Iduzkilore antzerkia Urruñan zentsuratua
Joseba Aurkenerena
2007. urtean, eta gehienbat, Senpere aldean, Lapurdi 1609-2009 izeneko elkartea sortu zen. Elkarte honen helburua zera zen: Lapurdin, 1609. urtean izan ziren gertaera lazgarriak, laurehun urte beranduago, gaurko lapurtarrei gogora ekartzea, hau da, garai hartan, gure arbasoekin egindako umilazioak, torturak eta hilketak ahanzturaren zigorgabetasunean ez uztea.
Laster, Lapurdiko jende ainitz bildu zen proiektu horretara eta 2009. urtean zehar era guztietako ekitaldiak burutu zituzten: hitzaldiak, tindura erakusketak, bertso saioak, musikariak, argitalpenak… Ekitaldi nagusia, berriz, 2010eko otsailaren 27an burutu zen, Senpereko jauregiaren aitzinean, bertan herriko etxearen eta beste erakundeen laguntzaz, XVII. mendean torturatutako eta hildako guztien omenez, burdinazko oroigarria altxatu zenean. Oroigarriaren egileak Nestor Basterretxea eskulturagilea eta Jean Mixel Bedaxagar arotza izan zirelarik.
Hori guztiaz gain, Lapurdi 1609-2009 elkarteak herri antzerki bat egitea erabaki zuen gertatutakoaren berria herriz herri eta plazaz plaza heda zezan. Idazleak Peio Xipi eta Joseba Aurkenerena (ni neu) izan ginen eta antzerkira ederki moldatu zutenak Manex Fuschs eta Mixel Jorajuria. Horrela sortu zen, pittaka-pittaka Iduzkilore izeneko antzerkia.
Antzerkia literatura dela gauza jakina da, eta hori dela eta, Iduzkilore antzezlanak literaturan zilegi diren lizentziak hartu ditu bere gain: irudimenezko pertsonaia eta ekintzak, hitz eta keinu jokoak, janzkera kontuak, denboraren zatiketa… baina egiazko gertaeretan oinarritzen denez, hortik edan du gehienbat. Eta horretarako, idazleek zein moldatzaileek iturri bibliografikoetara jo zuten. Peio Xipik urteak zeramatzan kontu horiek aztertzen eta bibliografia eta artxiboak ongixko ezagutzen zituen arren, gainerako guztiok ere, iturriak irakurtzeari eta ikertzeari ekin genion.
Bibliografia gisa, Pierre Lancre berak idatzitakoa, François Bordes, Eugène Goihenetxe, Jean Michel Sallmann, Alizia Sturtze, Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Luis Haranburu-Altuna, Claude Labat, Jacques Ospital… eta abar luzea erabili genituen.
Antzerki taldea Manex Fuschs taula-zuzendariak osatu zuen, arizaleak hortik eta handik hartuz. Gehien-gehienak horrelakoetan nehoiz aritu gabeak ziren. Hala eta guztiz ere, burutu duten lana ikusita, profesionalen pare ibili direla erran genezake. Nire zorion beroena, beraz, zuzendariari eta arizale guzti-guztiei.
Antzerkia lehen aldiz, Senperen, 2010eko ekainaren 11n jokatu zuten, arrakasta handia erdietsi zuelarik. Geroztik, ekainaren 13an Uztaritzen, ekainaren 18an Izpuran, ekainaren 19an Ziburun, ekainaren 20an Alozen, ekainaren 22an Hazparnen, agorrilaren 28an Urruñan, irailaren 2an Lazkaon, irailaren 3an Domintxinen eta azkenik, irailaren 4an, Zugarramurdin, sorginen leizean. Emanaldi guzti-guztietan aretoak eta plazak jendez mukuru izan ziren eta prentsan azaldutako kritika guztiak aldeko izan genituen.
Eragozpen bakarra Urruñan gertatu zen. Agorrilaren 28rako eskatua zen emanaldia, eta uda honetan izan dugun klima aldakorra zela eta, Hazia elkarteak plazan jarrita zegoen xapitoaren azpian egitea eskatu zuen. Arrazoi ezberdinak emanez, epe laburrean eskatua zela eta abar, Herriko Etxeak ezetza eman zuen. Azkenean, Gezurrak bide labur erraiten du gure atsotitz zaharrak, eta horrela gertatu da oraingo afera honetan ere.
Gobernuan den kontseilari batek garbi azaldu zuen ezetzaren arrazoia. Haren ustetan, antzerkia asmatutako istorioa zen. Horrelako zapalketa, torturak eta hilketak guk asmatuak zirela, alegia.
Ez dugu uste, pertsona honek bi aldiz pentsatu zuela horren alegeraki bota zuena. Jakin badakigu denok horrelakoak ainitzetan erran eta erraiten direla. “Gernika ez zen bonbardatua izan, euskaldunok erre genuen” edota “Holokaustorik ez da nehoiz izan, juduek asmatutako propaganda besterik ez da”. Ez dugu uste, hautetsi horrek horrelako zerbait erran nahi zuenik… baina bai, ezagupen handirik gabe mintzatu zela. Gauza da, ez zutela baimenik eman antzerkia xapito azpian egin zedin, eta estali gabeko pilota-plazan egin behar izan zen, eguraldiak lagundurik eta arrakasta handiz.
Baina egin dezadan orain, antzerki honetan jorratzen den historiaren laburpen moduko bat. XVII. mendean, Lapurdin, Frantziako Erregearen eta Eliza Katolikoaren izenean burututako zapalketa, torturak eta hilketak ongi planifikatutako afera baten ondorioak izan ziren. Alde batetik Frantziako errege zen Henri IV.ak bere erresumak zentralizatu eta menean ezarri nahi izan zituen.
Urtubiako eta Senpereko jaunek boterea eta lur komunalak bereganatu nahi zituzten, eta horretarako sorginen kontu horretaz baliatu ziren, Lapurdin ziren herriko jaunen eta Biltzarraren aurka egiteko. Erregearengana jo zuten eta Lapurdi sorginez beterik zela argudiatuz errege-ordezkari baten etorrera eskatu zuten.
Bi jauntxo horien asmoa Frantziako gizon feudalek zuten estatusa erdiestea zen. Eta bestaldetik, erran behar dugu, euren jokoa egitera gure artera igorri zuten De Lancre demonologoa gizon oldarkorra zela, bere mamuekin guztiz sinetsia zela eta horrelako balentriak egiteko biziki prest zegoela.
Agian, Urruñako gaurko auzapez anderea Urtubiakoa izateak bere zama izan du zentsura honetan, ez dakit. Baina ez litzateke horrela izan behar, hemen aipatzen diren kontuak duela laurehun urte gertatutakoak baitira.
Idazki honek balio dezan politikariek ezarritako zentsura salatzeko eta egia bere tokian ezartzeko. Horixe da, nik, antzerkia idazten parte hartu dudanez, gutun honen bidez xerkatzen dudana. Lortu dudan ala ez, geroak erranen. Buka dezadan Auxtin Zamorak XVII. mendean torturatu eta hil guztien omenez, egindako Jauna Miserere izeneko kantu ederraren azken koblaz. Zentsuratzaileei bereizirik eskainita.
Ez dituk ahuldu,
ez dituk ixildu,
ez naski sekulan ixilduko ere
neskatxen hil orroak, Jauna Miserere…
Komentarioak
Xabier Albizu Apaolaza
2010-09-01
Bikaina hire idatzia Joseba, argigarria eta ausarta. Egia izkutatzen zertan ibili? Bide batez, Urruñako "jaun-andere" izeneko horien jokaera tamalgarria herritarren aurrean azaltzeko oso baliagarria duk. Zorionak Joseba eta jarraitu bidea argitzen.
Martxel
2010-09-01
Txalo !
MARIBEL BARANDIARAN
2010-09-03
Pena da antzerki hau Zugarramurdin bukatzea. Gehiago beharko genuke euskal geografia osoan zehar. Biba zuek!
KERMAN UGARTE
2010-09-03
Aupa lagunak, biziki antzerki ederra egin duzue. Zorionak parte hartu duzuen guztiei, aspaldian ez baitzen horrelakorik gure plaza eta karriketan ikusten. Zentsuratzaileei asto gorotza.
JOSETXO SARASOLA
2010-09-03
Horrelako antzerki gehiago beharko genuke. Eta pena da Zugarramurdiko emanaldiarekin bukatzea. Gehiago egin beharko zenukete eta Euskal Herri osoan zehar antzeztu. Zorionak idazleei, taula-zuzendariari eta aktoreei, benetako antzezlan ederra egin baituzue.
Andoni
2010-09-03
Urruñako Herriko Etxekoek beste behin erakutsi dute zertarako gai ziren... sei gazte atxilotu zituzten atzo. Komisaldegian atsalde osoan galdezkatuak izan ziren ezin soportatu arte. Justizian segituak izanen dira!
Zergatik?
Gaztetxe edo hobeto erran, gaztetxola txiki bat eraiki dutelako Odile De Coralen alkatearen eremu zabalan. Hortik, gazteak kanporatzeko polizioak burutu operazioan 15 CRS ekarri dituzte.
Hori da Urruñako Herriko Exteak duen herri proiektua!
















- 