Donibane eta Ziburuko ihauteria
Joseba Aurkenerena
Garai batean ospetsuak izan zirenak denboraren poderioz apaldu ziren, eta horixe da Donibane Lohizuneko eta Ziburuko ihauteriarekin hagitu zena. Handiak eta sona handikoak izandakoak urrituz eta apalduz joan ziren ia desagertu arte. Azken hamarkadetan, berriz, ihauteria lantzen eta bultzatzen aritu den lagun batzordeari esker, heriotzatik gertu zegoena eramoldatu, berritu eta indartu egin da, eta egun, Lapurdiko kostaldeko ihauteririk famatuena dela erraiten ahal dugu.
Ihauteri honek hiru zutabe handi ditu: Hartzaren Eguna (aurten urtarrilaren 30ean, larunbatarekin), Sorgin Gaua (aurten otsailaren 5ean, ostiralarekin) eta Zanpantzar Eguna (aurten otsailaren 6an, larunbatarekin). Ikus ditzagun banan banan:
1.- Hartzaren Eguna.
Larunbat goizean, lurraren eta biziaren urteroko arrapiztea sinbolizatzen duen hartzaren etorrera irudikatzen da. Urdazuriko plazatik irteten da eta Donibaneko karrikak zeharkatu ondoren, Zibururantz joaten da bertako plazan amaitzeko. Aurten, Begiraleak elkartean bazkaldu goxoa egin ondoren, konpartsa berriro kaleratu zen, Donibaneko eta Ziburuko bazterrak, berriro ere, pozteko.
Pertsonaiarik garrantzitsuena hartza bada ere, oso kontuan hartzekoak dira: zirtzilak, sorginak, hartz eramailea eta gainerakoak. Aurten lehen aldiz, Donibaneko Begiraleak elkarteko dantzariek Hiruburu izeneko koreografia aurkeztu dute, eta euri zaparradak eta hotza nagusi ziren arren, biziki ekitaldi arrakastatsua suertatu zen. Xabier Soubelet eta Patxi Adurriaga dira koreografia honen egileak. Hagitz lan polit, alai eta koloretsua egin dutela erran beharra daukagu.
Koreografia hau bost dantzak osatzen dute Begiraleak elkarteko dantzariek Hartzaren Egunean teknika handiz dantzatu zituztenak, eta badute kantu moduko errepika edo lelo bat amaiera aldean xaramelatzen dena:
Donibane eta Ziburu,
ihes egin denak seguru,
huru, huru, gu gira Hiruburu,
kasu jende eta inguru.
Dantza hauek irri-dantzen arlokoak dira denak, eta dantzarien imintzioek, keinuek eta oihuek horretara zuzentzen dute koreografia osoa.
Zortzi hiruburuk eta beste hainbeste zirtzilek dantzatzen dute esku artean daramaten sokari jarraiki. Lehenengoen izena lepo gainean daramatzaten hiru buru kapeladunekin loturik dago. Doinuak, dantzak, jantziak eta interpretazioa bikainak dira. Hirubururen koreografia hau Donibanen eta Ziburun klasiko bilakatuko delakoan nago. Denborak erranen.
2.- Sorgin Gaua.
Sorgin gaua Ziburuko karriketan barrena. Hauxe izaten da agian, egunik arrakastatsuena. Ihaute-konpartsaren buruan musikariak joaten dira, eta ondoren, konpartsari bidea zabalduz, suzia daraman akerra. Segidan euskal sorginez jantziriko tropa, zirtzilak, hartza, hartz eramailea eta gainontzekoak. Hauen gibeletik edozein mozorroz jantziriko beste guztiak.
Sorginek sorgin-dantzari ekiten diote bizpahiru tokitan eta ondoren denak fandango, arin-arin, mutxiko eta zortzikoetan aritzen dira. Emanaldia Ziburuko plazan amaitzen da, Begiraleak-eko dantzariek ohiko azeri-dantza egiten dutelarik. Aurten Hiribururen koreografia ere dantzatu dute, euririk gabe eta arrakasta ikaragarriaz. Gero, plaza erdian pizten den su magikoaren inguruan mutxikoak eta fandangoak denontzat. Gero gerokoak, ostatuak jendez gainezka eta kantuak eta dantzak nonahi eta noiznahi.
3.- Zanpantzar Eguna.
Hau larunbat arratsaldean izaten da. Ziburutik atera eta Ziburu eta Donibane banatzen (edo lotzen...) duen zubia igaro ondoren, ihaute-konpartsa Donibaneko kaleetan barrena sartzen da herriko plazan bukatzeko.
Pertsonaiak betikoak dira: zirtzilak, sorginak, hartza... eta horiez gain orgatxo batean daramaten Zanpantzar izeneko panpina handia eta honen aintzinetik doan epaile jauna.
Plazara iritsita, epaileak Zanpantzarren kontrako kargu guztiak irakurtzen ditu ozenki, hau da, Donibanen eta Ziburun, Euskal Herri mailan edota mundu zabalean gertatutako makur guztiak. Horixe dena da epaileak Zanpantzarri leporatzen diona. Bekatu horien guztien erruduntzat jo ondoren, sutara kondenatzen dute eta horrela kiskaltzen dute Zanpantzar gaixoa, horrela eginik, horrelako gaitz eta okerrak heldu den urtean errepikatuko ez diren esperantzan. Suaren inguruko mutxiko eta fandangoek amaiera emaiten diote ihauteri eder honi.
( Badakigu Euskal Herriko luze-zabalean ihauteri ederrak eta koloretsuak ditugula. Ezin uka. Haatik, ezin dugu bazterrean utzi Donibanen eta Ziburun egiten dena. Denetik badu, eta etorkizuneko arrakasta gazteen belaunaldi berrien esku dago. Aintzina eginen dutelakoan nago )
Komentarioak
Josetxo Iriarte
2010-02-18
Oso ongi dago Euskal Herriko ihauteri guztiak berreskuratzea, indartzea eta zabaltzea. Ongi legoke gure ihauteri guztiak biltzen dituen liburu bat egitea, denok gure kultura hobeto ezagutu dezagun. Hiriburu bezalako dantza berriak primeran daude. Gure kultura ez da iragana bakarrik, oraina ere egin beharra daukagu, gure sustraiak galdu gabe.
Josetxo iriarte.
HARITZ DORRONSORO
2010-02-18
Gezurra dirudi zein aberatsa den gure inauteria.
Ondo dago jakitea gure herrietan egiten dena.
Eneko Badiola
2011-01-04
Biba Begiraleak! Segi gure euskal nortasuna pizten!
















- 