Hendaiako eta Sarako gurutze esoterikoak (I)

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2011-01-04 15:30:21

Fulcanelli idazle hermetikoak Mystère des catedrales liburu entzutetsuaren bigarren argitalpena 1957an egin zuen (Lehena 1925ean egina zuen). Liburu horretan dotrina hermetikoaz, sinbolismoaz eta alkimiaz aritzen dela gauza jakina da, Fulcanelli -ezizen horren azpian gordetzen den egiazko nortasuna ezezaguna zaigu- azken alkimista handia izan baita aunitzen ustetan. Gauza da aipatu dugun bigarren argitalpen horretan kapitulu berri bat gehitu zuela liburuaren bukaera aldean: Hendaiako gurutze ziklikoa izenburuaz bataiatu zuena. Eta hortxe hasten da gure historia hau.

1.- Hendaiako gurutze ziklikoa.-

Fulcanellik bere liburu ospetsuan erantsitako kapituluan honako azalpenak ematen dizkigu:

Gurutzearen egiturari begiratuz gero, badirudi XVII. edo XVIII. mendean egina dela, eta Hendaiako aitatxi zahar bati galdetuta jakin dudanez, hasiera batean Beltzeniako hilerrian kokatu zuten hildakoen betiko loa zain zezan eta gero1842. urtean, gurutzea hilerritik Jondoni Bixintxo eliza ondora eraman eta elizaren hormatik biziki gertu ezarri zuten. Ene ustez hargina ez zen oso trebea baina bai ezaguera kosmografikoz jantzia.

Fulcanellik ez digu argitzen nork egin zuen edota noren aginduz egin zen. Gero, gurutzea deskribatzerakoan, honela esaten digu:

Gurutzeak bi zati ditu, bata gurutze bera, eta bestea gurutzea eusten duen oinarria. Gurutzean, VI. mendeko poeta izan zen Venancio Fortunatok sorturiko himno bati X. mendean erantsi zioten esaldia zizelaturik dago: O CRUX AVES PES UNICA. Ongi idatzirik balego, hau da, O CRUX AVE SPES UNICA jarriko balu, AGUR GURUTZE, ITXAROPEN BAKARRA esan nahiko luke. Haatik, esaldia ez dago ongi idatzirik, bi zatitan banaturik horrela agertzen baita: OCRUXAVES / PESUNICA. Hau da, S letra tokiz aldatuta dago. Ene ustez, ez dirudi harginaren akatsa denik -horrelako testuak zizelatu aurretik, ikatzez egindako zirriborro modukoak lantzen baitzituzten- nahita egindako aldaketa edo translazioa baizik.

Harginak idazkera hermetiko eta ezkutua erabili zuen, itxurako akats batez babesturik, bestelako esanahia aditzera emateko. PES UNICA hitzen itzulpena OIN BAKARRA litzateke. Hala eta guztiz ere, eta egiazko esanahia ez adituen begietan ezkutatu nahian, ez zituen, nahita, latinaren arau gramatikalak errespetatu. PES latinez maskulinoa da eta dagokion adjektibo maskulinoa UNICUS da. Harginak, berriz, eta lehen aipaturiko arrazoiagatik, UNICA femeninoa erabili zuen. OIN BAKARRA hinduen sinesmenetan zikloaren amaieraren adierazlea da, gizateriaren bukaeraren igarlea.

Gurutzearen oinarrian gaizki idatzitako testuan, bokal aldakorrak erabiliz gero, honako hau irakur daiteke: “Il est écrit que la vie se réfugie en un seul espace” Euskaraz esana: “Idatzirik dago bizitza gune bakar batean babesten dela” Eta mezu honen esanahia zera litzateke: “Bada leku bakar bat non hondamendiaren tenore ikaragarrian, heriotzak ez duen gizakia harrapatu ahal izango”

Gurutzearen oinarriak, berriz, lau alde ditu. Horietako lehenean artizarra adierazteko erabili izan den izar mota agertzen da. Bigarrenean ilbeheran dagoen ilargia. Hirugarrenean eguzkia, eta azkenik, laugarrenean, lurra irudikatzen duen ikur koaternarioa. Biribil handi batean eta gurutze handi batek banaturiko laurdenetan A letra bana azaltzen dira. Gurutzearen gibeleko aldean, gaur elizaren hormatik dagoen alde ezkutu horretan alegia, INRI (Iesus Nazarenus Rex Iudeorum / Nazareteko Jesus, juduen errege) irakur daiteke.

Lurra irudikatzen duen ikur koaternarioak mezu zikliko bat dakarkigu gogora. Lau A horiek alfa, hau da, guztiaren hastapena lirateke, eta biribila O letra, omega, litzateke, garai guztien amaiera alegia. Irudi hau hinduek erabiltzen zuten gizakiaren ziklo osoa adierazteko, eta bertan azaltzen diren lau gune horiek gizateriaren lau aro handiak sinbolizatzen dute.

Lehena Urrezko Aroa da (Gredadugan diturikoa), inozentziaren aroa da. Behia indartsu eta osasuntsu dago eta lau hanketan sostengatzen da. Bigarrena Zilarrezko Aroa (Tredadugan). Behia ahulago dago eta hiru hanketan sostengatzen da. Hirugarrena Brontzezko Aroa (Tuvabaragugan) Behiak bi hanka ditu bakarrik euskarritzat. Eta laugarrena, Burdinazko Aroa (Caigugan) miseriako aroa da. Behiak ez du kolokarik lortzen euskarritzat duen hanka bakarrean. Honen mezua heriotza da eta bere hieroglifikoa Saturnoren atributuez jantzitako giza hezurdura. Eraldatzearen ordua da, hondamendiaren eta suntsiketaren tenorea. Ziklo hau amaitzean, gizaki ia guztiak desagertuko dira, hautatuen multzo txiki bat izan ezik. Hauei egokituko zaie ziklo berri, aberatsago eta aratzago bati ekitea. Gurutzean zizelaturik dagoen testua honetaz hitz egiten digu: PES UNICA / OIN BAKARRA esaten duenean, horixe baita gure zikloaren amaiera hurbila.


Komentarioak

icon

Gilen Ezpeldoi

2011-01-04

Adio, Joseba. Egia erran behar badiat, gaia ezagutzen nian, baina frantsesez zein ingelesez irakurtua. Plazer handia duk gure mintzairaz horrelako gauzez ere irakurtu ahal izaitea. Aintzina, eskuarak denetarako balio baitu!

icon

G.U.

2011-01-06

Gaur izan niz Hendaiako eta Sarako gurutzeak ikusten eta argazkiak egiten. Xoragarria!

Komentarioa idatzi