Euskal inauteria gure sinesmen zaharretatik ikusia ( eta II )

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2011-02-01 15:01:38

3.- Euskal inauteriaren inguruko zenbait gora-behera.-

Inauteri edo ihauteri hitzari buruz gauza asko esan diren arren, badirudi Julio Caro Barojak emandako interpretazioa dela zuzenena. Aipatutako antropologoaren irudikoz, hitz horren barruan hiru osagai edo elementu daude: IHO/IÑO edo IHAU/INAU aldaera, -TE atzizkia, eta azkenez, beste bigarren atzizki berantiarrago bat: -ERI. Aipaturiko lehen elementuak karnabal esan nahiko luke. Lehen atzizkia (-te) garaia edo tenorea adierazteko erabiltzen da usu (elurte, haizete, eurite…) Eta bigarren atzizkiari dagokionez, esan dezagun oso erabilia dela gaitza, bizioa, edota nolakotasun txarra adierazteko (birikeria, nafarreria, lirdingeria…)

Bigarren atzizkia ezarri gabe ere, erabili egiten da, bai Nafarroan eta baita Iparraldeko lurraldeetan ere, karnabala adierazteko. (iñotea, ihotea, iñautea, ihautea…) Badaude bestalde, lehen hitz horretatik eratorritako beste hitzak, normalean, burla, iraina edota kirtenkeriarekin loturik izaten direnak. Julio Caro Barojaren iritziz, inauteria sustraitua dago erokerietan edo eguneroko bizimodutik urrun dauden jarreretan. Hori dela eta, osagai hori duten hitzetan ezaugarri hori nabarmen gelditzen da. Ikus dezagun. INAKIN (iraina), INOZO (memeloa, lerdoa, ergela…), INULA, INUALA (kirtena, astapitoa, tontolapikoa…)

Azter eta aldera ditzagun orain lehenengo atalean ikusitako euskal sinesmen zaharren ezaugarriekin euskal inauterian azaltzen diren zenbait pertsonaia eta osagai:

a.- Inauteri guztietan azaltzen dira pertsonaia ugariak, baina aunitzetan, ez beti, azaltzen da pertsonaia bat inauteri osoaren ardatza izaten dena (Miel Otxin Lantzekoan, Markitos Zalduendokoan, Trapujale Lezokoan…) Hauxe oso lotua dago euskaldunon monoteismo bereziarekin, aniztasunean finkatutako monoteismoarekin edo osotasunarekin, alegia.

b.- Manikeismoaren etengabeko presentzia. Alde ona eta alde txarra. Espiritu onak eta espiritu gaiztoak. Batekoak edo bestelakoak. Adierazgarriena Zuberoako maskarada dugu, bi aurkako muturretan banaturik: gorriak eta beltzak. Ikus dezagun honetaz Juan Carlos Etxegoien Xamar idazleak berea den Orhipean izeneko liburu gogoangarrian esaten diguna: “Maskaradan bi pertsonaia mota daude: gorriak eta beltzak. Gorriak jende zintzoa, ona da; bere gain daude dantzaririk ikusgarrienak. Gorrien artean Txerrero, Gathüzain, Kantiniersa, Zamalzain, Entseinaria,( guzti hauek aintzindariak dira, dantzari nagusiak), Herriko Jauna, Herriko Anderea, Laboraria, Laborarisa, Marixalak eta Kükülleroak aurkitzen ditugu. Beltzak gorrien aurkakoak dira: gaiztoak, ahalkegabeak, zikinak, ebasleak, gezurtiak, andrekariak, ardozaleak… xiberotar baten hitzetan: BELTZERIA TZAR HORI ÜRDAIKEIA BAT DÜZÜ, BASA DÜZÜ, BASA! Beltzen multzoan Kherestüak, xorrotxak -- nagusi eta mithil--, bühameak, kauterak –Kabana kauter nagusia, Pupu eta Pitxu— bedezia eta bedezi lagünak daude. Gorrien eginkizuna dantzak diren bezala, beltzena jokoak egitea da.”

Eta hauxe dena errepikatzen da inauteri guztietan, bi aldeetako pertsonaiak azaltzen baitira. Zenbait tokitan pertsonaia ezkorrek indar handia hartzen dute: Altsasuko momotxorroak, Unanuako mamuxarroak, Lantzeko txantxoak, Lezoko zirikoak…

c.- Eternitatearen kontzeptua beti azaltzen da euskal inauterian. Hasi egiten da gero bukatzeko. Baina hasiera eta amaiera gurpil batean lotzen dira, etengabeko gurpil ibiltaria gogora ekarri nahian. Bukatzean beti pertsonaietako bat hil egiten dute, Miel Otxin fusilatu egiten dute, Trapujaleri lepoa mozten diote igitai batez, hirietako inauteri urbanoetan, Tolosan, Donostian… Sardinari su ematen diote. Baina heriotza honek berekin darama hurrengo urteko itzulera, su garbitzaileak ez du deusezten, berritzen baizik. Zuberoako maskaradetan gauza bera gertatzen da. Pitxu hiltzen dute denak bere gainean jarrita, itota eta zapalduta nolabait esateko, baina azkenean bedeziak (3) (sendagileak) berpiztu egingo du. Naturaren urteroko berpiztea sinbolizatzen du, neguko solstizioan lotan geratzen dena eta udaberriko ekinozioan berriro pizten zaiguna.

d.- Animismoa eta naturalismoa ere garbi islatzen dira, animalia eta izaki magikoen itxura hartzen duten pertsonaietan. Aipa ditzagun inauteri askotan azaltzen den HARTZA esanguratsua, (ez ahantzi zuberotarren ustez, hartza dela euskaldunon arbasorik zaharrena), ZALDIKO nafarra edota ZAMALZAIN zuberotarra, Bizkaia aldeko lamiak, azeriak, basurdeak, astoak… eta abar. Arrunt garrantzitsua da pertsonaia hauen inguruan gauzatzen diren erritualak: ferratzea, zirikatzea, odolez zikintzea, barrenak ateratzea… eta abar. Hauetako zenbait sexuaren inguruko errito iniziatikoetan ikus daitezke, Zamalzainen zikiratzean, esate baterako.

Badirudi, bestalde, inauteria oso loturik dagoela lizunkeriekin eta haragi (txerrikia gehienetan) jatearekin. Aunitzen ustetan, inauteririk arkaikoena oso lotua dago elementu orgiastikoekin.

4.- Erlijio giristinoaren eragina.-

Esan dugu inauteria solstiziala dela, paganoa, arkaikoa, jentila Euskal Herrian, eta gure inauteriari dagokionez, aipatu ditugu garai bateko sinesmen zaharrekin lotzen dituen ezaugarriak edo bereizgarriak. Bai horrelakoxea da euskal inauteria eta begi bistan geratzen da, denon agerian. Baina paganismoa itzali zen aspaldi, euskal jentilak gorde ziren Kixmiren erlijioaren etorrerarekin eta ezartzearekin batera, eta hala eta guztiz ere, inauteriak gaurko egunetaraino iraun du. Nola daiteke izan?

Erlijio giristinoak bestelako morala, bestelako ikuspegia ekarri zuen, baina Garizuma bat aurrera eramateko behar zuen atseden eta askatasunezko denboraldi labur bat aurretik, egoera estutasunez ito ez zedin. Hau dela eta, inauteria toleratu egin zuen, Garizumaren aurreko beharrezko denboraldi moduan. Hortik datorkio Gipuzkoako Arrasate herrian inauteriari ematen dioten izena, aratustea, haragia uztea alegia. Garizuman baraua eta abstinentzia aldarrikatzen zituzten, eta inauteria litzateke haragia uzteko denboraldiaren aurrekoa.

Baina toleratu egin bazuten ere, zehazki arautu behar izan zuten, denbora zehatz baten barruan sartuz. Hori dela eta, inauteria leku askotan Quincuagesimaren (4) aurreko igandearen inguruko egunetan ospatzen dute. Hau da, aurreko ostegunetik hasita, ondorengo astearte arte. Gero, Hausterre etorriko da inauterian egindako bekatuak barkatzeko eta Garizuma arima bekataria arazteko. Ziklo bat bukatuko da besteari hasiera emateko. Eta hemen lotzen dira paganismoan aldarrikatzen zen etengabeko gurpilarekin, zikloak urtero errepikatu egingo baitira.

Inauteriak ekarri ditu gaurko egunetaraino jentilen mezu solstiziala, etengabeko gurpilaren oroimena eta aurkakoen borroka sortzailearen oihartzuna, baina baita giristino erlijioaren mezu eta janzkera ugari ere. Eta azken honek iraunarazi du azken mendeetan zehar, eta bizirik ekarri digu XXI. mendeko gaurko egunetara.

5.- Amaiera gisa.-

Buka dezadan lan hau inauteriaren inguruko beste zenbait gauza oroituz. Inauteria paganoa da, baina baita giristinoa ere. Inauterian jendeari bere arazoak ahaztu egiten zaizkio denboraldi batez, eta horixe da inauteriak neurri handi batean bilatzen duena. Urte osoan zehar gaizki ikusia dagoena, edota zapaldu egiten duguna, egun horietan kaleratzen dugu inolako lotsarik eta erreparorik gabe. Eta horretan izugarri lagundu egiten du mozorrotzeko ohiturak, modu batean (nekazal inauteriko jantziak) edo bestean (hiri inauterietako mozorroak eta disfrazak). Disfrazak, dantzak, kantuek, jateak et edateak osatzen dute inauteriaren izaera. Eta elementu horien guztien gainetik, badago beste elementu bat, garrantzitsuena agian: askatasuna; Julio Caro Barojak esaten zuen moduan, askatasun eza eta inauteria nekez uztartzen baitira.

Oharrak:

Antzestral: Antzinakoa, arbaso zaharrekin lotutakoa.
Manikeista: Kontrako bi muturretan sinisten duena.
Bedezi: Sendagilea zubereraz.
Quincuagesima: Berpizkunde Pazkoren aurretiko berrogeita hamargarren eguna. Garizumaren aurreko igandea.


Komentarioak

icon

Xan

2011-02-24

Jakina zen euskal inauteria zaharra zela, baina artikulu honetan garai zaharrekin lotzen dituzten gauza zonbait ikasi dut. Polita litzateke Euskal Herria osorik, herriz herri eta inauteriz inauteri, hartuko lituzkeen liburu bat egitea, argazki eta guzti.

icon

Aña Mari

2011-03-02

Gure kultura zinez aberatsa da eta ihauteria horren arloetako bat. Herri guztietan arrapiztu beharko ginuke.

icon

Albar Martiartu

2011-03-03

Aratustea bizirik dago eta euskaldunok odolean daroagu.

Komentarioa idatzi