Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak 75 urte bete ditu

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2010-12-02 16:07:15

Hirurogoita hamabortz urtetan
Begiraleak elkartearen katea
osatu duten gizon-emazte guzieri
bihotz-bihotzez eta esker onez,
zuei esker euskalduntasunaren suak
Lapurdiko itsas-hegiko bazterrak
suharki argitu baititu
.

Aurten Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak 75 urte bete ditu eta baita airoski ospatu ere. Egia erraiteko, bazuten zer ospatu, 75 urte hauetan euskararen eta euskal kulturaren alde lan ainitz eginak baitira. Epaitu ezazu zeuk, irakurle.

1.- Hastapenak.-

1932. eta 1933. urteetan, Iparraldeko euskal nortasuna arriskuan zegoela ikusirik, euskaltzale zenbait mugitzen hasi ziren. Frantses hizkuntza arlo guztietara zabaltzen ari zen, eta euskara Lapurdin, Baxenabarren eta Xiberoan gibelka ari zen. Aipatu euskaltzale horiek egoera hits horri aitzin egin nahi zioten, eta horixe zuten burutzen ari ziren bilkuretan mintzagai nagusia.

Biltzen ari zirenen artean Mixel Dihartze, Elise Aramendi, Piarres Lafitte, Eugène Goienetxe, Jauregiberri medikua, Iratzeder eta Madalena Jauregiberri xiberotarra zeuden. Emazteki gartsu honek Hegoaldeko Emakume Abertzale Batzaren antzeko zerbait egin nahi zuen Iparraldeko hiru probintzietan, eta ahalegin guziak bide horretatik bideratzen zituen.

Hori dela eta, Begiraleak izeneko mugimendu zabala sortu zuten. Lehen elkartea Donibane Lohizunen sortu bazuten ere, laster antzeko elkarte eta talde gehiago eratu zituzten Ipar Euskal Herriko geografia osoan zehar. Osora 30 talde.

Donibane Lohizuneko elkartearen sortze prozesuan hiru emazte kementsu nabarmendu ziren: Elise Aramendi, Madeleine Brevet eta Antoinette Lakarra. Azken hau izan zel elkarte-burua 31 urte luzez.

2.- Historia pixka bat eginez.-

Mugimendu honek hiru ardatz nagusi zituen: euskararen defentsa, euskal kulturaren zabaltzea eta fede giristinoaren indartzea. Eta hiru ardatz horien defentsa eta zabalkunderako erabili zuten lehen tresna antzerkia izan zen, eta erran behar dugu, Begiraleak elkartearen antzeztaldea urte luzez arrakastaz arrakasta ibili zela Iparralde osoan zehar. Hastapenean komeria herrikoiak taularatu zituzten, eta hortxe azaldu zen antzerki-egile multzo polit bat: Leon Leon, Jean Barbier, Hillau anderea, Dominika Soubelet, Iratzeder, Ttanpi,… 1941etik aitzina antzerki lirikoak jokatu zituzten eta horretan Telesforo de Monzon, Piarres Lafitte, Jannick Aramendi eta Iratzeder bera bihotzez eta arimaz ahalegindu ziren. Geroxeago, Piarres Larzabalek idatzi antzerki identitarioak euskal nortasunaren aldarri bilakatu ziren.

Bigarren tresna euskal dantza izan zen. Eta horretan Bettiri Betelu eta Pierrot Gil sakonki saiatu ziren. Beraiek izan ziren, neurri handi batean, Lapurdiko mutxikoak eta ihauteria berpiztu zutenak. Begiraleak elkarteko dantzariek fama handia bereganatu zuten bai Iparraldean eta baita Hegoaldean ere, eta Beteluk egindako fandango ederra Euskal Herriko bazter guzietara zabaldu zuten.

Eta antzerkiarekin eta dantzarekin batera, Begiraleak elkarteak landu zuen hirugarren arloa euskal kantua izan zen. 1966an abesbatza bat sortu zuten Juan de Urteagaren eskutik, arrakasta handiz 70.eko hamarkada arte iraun zuena. Geroztik kantu eskolak eta kantu saioak zabaldu zituen, eskola horietara ehun lagun baino gehiago hurbiltzen zirelarik.

Elkartea sortu zenez geroztik sei elkarte-buru izan dira: Elise Aramendi (1935-1966), Peio Colombet ( 1966-1969), André Etxeberri (1970-1974), Pierrot Gil (1974-1975), Henri Etxebers (1976-1997) eta Xabier Soubelet (1998tik gaur arte).

3.- Begiraleak elkartea gaur egun.-

Egun Donibaneko Begiraleak elkarteak sutsuki jarraitzen du euskararen eta euskal kulturaren alde eginez. Gaur egun, elkarteak 300 bazkide inguru ditu eta honako arloak ditu zabalik: Euskal dantzan 155 lagun aritzen dira, euskal kantuan 60 lagun, bazkideen euskara trebatzeko xede duen Euskal Xokoan 15 lagun inguru, euskal sukaldaritzan 25 lagun, txalaparta, gaita, txistua eta tabala lantzen dituen etno-folkloreko sailean 15 lagun, txaranga osatuz 5 lagun, bertso eskolan 6 lagun, eta etnografia eta publikazioak lantzen dituen arloan 5 lagun. Ikusten duzuen bezala, ez da makala begiraleek egiten duten lana.

Aipatu barneko ekintza horiez gain, karrikan ere ekitaldi frango antolatzen ditu: Donibane Kantuz izeneko ekitaldia, urtean zehar bospasei aldiz errepikatzen dena, Donibaneko ihauterian parte hartzen dute beraien hartz, zirtzil eta kaxkarotekin. Ihauteri honek badu dantza berezi bat Hiruburu izena duena eta donibandar ihauteriari biziki nortasun berezia ematen diona. Dantza horretan azaltzen diren pertsonaiak bereziak dira: hiruburuak, zibuloia eta honen laguntzaileak, hartza eta hartz eramailea… Gainera, dantza horrek badu bere mezua:

Donibane ta Ziburu
ihes egin denak seguru,
huru, huru, gu gira hiruburu,
kasu jende ta inguru!


Geroxeago, martxo aldean, haur dantzarien Donibane Dantzari arrakastatsua antolatzen dute, urtero, Donibaneko karrikak kolorez, soinuz eta euskaltasunez janzten dituena. Maiatz bukaera aldean, Begiraleak taldeko dantzari eta lagunek Iruñeko Karrika gurea da izeneko ekitaldian hartzen dute parte Lapurdiko kantu eta dantzak Nafarroa Garaiko hiriburura eramanez. Ekainaren hasieran Udaberria Dantzan izaten da, eta bertara zazpi euskal lurraldeetako dantza taldeak Donibanera hurbiltzen zaizkigu hiriko bazterrak alaitzeko.

Donibane Lohizuneko bestetan Begiraleak elkarteak parte handia hartzen du bere ekimen ugarirekin: Donibane Kantuz, dantza emanaldiak, konpartsa, aurreskua elizatean, eta San Joan bezperako su magikoa. Udan zenbait dantza saio burutzen ditu herriko plazan eta irailetik abendura Euskal Herriko zenbait kultur ekitalditan hartzen du parte. Urtea bukatzeko Olentzero antolatzen du, Donibaneko plazaz plaza eta karrikaz karrika airoski ibiltzen dena.

Publikazioen arloan ere, uzta polita egin dute. 1955. urtean Begiraleak 60 urtez izeneko liburu elebiduna plazaratu zuten, Bettiri Beteluren mutxiko guztien urratsak eskainiz. 2009an, Begiraleak antzeztaldeak jokatutako antzerkiekin bi liburu kaleratu zituzten: Iratzederren antzerki kaierak eta Lafitteren antzerki kaierak.

Aurten, hau da, 2010ean, beste bi liburu argitaratu dituzte: Larzabalen antzerki kaierak eta Begiraleak elkartearen sukaldaritza arloan urtez urte egindako errezetekin osatutako liburu ezin ederragoa: Lapurdiko sukaldaritza. Begiraleak elkartearen 50 errezeta, azken liburu horren egilea Pello Coudroy begirale eta sukaldari famatua izan delarik.

Hurrengo urterako ba omen dituzte bi liburu gehiago inprimategian: Monzonen antzerki kaierak eta Sei antzerkigileren antzerki kaierak izenekoak. Horretaz gain, eta proiektu gisa, Bettiri Beteluren inguruko liburu bat egin nahiko lukete. Barne informazioari begira, urtean bitan edo hirutan kaleratzen duten Begi zer berri izeneko aldizkari elebiduna daukate.

4.- Begiraleak elkarteak 75 urte.-

Aurten, hau da, 2010. urtean, Begiraleak elkarteak bere 75. urteurrena ospatu du. Martxoan, eta elkartearen sortzearekin bat eginez, elkarteko leiho eta balkoietatik Agur Donibane abesti ederra kantatuz hasiera eman zioten urteurrena ospatzeko antolatu programa zabal eta aberatsari. Dena dela, ekitaldi nagusiak azaroan burutu dituzte. Azaroaren 22tik 27ra, egoitza duten Dukontenia etxean erakusketa ederra izan zuten ikusgai: argazkiak, artxiboak, liburuak, euskal jantziak, bideoak… eta abar.
Azaroaren 26an, ostiralarekin, arratsaldeko 6,30etan aurten kaleratu dituzten bi liburuen aurkezpena burutu zuten. Horren harira, Xabier Soubelet elkarte-burua, Joseba Aurkenerena --ni neu-- liburugintza saileko burua, Ixabel Etxeberria euskal antzerkian doktorea eta Pello Coudroy sukaldaria mintzatu ziren. Ondoren, azaroan hil berria den Henri Etxebers elkarte-buru ohiaren omenezko aurreskua eta elkartearen biltzarra, kontseilu nagusiko kargudunak berritzeko.

Azaroaren 28an, larunbatarekin, ekitaldi ugari izan ziren. Goizeko 11etan, Herriko Plazan Donibane Kantuz eta arratseko 8etatik gaueko 12etara, Begiraleak 75 urte izeneko jaialdi ahaztezina. Jai-alaian ospatu zuten, eta harmailak betetzen zituzten donibandar ainitzen aitzinean, Begiraleak elkarteko belaunaldi guztien dantzari eta kantariek ikusgarri ezin ederragoa eskaini zuten. Hotz handia zen arren, bertara hurbildutakoen bihotzak bero-bero ziren. Geroxeago eta goizeko lehen orenak arte Begiraleak elkartearen egoitzan afaria eta umorea izan ziren. Euskal kantuak eta dantzak ez ziren faltatu, noski.

Azaroaren 29an, igandearekin, honako ekintzak izan ziren: Goizeko 10.30etan Meza Donibaneko elizan. Begiraleak elkarteko dantzariek dantza zenbait egin zituzten, bai barruan eta baita elizatean ere. Hamaiketan mutxikoak. Euri zaparrada handia bota zuenez gero, herriko plazan egin beharrean, Urdazuriko kiroldegian egin behar izan zirenak. Bi orenetan, bazkari ezin hobea hirurehun bat begirale eta gonbidaturekin. Bazkaltzean ohiko euskal kantuak entzun ziren eta bazkaldu ondoren jendeak, kadiretatik altxatu, eta dantza egiteari ekin zion: Iribasko ingurutxoa, axuri beltza, kadrilak, Beteluren fandangoa, banako… eta abar. Bukaera ederra izan zen 75. urteurrena ospatzeko eta Begiraleak elkarteak urte osoan zehar burutu duen programari agur erraiteko. Bihoazkie lerro hauetatik nire zorion beroena.

Buka dezagun idazki hau Xabier Soubelet elkarte-buruak egin eta 28ko gauean, jai-alaian, kantatu zituen bertso hunkigarriak lerro hauetara ekarriz. Doinua: Xabier Leteren Haizea dator ipar aldetik.

Mende laurden bat zuei Madeleine,
Antoinette eta Elisa
gure sortzaile izateagatik
ta gure lehendakarisa.
Aro horretan antzerkia zen
taldeko haize ta brisa
ta haren haurra sortu zenuten.
Agur zuri dantzarisa,
arrakastatsu izan baiginen,
eta aintzindari gisa
Betti Beteluren eskutik tinko
Lapurdin dantzaren hitza.
Kantuz ere bai aritu ginaden,
abesleku zen eliza,
hala hasita, hola hazita,
eraman genun bizitza.


Beste laurden bat irakasleei
eta partaide guziei.
Xinaurri lana ez da ikusten,
xuxurlaz dizuet denei.
Eskerrak ere dantzari ohiei,
kantari begiraleei,
liburu-egile, jantzi-josle ta
sukaldari, musikariei,
euskal kultura bihotz-bihotzez
zerbitzatu duzuenei.
Agur bero bat oraingo gazteei,
haur, buraso ta helduei,
milesker denei, eskerrik asko,
Begi argitu dutenei,
zuen argiak baztertu baitu
laino, gau, ekaitz ta hodei.


Azken laurdena zuretzat doa
gure adiskide Henri,
hogoita bi urte lanean eta
Begiko lehendakari,
beti alaia, beti zintzoa,
bizia emanez guri.
Zure aldeko zorra izanen
dugu guk orain ta beti.
Begiraleak maite zenuen
beste guzien gaineti,
sukaldea ongi apaintzea,
gauzak egitea txukunki.
Bertsu hau eta beste bi mila
dituzkezu orain merexi,
agur bero bat, agur sendo bat,
agur jauna eta agur t´erdi.


Komentarioak

icon

Koxe Aramendi

2010-12-03

Biba Begiraleak! Aintzina beti!

icon

Luixa Etxeberri

2010-12-03

Lapurdiko itsas-hegiko sua zuei esker da bizturik.
Biba zuek!

icon

Ixabel Martiarena

2010-12-03

Ez nekien Begiraleak mugimendu zabala izan zela. Nik bakar-bakarrik Donibaneko elkartea ezagutzen nuen. Bibliografiarik badea honen gainean?

icon

XABI

2010-12-09

Begiraleak ainitz behar ditugu Ipar Euskal Herri osoan.

icon

Miren F.

2010-12-14

Hegoaldean ere, horrelako mugimendu edo elkarte gehiago beharko genituzke. Aupa Begiraleak!

icon

Juantxo

2010-12-14

Iruñean hagitz oroitzapen polita utzi duzue. Gehiagotan gure artean ikusteko irrikitan gaude.
Karrika gurea da, bai Iruñean eta bai Donibane Lohizunen.

icon

J.P. BETI DANTZARI

2010-12-14

Besarkada bat Zangozatik Donibane Lohizuneko begiraleei. Geroa gurea da.

Komentarioa idatzi