri sarturik jarraitu zuen. Militantzia politikoan ibili zen, bakearen aldeko xerkatzean Elkarri mugimenduari atxikirik, euskal presoen aldeko jarduera eta ekintzetan, euskararen irakaskuntza eta pedagogia bultzatzeko sorturiko IKAS elkartean -non zenbait urtez lehendakaria izan zen-, euskal aldizkarietan kolaborazioak eta literatur-lanak plazaratzen, itzulpengintzan,…

1979an "Hiru uhainak"izeneko ipuin eder eta gogoangarria plazaratu zuen Elkar argitaletxearen bitartez, eta 2003an, Maiatz-en bidez, "Lau sasoi", lau ipui liburu xarmangarria. Horretaz gain, ipuinak, gogoetak, olerkiak,… plazaratu zituen Maiatz eta Hatsaren Poesia izeneko aldizkarietan.

Idazteko biziki euskara ederra eta herrikoia erabiltzen zuen. Hasiera-hasieratik baturanzko bidea jorratu zuen. Hori dela eta, euskal aditza batuaren aldeko apustua egin zuen. Lexikoa eta erramoldeak, berriz, lapurtera bizi-bizitik hartzen zituen. Altxor handia da bere testuetan Danielak utzi diguna. Denok badaukagu zer ikasi testu horietan. Elkar argitaletxerako ere, euskal kultura eta etnografiazko zenbait liburu itzuli zituen espainoletik frantsesera. Aipa ditzagun hemen Koldo San Sebastianen eta Antxon Agirre Sorondoren liburuekin egindako itzulpen eder eta zuzenak.

Irakaskuntzan emandako azken urteak Donibane Lohizuneko Ravel Kolegioan egin zituen. Hor lanean ari zela, frantses poliziek atxilotu zuten eta Fleury Mérogis presondegira eraman. Bertan izan zen bi hilabetez, etxean Hegoaldeko iheslari bat aterpetzeagatik. Kartzelatik atera eta bi urteren buruan erretretan sartu zen. Baina erretretan bazen ere, bere militantzia eta konpromisoarekin jarraitu zuen. 2009. urtean, Alkartasuna Fundazioak Euskal Herriaren alde egindako lan bikainaren sari, diploma eman zion.

Gaur egun, 74 urterekin, aitak egin Iturrialde etxean da, Didier semearekin eta Kuki zakurrarekin, bizitzan orain arte nehoiz ezagutu ez duen ongi merezitako lasaitasunaz gozatzen. Milesker Daniela, gure hizkuntzaren eta euskal aberriaren alde egin duzun lan handiagatik. Biba zu!

Buka dezagun Danielak 2008ko Hatsaren Poesia aldizkarian, "Ahulezia" titulupean plazaratu zuen olerki gogoangarria azken lerro hauetara ekarriz. Iragarpen ezin hobea delakoan nago.

Xoriak ez du kantatzen,
olerkariak ez du bertsurik asmatzen,
egunero laino xuriek
zeru urdina dute estaltzen.

Iduzkia, ilargia eta izarrak
ez ditugu ikusten,
ekialdeko haize minak
basaki dauku agurtzen.

Banoa hartzaren harpera,
horren ondoan lo egitera.

Aurten hilaren 16an, Daniela Albizuk Urruñako Postan bere literatur lanak biltzen dituen Iturri-aldeko nere leihotik liburua aurkeztuko du Maiatz argitaletxearen eskutik, eta ondoren Urruñako zenbait elkartek (Herritarrak, Hazia,…) ongi merezitako omenalditxo beroa eginen diote.

Eguna ongi bukatzeko Urruñako Arotzenia ostatuan adiskide arteko bazkaria izanen da bertara hurbiltzen diren ororentzat. Hil bereko 25ean, Bazko astelehenez, Saran ospatuko den 28. Idazleen Biltzarrean ere, Danielak liburu berria aurkeztuko du eta Maiatz-en mahaian izanen da salgai.


Komentarioak

icon

Jone

2011-04-13

Danielak ongi merezi du urruñarren omenaldia.
Beti izan da euskararen eta Euskal Herriaren alde, baita behartsu guzien alde ere. Emazte paregabe eta gartsua da.

icon

Luixa

2011-04-14

Daniela izan da luzaz, bai Urruñan eta bai Ipar Euskal Herrian, euskalduntasunaren bide makurretik barrena gidatzen zuen argi distiratsua.
Ongi merezi du urruñarron eta euskaldun guzion esker ona.

icon

Bixente P.

2011-04-14

Danielak hori eta gehiago merezi du. Aupa Daniela!
Besarkada beroa zuretzat.

icon

Urruñako lagun bat.

2011-04-14

Urruñan sortu txori kantaria dugu,
askatasunaren alde egin du hegan beti,
mintzaira, herria, herritarrak
defenditu ditu gartsuki.
Orai gure esker ona eta maitasuna
helarazi behar dizkiogu
urte luzetan lanean aritu denari.
Milesker Daniela eta segi aintzina!

icon

Kattin eta Karmele

2011-04-14

Iturri-aldeko sorginari gure besarkadarik beroena.

icon

T.

2011-04-14

Biba Daniela. Urrunan ainitz maite zaitugu.

icon

PANPI

2011-04-14

Milesker Daniela. Zure ikaslea izan nintzen eta zuri esker euskara ez dut ahantzi. Katea ez da moztu. Muxu handi bat!

icon

Asier M.

2011-04-15

Ni ere zure ikaslea izan nintzen, Hendaian, eta zuri esker atxiki dut euskara. Aintzina Daniela eta milesker egin duzun lan baliosagatik.

icon

Mathieu

2011-04-15

Euskal Herri txinaurri langileez osaturik dago,
zu, Daniela, horietako bat izan zira beti.
Zueri esker euskara eta Euskal Herria
biziko dira betiko.

icon

Urrunar bat.

2011-04-15

Biba Daniela eta biba euskara!

icon

Añamari

2011-04-15

Urrunan Daniela maite dugu, beti behartsuen alde, euskararen alde, urrunarren alde egin baitu,
apal eta umil. Daniela ainitz beharko ginuke.

icon

Louis Garat

2011-04-16

Egungo omenaldia izigarri ederra izan da. Zorionak urrunarrer, Maiatz elkartekoer eta zuri, Joseba, egin mintzaldi ederragatik.

icon

Mixel

2011-04-16

Joseba, eta noizko Danielaren lan etnografikoak bilduko dituen liburua?

icon

Dominika Soule

2011-04-18

Horrelakoak egin beharko ginikek gure idazle guzien idazlaneki, geroan izan dadin guk ukan ez duguna.

icon

Migeltxo Galdos

2011-04-20

Aupa Daniela! Eskerrik asko denagatik.
Haizeak hitz egingo balu zuk egindakoaz...!

icon

Xabi

2011-04-21

Danielaren lan ixila, Danielaren lan haundia, izango dugu beti bihotzean. Behar zelarik hor zegoen beti prest, laguntzeko,lan egiteko, aurrera egiteko. Mila esker, Daniela, zor handia dugu zurekin.

icon

Maritxu

2011-04-21

Eskuara ez dugu galdu eta oraino eskualdun jarraitzen dugu zu bezalakoei esker. Daniela, urruñarrak beti egonen gira zorretan zurekin.

icon

Ander eta Amaia

2011-04-26

Daniela, Sarako Idazleen Biltzarrean zure liburua erosi dugu. Zinez ederra.

icon

Jean-Luk AZKAIN

2011-04-26

Euskal herriaren alde langile baliosa idazle fiña
Daniela ainitz sor zaitugu.

icon

Iñaxi - Donibane Lohitzune

2011-04-26

Izerrek bidea argitzen dute gauean, zu horrelakoa izan zira urte luzetan Lapurdiko gau tristean. Zuri eta zu bezalakoei esker, gaua egun bilakatzen ari zaigu. Biba Daniela! Biba Urruñako izarra! Aintzina euskaldunak!

icon

Allande

2011-04-26

Xiberoan ere maite haügü. Saran ebili gintünan hire xerka bena ez hintzen han. Har ezan gure pott handiena.

Adixkide zonbait beharrezkoak ditün orai
bena hi beti izan hiz beharrezkoa,
lehen, orai eta bihar.

icon

Zuk dakizuna

2011-04-26

Zure etxean eman zenidan aterpe,
zure etxean eduki ninduzun goxo eta babesturik,
ez ninduzun aurretik ezagutzen,
euskalduna nintzela jakitea aski zenuen
beso zabalik zure etxean hartzeko.
Nik egun haietan jakin nuen zer den euskaldun izatea,
zer den pertsona izatea, zer den egiazko konpromisoa.
Maite zaitut, Daniela,
maite zaituz bihotz handiaz.
Urrun nago zuregandik baina denbora berean hurbil.
Har ezazu nire besarkadarik beroena.
Adiorik ez, beti arte!

icon

Aines

2011-04-30

Lurra mintzo baledi zuk eginaz...

Komentarioa idatzi