Euskal inauteria gure sinesmen zaharretatik ikusita (I)
Joseba Aurkenerena
Jai bat baldin bada sustraitua munduan hauxe da, inauteria, munduko bazter guztietan zabaldurik baitago. Bere errorik sakonenak antzinako denboretan gordetzen ditu, eta garai zahar haien oihartzuna ekartzen digu urtero, sentimendu antzestral (1)eta totemikoez jantzirik. Horixe baita azken finean inauteria, gure arbaso zaharren sinismenetara urteroko itzulera. Gure Euskal Herri zahar honetan inauteriak indar eta kolore handia hartzen ditu, eta garai bateko magiaren sua piztuta iraunarazten digu. Inauteria jai solstiziala da, neguko solstizioaren jaia, eta solstizioaren inguruko errito bezala ulertu beharra daukagu.
1.- Euskal sinesmen zaharren zenbait ezaugarri.-
a.- Oso kontuan hartu behar dugu gure sinesmen zaharretan osotasuna, dena, batasun bakar batez ikusten zutela: Ortzi. Monoteista zen, nire uste apalez, baina osotasun horren barruan bazeuden bestelako izakiak eta indarrak.
b.- Euskal sinesmen zaharra manikeista (2) zen, aurkakoen etengabeko borrokan sinesten baitzuten. Den guztia da bere aurkako zuzena duelako, eta ideia honen sinbolorik adierazgarriena esbastika dugu (gure artean lauburu deitzen duguna), bere bi mugimenduen aurkakotasunean indar baikor eta ezkorrak aurkitu egiten baitira. Euskaldunok beti izan gara arras manikeoak, eta ez bakarrik gure jainko-jainkosen aurkako dualismoetan (Eki/Ilargi, Mari/Maddu, Atarrabi/Mikelats…) baita bizitzaren, izatearen, agian hobeto esana, alderdi guztietan ere. (Euskara/erdara, euskaldunak/erdaldunak, Euskal Herria/Erdal Herriak…) Edo gutarrak edo bestelakoak, azken finean.
c.- Euskal panteismoa ere oso kontuan hartzekoa da, dena Ortziren zati dela sinesten baitzen. Gure arbaso zaharren ustez, den-dena jainkoturik zegoen, ezagutzen dugun guztia dibinitatearen zati baita.
d.- Eternala. Beraien ustez, dena betidanik eta betiko baita, hori bai etengabeko mugimenduan eta transformazioan. Hasierarik eta amaierarik gabeko gurpil ibiltariaz sinesten zuten, aho barruan isatsa sartzen zuen sugearen mitoaz.
e.- Animismoa beste ezaugarri handia zen, izadiaren izaki ezberdinetan pertsonifikatzen baitzituzten ulertzen ez zituzten era guztietako fenomenoak edo gertakizunak. (Sugaar = tximista, Ostots = trumoia, Ilargi = heriotza, Eki = bizitza, Gaueko = ezezaguna, Laino = gaitza, Eate = haizea…)
f.- Animismoarekin estu loturik naturalismoa. Bai gure asaba zaharrak animistak ziren naturan bilatzen baitzituzten euren eredu eta jarrerak. Animalien presentzia zabala, berriz, oso loturik dago naturalismoarekin (Zaldiko edo Zamalzain, Zezen Suzko, Zezengorri, Hartza, Sugaar, Mari bele bihurturik…)
g.- Mundu magikoaren presentzia. Ez gara bakarrik harriak, landareak, animaliak eta gizakiak mundu honetan, ez, badira ere gizakiaren gainean dauden bestelako izaki magikoak. Esate baterako: lamiak, basajaunak, galtzagorriak, sorginak…
2.- Neguko solstizioa eta udaberriaren etorrera.-
Gogoratu beharra daukagu zer-nolako garrantzia duten kulturan eta herri guztien errito eta sinesmenetan solstizioek eta ekinozioek, hauen inguruan gauzatu baitituzte ez bakarrik beren tradizioak, eta baita aunitzetan egutegia ere, baizik eta urte osoan izateko eta bizitzeko beharrezko filosofia edo jokaera ere.
Udako solstizioa oso uztarturik dago biziarekin, berotasunarekin, eguzkiarekin, eta Neguko solstizioa bere aurakakoa izanik, heriotzarekin, hotzarekin eta ilargiarekin ere. Manikeismo hutsa. Neguko solstizioa nahitaez pasatu beharreko denboraldi luze iluna da. Ekiren erresumara iristeko iragan beharreko Ilargiren menpeko egoera. Negua joaten da pasatzen eta pixkanaka-pixkanaka eguzkiaren indarra gero eta handiagoa egiten da. Udaberriaren etorrera da, udaberriko ekinozioaren etorrera.
Ilargi ahultzen joaten da eta Eki, berriz, indartzen. Ekik gero eta indar handiagoa du eta honek ama-lurraren esnatzea dakar, biziaren berrindartzea, etengabeko gurpil ibiltariaren alde baikorra. Eta hauxe da inauterian urtero errepikatzen zaiguna. Hau dela eta, euskal inauteria leku askotan urtarrilean hasten da eta martxoan-apirilean bukatzen.
Erritual luzea da neguko solstizioa eta udaberriko ekinozioa lotzen dituena. Neguarekin etortzen diren indar eta espiritu gaiztoak edo ezkorrak izutu behar dira, udaberriarekin etorriko diren indar baikorrei segida zabala eman ahal izateko.
Eta hauxe da herri guztietako inauterietan, modu batez edo besteaz, egiten dena. Oroit dezagun adibide moduan, Ituren eta Zubietako joaldunak euren joare handiez edota eskuan daramaten zaldi-ilezko erratz horiek astintzen lortu nahi dutena: lurra esnatu eta espiritu gaiztoak euren herrietatik uxatu.
Komentarioak
Jean Claude S.
2011-02-19
Eta euskal panteismoaren idurikapen nagusia zen Ortzi izeneko hori, zer zen emaztekia (Mariren antzekoa edo...) edo gizonezkoa (Zeus, Jupiter edota Jaungoikoaren antzera)? Ainitzietan xerkatu dut hori baina nehoiz ez dut ihardespenik atzeman.
Joseba Aurkenerena
2011-02-20
Jean-Claude S.-ri.
Adixkide, kontu hauek sobera labainkorrak dira, ainitzetan ahozko testigantza zaharretan eta teorietan oinarriturik daudelako. Ene idurikoz, Ortzi hori ez zen ez emazteki eta ez gizonezko, eta hori horren inguruko teoriatik ateratzen dut. Ortzi baldin bada osotasuna, bere baitan bildu behar du den guztia, baita generoaren dualitea ere. Jakina da, gero, garai zaharretako euskaldunon artean emaztekiak izan zirela dibinitate handienak: Mari edo Maia, Amalur, Eki, Ilargi... gure arbaso zaharrek amatasuna, emetasuna eta emankortasuna gurtzen baitzituzten, baina Ortziren kasuan ez dira ezaugarri horiek agertzen, bera baita osotasuna sinbolizatzen duena tasun eta keria guztiekin.
Indoeuropar jatorrizko dibinitate handiak,berriz, gizonezkoak ziren: Zeus, Jupiter, Jaungoiko bera...
Gure literaturan, Lauaxetaren kasuan adibidez, Ortzi Jaungoikoarekin identifikatzen da, eta orduan bai, gizonezko rola ematen zaiola. Baina horrek ez du zer ikusirik antzinako sinismenekin.
Adeitasunez.
















- 