Haurren hizkera zertan den

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2009-09-30 14:31:02

Euskarak bere eguneroko erabilpenari dagokionean baliabide ezberdinak ditu, horietako bat haur hizkera, edota haurrekin hitz egiteko orduan erabiltzen dugun hitz kode berezia daukagu. Ontsalaz, hitz hauen musika, soinua… helduen kodean erabiltzen ditugunak baino gozoagoak izaten dira, xamurragoak.

Helduaren eta haurraren arteko komunikazioa modu hurbilago batez gauzatzea litzateke haur hizkeraren xedea . Haurrekin erabiltzen ditugun hitzak osatzeko orduan euskarak zenbait bide jorratzen ditu. Nire aldetik, hauexek dira nabarmenduko nituzkeenak:

1.- Errepikapenak edo kakofoniak:

Haurrari helduarekin gauzatzen duen komunikazioa hurbilagoa bilaka dakion, soinuen eta silaben errepikapena izaten da ohiko bideetako bat. Askotan, haurrak bere lehen hitzak ahoskatzeko egiten dituen soinu kakofonikoen imitazioan oinarritzen dira, eta hori dela eta, zenbait hitzek aldaketa nabarmena jasaten dute beren barneko egitura silabikoetan.

Adibidez: akiki egin (hautsiki egin), koxka egin (hozka egin), papatto (zapatoa), txintxin (dirua, txanpona), pitxitxi (katua), ninia (haur txikia), borronbila (bonbilla), purruna (puzkerra), kokoloa (txokolatea), kikiak edo kikak (haurrari ateratzen zaizkion lehen hortzak), txitxia (jakia: haragia eta arraina), apapa (kalera atera), papo (akabo), popo (autoa), txalo-txalito (txalo egin), titia eman (bularra eman), mama (ura)…

2.- Onomatopeiak:

Onomatopeiak edo soinuen imitazioak leku zabala hartzen du euskaldunon haur hizkeraren alorrean. Askotan gainera, imitaziozko soinu horiek errepikatzen direnez gero, aurrekoekin nahasi egiten dira. Hauek, seguru aski, izango dira haur hizkeraren barruan oinarrizkoenak. Beraien helburua haurraren hizkera modu hurbilago, xamurrago batez lantzea izango litzateke, hau da, helduen mundu erreala haurren irudimenezko mundura hurbiltzea.

Adibideak oso ugariak dira. Ikus ditzagun horietako batzuk: tax-tax egin (jo egin), alolo, añoño, aioio (lo egin), ttaka-ttaka (haurraren lehen pausoak), pa (musua), mumua (animalia), momorroa (zomorroa), plixti-plaxta (haurra uretan jostatzean), pipi egin (pixa egin), fufu (sua), punba-punba (haurra erortzean), ñañan egin (jan), ttuku-ttuku (txupetea xurgatzean), ttun-ttun (musika), ttakatan-ttakatan (korri egin), ttukun-ttakun (irentsi), dingili-dangala (haurra aurrera eta atzera ibiltzean), pirri-pirri (beherakoa), kulun-kulun (haurra kulunkatzean), pipia (txoria)…

3.- Bustidurak:

Hirugarren bide honek posibilitate ugari eskaintzen digunez gero, haur euskaldunekin erabilitako hizkera berezia horrela egindako hitzez beterik dago. Batzuk haur hizkerarako sortuak izan arren, helduen artean ere erabili egiten dira. Eman ditzagun adibide gisa, gurasoek eta bestelako senideek haurrekiko harremanetan erabilitako izen busti bereziak. Bestalde, esan beharra dago, bustidurak ez direla beti gertatzen haur hizkeran erabiltzeko aitzakiaz, zenbait euskalkik ere joera handia izaten baitute era guztietako bustidurak egiteko eta usu erabiltzeko. Aipatzekoak dira: aitta, aittona, amatto, ttikitto, pittitto, ttikia, gaxua, maittia, ttunttuna, pollita, papattittoak

4.- Atzizki txikigarriak:

Jakina da atzizkiek gure arteko komunikazio-hizkuntzan hartzen duten erabilpen zabala, horregatik ez da bat ere harritzekoa, haurren hizkeran ere euskaldunok atzizki txikigarriez egiten dugun erabilpen sistematikoa, bai izen arruntekin: umetxo, aingerutxo, txoritxo, katutxo, eskutxo, zakurtxo, zapatatxo, aitatxo, amatxo, gizontxo, muttiko, neskatxa, haurtxo, zaldiko, gonatxo, prakatxo, edertxo, lilitxo, loretxo, sudurtxo, kakita, begitxoak…; eta baita izen nagusiekin ere. Atzizki txikigarrien bidez sorturiko izen nagusiak oso ugariak dira gure artean, eta horietako asko, haurtzaroko garaia urruti utzirik, helduen artean ere erabiltzen dira, berezko izenen itxura hartuz. Dena den, izen nagusiekin, hiru bide nagusi erabili izan ditugu:

Euskarazko txikigarriak (-txo, -txu, -ko, -ku…) erabiliz sortutakoak: Josetxo, Juliantxo, Ramontxo, Patxiku, Pedrotxo, Begotxu, Juantxo, Maritxu, Jenotxo, Koruko, Ixiartxo, Karmentxu, Perutxo, Jontxu, Gillenko, Mieltxo, Xabiertxo, Iñakitxu, Lontxo, Manueltxo, Pilartxo, Pernantxo, Petriko…

Erderazkoak (-ito, -ita,…) erabiliz sortutakoak: Iñaxito, Mañolito, Joanito, Patxikito, Joxeiñaxito, Iñaxita, Joxepita…

Euskarazkoak eta erdarazkoak nahasiz sortutakoak: Begoñitatxo, Joanitatxo, Pakitatxo…

Badakit haur hizkerari buruz oso iritzi kontrajarriak daudela. Batzuentzat soberako kodea den bitartean, besteentzat eman beharreko pausoa da. Nik azkenekoen artean kokatzen dut nire burua.

Gure bi semeak ttikiak izan zirenean, etxeko guztiok, bat ere pentsatu gabe, gure gurasoek gurekin erabilitako hitzak erabiltzeari ekin genion. Urte luzetan hitz haiek gure burutik ezabatuak izanak ziren, baina gertuko tratua iritsi zitzaigunean, inongo arrazonamendurik gabe, erabiltzeari ekin genion, gure aurrekoen jarrera inkontzienteki errepikatuz.

Egun batean, horretaz konturatu nintzenean, erabiltzen genituen hitzak biltzeari ekin nion, eta orduan konturatu nintzen zenbait taldetan bana zitezkeela. Hortik dator irakurle, oraintxe irakurri duzun sailkapena.


Komentarioak

icon

Maider F.

2011-01-04

Ama berria niz, eta zure artikulua irakurtzean, ttipitan etxean entzun hitzak etorri zaizkit gogora. Nik ere ene semettoari etxean jasotakoak irakatsiki dizkiet.

icon

Esther

2011-02-01

Nire arrasemearekin oroitu ditut ttipitako hitzak. Arrazoin duzue, hortxe hasten da gure haurren euskalduntzea.

Komentarioa idatzi