Donibane Kantuz Etxabe-Enea zaharrean

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2011-02-02 15:53:49

Urtarrilaren 28a zen, ostirala, eta aurreko asteetan jasan dugun hotzaldi handia jadanik pasatzen hasita. Hori dela eta, etxezulo goxoak sortarazten digun bertan geratzeko tentazioa alboratuz, Donibane Lohizuneko Txantxangorri ostatura hurbildu nintzen.

Ostatu honek izen ainitz ukan badu ere, ezaguna da donibandarren artean Etxabe-Enea izenaz. Izen hori Arrasateko errefuxiatu ziren Joan Joxe Etxabe eta Agurtzane Arregi senar-emazteek jarri zioten, eta urte luzez gobernatu zuten. Bertan biltzen ziren maiz inguruetan bizi ziren Hegoaldeko errefuxiatuak. Ostatu honek badu bere gain oso historia tragikoa. Ikus dezagun.

1978ko uztailaren 4an, igandearekin, senar-emazteek taberna itxi eta kanpora atera ziren. Gaueko 11.30ak ziren. Ondoan zeukaten autoan sartu ziren eta orduan tiroz josi zituzten bazterretan, zelatan, ziren Triple A izeneko talde eskuindar parapolizialeko pistolariek. Agurtzaneri 11 bala sartu zizkioten sabel aldean, eta momentuan hil zen. Joan Joxeri 6 bala sartu zizkioten, horietako bat gibelean, baina mirakuluz salbatu zuen bizitza. Hormetan jo zuten tiroek egindako zuloak bertan ikus daitezke oraindik.

Hori dena nuen buruan gaueko 8etan ostatu hartara sartu nintzenean. Barruan giro goxoa zegoen eta berrogei lagun inguru ari ziren kantuz. Beraien erdian, gitarra esku artean, Xabi Soubelet polifazetikoa, Donibaneko saltsa guztietako perrexila. Ate ondoan, Aña Mari Duhart -Donibaneko Peiuko Duhart auzapezaren arrebetako bat- idazkari lanak egiten ari zen. Bera da Begiraleak elkarteko lehendakariordeetako bat, eta aunitzetan sosak biltzen aritzen dena.

Begiraleak elkarteak urtero hartzen du bere gain apirilaren igandeetako batean Donibanen izaten den Euskal Herriko Kantu Egunaren antolakuntza (aurten apirilaren 10ean izanen dena), eta arrakasta handiz gainera. Aipaturiko egun horretan, zazpi Euskal Herrietatik etorritako taldeak Donibanera hurbiltzen dira, egun gogoangarri horretan parte hartzera.

Donibane Lohizunen ere, aurrez aurretik egun horretarako bidea prestatzen dute, eta horrela azarotik apirilera, hilean behin, Donibane Kantuz izeneko ekitaldia antolatzen dute. Lehen karrika eta plazetan burutzen zuten, baina neguko tenperaturak akuilaturik, azken urteotan herriko zenbait ostatutan egiten dute.

Saio hauetan, Kantu Egunean, beste herrialdeetatik etorritakoekin batera abestuko dituzten kantuak landu eta ikasi egiten dituzte, eta horretaz gain, euskal giroa eta aldarte ona zabaltzen. Abestien artean, pintxoz, gasnaz, arnoz eta kafez osaturiko afaria egiten dute. Horretarako seina euro jartzen dituzte bertara hurbiltzen direnek.

Nik sei euroak atsegin handiz ordaindu nizkion Aña Mariri, eta berehala artalde gisako hartan sartu eta kantatzeari lotu nintzaion. Osora berrogei bat kantu, gehien-gehienak oso ezagunak zitzaizkidanak: Edari goxoa, Orhiko txoriak, Bedatsian, Jaun Barua, Bake mina, Xalbadorren heriotzean, Arrosako zolan, Baratze bat, Aberriaren mugak, Zazpiak oihal batetik… eta horrelakoak.

Haatik, ohiko zitzaizkidan kantu eder horien guztien artean, baziren bi ezagutzen ez nituenak. Lehenengoa Mikel Laboaz mintzo zena. Zizka-mizken artean ari ginela Xabi Soubeleti galdetu nion kantuaren egileaz, eta Ruper Ordorikarena zela ihardetsi zidan. Letra zoragarria zuen, xaramela arrunt liluragarria. Hona hemen irakurle, zerorrek epai dezazun.


Sekulabelardiko kantaria



Egun da abenduaren lehena,
bi mila eta zortzikoa,
gauza txikien erresumatik
partitu da maisua.

Ume isilen hondartzan edo
paradisuko ostatuan,
non entzungo ote da orain
ahotsa zilarrezkoa?

Abestiaren etxe goienan
kandelak iziotu dira,
Atawalpa eta Etxahunek
zabaldu dute berria.

Haiekin dela kantuan ari
jakin dadila Donostian,
Lekeition eta Baztanen ere,

Euskal Herri guztian.


Errepika:



Euskal jendea negarrez dago
Eskiulatik Berangora
Sekulabelardiko kantari
zure ahotsa entzun guran.

Bigarren abestia oso bestelakoa zen. Mezu laburrez eta adierazgarriez egina eta tarteka, Erroma zaharrean, Catonek eta gainerakoek horren maiz aldarrikatzen zuten Delenda Carthago (suntsi dezagun Kartago) famatua errepikatzen zen. Jakina da, aldarrikapen hori obsesio bilakatu zela erromatar askoren buruan, eta edozein egoeratan zeudela, eta aunitzetan kontestutik kanpo, bota egiten zuten. Kantuaren mezua entzutean, Euskal Herriaren kontra arrotzek duten obsesioa etorri zitzaidan gogora. Gero, Xabiri galdetuta, kantua berea zela jakin nuen. Hona hemen:


Tinko, tinko



Delenda Carthago
esan beretan nago,
dudarik ez dago
euskara gorago.

Tinko, tinko, tinko
egun dut ikasiko,
bihar nauk ikusiko
euskalduna betiko.

Delenda Carthago
haritz, ler ala bago,
herria euskaldunago,
horretan tinko nago.

Tinko, tinko, tinko,
hortan ari mutiko,
haur eta neskatiko,
euskara da biziko.

Delenda Carthago
errepiketan nago,
euskaraz maizago,
doakin aintzinago.

Tinko, tinko, tinko
lotsa dugu utziko,
euskara atxikiko
ta bizira jalgiko.

Hamaiketarako dena bukatua zen. Ostalerrak plater eta basoak jasotzeari ekin zion. Huraxe izan zen saioa bertan behera uzteko ostatuko nagusiak eman zigun seinalea.

Kalera atera nintzenean, gaueko 11.30ak ziren, 1978ko uztailaren 4ko gau tragiko hartan bezala. Berehala hotzak hartu gintuen ordura arte barneko giro epelean egon ginen guztiok. Hurbil aparkaturik nuen auto aldera nindoala, paretan Agurtzane Arregi hil zuten balek utzitako zuloak ikusi nituen.


Komentarioak

icon

Xabier G.

2011-02-02

Euskal historia eta euskal kultura ongi uztarturik azaltzen dira artikuluan. Badakit Lapurdiko zenbait herritan antzeko zerbait egiten dela, baita Hegoaldeko beste zenbait herritan ere, baina hala eta guztiz ere, uste dut euskal kantuaren sarea herri gehiagoetara zabaldu beharko genukeela, sare hori euskaldunon arteko elkar-ezagutza eta adiskidetasuna jorratzeko tresna aparta baita. Donibane Lohizuneko Begiraleak Elkartea eta bertako lehendakaria den Xabi Soubelet lan izugarri polita egiten ari dira. Urte askoan!

icon

xabier soubelet

2011-02-02

kaixo Ez dakit nork idazten duen bainan zerbait esan nahi nioke. Iparraldean aspaldi kantua dugula herrigai eta nahiz eta batzuk frantses folklore bezala hartu, guk, abertzaleok beste arlo batean gaude aspaldi. horrengatik orain 20 urte sortu genuen lehen kantu eskola eta kantuaren egunaren bitartez Euskal herri guziari zabaldu, bbertso eta guzi. Agian hegoaldeak uste dute haiek direla eusklal herri bakarra eta hemen pasatzen direnak ez dituztela ezagutzen, bainan euskal herria bat da eta protagonismo berriak ez dira batere gure gustokoak, aspalditik horretan gaudelako. Euskal herriko kantuaren eguna sortu dugu hegoaldeko batzuen "parvenu"ismoarengatik, gaur egun egiten diren gehienak, agian, guregandik heldu direlako eta eskerrik edo bost axola, gurea ez baita agertzea. Hegoaldeak askotan uste du bera dela euskal herri bakarra bainan arlo horietan asko ikasi beharko luke, xumeki , lapurdi, baxe nafarroa eta xiberoaz. Orduan kantuaren sarea zabaltzea izugarri ongi iduritzen zait, elkar ezagutza eta adiskidetasuna jorratzeko bainan gure probintzi xumeen aldeko errespetu pixka batekin. adiskidetasunez; abitxu soubelet

icon

Xabier G.

2011-02-02

Oso garbi daukat erraten duzuna, Xabi. Begiraleak izan da kantu mugimenduan aintzindaria Euskal herri osorako, eta sare hori indartzen bada, izan behar da orain arte egin duzuena onartuz eta hortik abiatuz.
Eta arrazoia duzu, Euskal Herri bakarra dago, eta Iparraldea ez da Hegoaldearen luzapen bat, hiru herrialde oso baizik.
Mila esker Begiraleak-eko lagunei egin duzuen lan hadiagatik. Mila esker zuri, Xabi.

icon

Pedro A.

2011-02-03

Irunen bizi naizen arrasatearra naiz,61 urte ditut, eta buruan grabatuta daukat 1978ko uztailaren 4 hartan Doniben Lohizunen gertatu zena. Artikulu honetan, gainetik, baina ongi kontatua da. Nire oroitzapenak Juan Joxe eta Agurtzanerekin loturik dira beti.

icon

aretche

2011-02-12

Egun on Joseba , milesker zure Begiralek - ko komentarioa

Komentarioa idatzi