Inma Gomila gogoan

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2012-01-02 13:11:15

( Izar berri bat piztutzera noa )

Gogorra da bizitza honetan aitzina egitea, zinez gogorra. Gogorra da duin eta bizirik irautea, baina are gogorragoa maite ditugunak guregandik aldentzen ikustea; eta gazte, sasoitsu eta eder direlarik baldin badoaz, gogorragoa oraindik. Gure buruak ezin du ulertu, gure bihotzak ezin du bereganatu… Horrela gertatu zaigu Inma Gomila ezagutu dugun guzioi. Emazte kementsua zen, ederra, goxoa, langilea… ez zirudien gure artetik alde egiteko tenorerik zuenik. Eta halaxe zen, gaitzak eraman du traizioz, pittaka-pittaka bera lana eginez.

Inma Gomila Carro gaur Bilboko auzo den Deustun sortu zen 1957. urtean, eta Bilbon eman zituen bere haurtzaroa eta gaztaroaren zati handi bat.

Unibertsitatean ekonomia ikasketak burutu zituen eta hastapenetan enpresen kudeaketan aritu zen lanean. Gazte zelarik euskara ikasi zuen, eta ederki gainera. Ez amak ez aitak ez zekiten euskaraz, baina ikasiz geroztik, Inmak bere bizitza osoa euskararen alde eman zuen.

"Argia" euskal astekariaren erredakzioan aritu zen hasieran eta berantago "Euskaldunon Egunkarian". Egunkari horretan kudeaketa ekonomikoan aritu zen buru-belarri. Eta horixe izan zen haren bekatua. 2003ko otsailaren 20an, Aznarren meneko espainiar gobernuak euskarazko egunkaria itxi zuenean, guardia zibilek atxilotu zuten eta bost egun luzez inkomunikaturik ukan zuten. Denok dakigu zer nolako infernua den hori. Inmak era guzietako umilazio eta tratu txarrak jasan behar izan zituen. Zer zuen bere aurka? Euskalduna eta emaztea izatea, besterik ez. Eta gogor ordainarazi zizkioten haren hobenak. Azkenean, epaiketa burutu aurretik, haren aurkako akusazioa bertan behera utzi zuten. Afera lazgarri hark izugarri markatu zuen. Orain biktimen afera hitzetik hortzera entzuten dugularik, ez dugu ahanzten ahal Inma ere biktima izan zela.

Inma Gomila izugarri langilea eta militantea zen. Askatasuna maite zuen, Euskal Herria eta euskara ziren haren pasioa. Giza eskubideen aldeko militante sutsua zen, ezkertiarra, emaztekiaren defendatzaile suharra…

Nik Donostian ezagutu nuen, "Argia" aldizkariaren inguruan zebilen garai haietan, eta gero Urruñara, nire familiarekin batera, bizitzera etorri nintzenean, bertan topatu nuen, lapurtarren eguneroko bizi-borrokan guztiz atxikirik. Urruñan bat gehiago zen. Euskararen aldeko ekintzetan ibili zen buru-belarri, Donibane Lohizuneko ikastolako buraso taldean, Urruñako ikastolaren sortze bide luzean, Ziburuko Kolegioko administrazio kontseiluan… eta abar. Inmak ahal izan zuen guzia eman zuen gure mintzairaren alde.

Simeon Barrosorekin ezkondua zen eta bi seme ukan zituzten: Odei eta Orhi. Biak ikastolan, euskararen kolko goxoan, hezi zituzten. Gaur, Odei Barroso izen handiko bertsolaria dugu Ipar Euskal Herri osoan. Iparraldeko azken txapelketan, bigarren gelditu zen Amets Arzallus hendaiarraren ondotik. Ixabel Etxeberria idazle eta hautetsi urruñarrak "Gara" egunkarian plazaratu duen iritzi artikulu batean, Inma ezagutu genuenok semearen bertsoetan haren ahotsa entzungo dugula zioen. Eta horrela izanen delakoan nago. Nolako zura, halako ezpala.

Inma emazte borrokalaria zen, suharra, kementsua,… eta horiez gain emazte konprometitua. Konprometitua euskararekin, Euskal Herriarekin, emaztekien eskubideekin, zapaldutakoekin, familiarekin… Giza baloreak biziki barneraturik zeuzkan eta horiekiko zuen atxikimendu handiak bultzatu zituen Barroso-Gomila senar-emazteak bi mutiko etxeko sukaldean hartzera. Eta horrela Migel eta Sebas laster bilakatu ziren bi seme gehiago haien familian.

Azken urtea gaitzarekin borrokatuz eman du. Ausarta zen, adoretsua, izukaitza… eta adorez ekin zion bere gaitzaz jakin zuen lehen unetik. Azkenean, 2011ko abenduaren 22an, azken hatsa eman zuen. Nekatua zegoen, unatua… gaitzak ez baitzion azken momentura arte atsedenik eman. Hala eta guztiz ere, Inma azken momentura arte borrokatu zen. Behar zuen bizi, haren familiak bizirik behar zuen, Euskal Herriak ezin zuen horrelako alabarik galdu… baina azkenean Herio izan zen irabazle, eta Inma guregandik eraman zuen.

Beilategia eta hileta Errenteriako Zentolen erraustegian izan ziren. Bertara euskal kulturan harekin ibilitako ainitz hurbildu ziren, baita Lapurdiko kostaldeko bizilagun ugari ere. Han zuen Gloria ama, bera bezain emazte adoretsua dena, azken agurra ematen, baita Yolanda eta Koldo anaia-arrebak ere. Familia osoa zegoen han. Koldo anaiak eskerrak eman zizkien hurbildutako guztiei eta ondoren Inmaren nortasuna denon gogora ekarri zuen. Anaiak oroitarazi zigunez, askatasuna zen Inmaren gida eta bide-argia, eta hari jarraiki eman zuen bizitza osoa. Agur gisa, bertaratutako guztiok, eta Koldo anaiak horrela eskaturik, Txoriak txori kantu ederra abestu genuen. Inma han zegoela, gurekin batera kantatzen, iruditu zitzaidan. Eta seguru aski horrela izan zen.

Herri honen historian badira gizon eta emazte ainitz, eta bakoitzak bere bidea urratu du modu batean edo bestean. Hemendik aitzina Euskal Herriak badu beste emazte handi bat gogoratzeko eta bere olinpo partikularrean ezartzeko. Telesforo Monzonen kantu baten zatia ekarriko dut orain gogora Inmaren ahotsean ezartzeko: Izar berri bat piztutzera noa Euskal herriko zeru gainean. Goian bego Inma Gomila anderea. Gaurtik betira arte zure izarrak dir-dir egin dezan euskaldunon unibertsoa argitzen.

Inmaren heriotzak gogoeta sakonak ekarri dizkit gogora. William Blake idazleak badu bizitzaren eta heriotzaren arteko muga ikusezin horretaz diharduen olerki eder bat; bertan erakutsitako ikuspegia maite dut nire ulermenean argitxo bat pizten duelako, eta horregatik euskarara itzuli eta lerro hauetara ekarri dut. Simeon, Odei, Orhi, Migel, Sebas, Gloria, Yolanda, Koldo… eta Inma maite izan zuten eta maite duten guztiei eskainia.

BELAONTZIA



Hondartzan nago, zutik.
Goizaldeko haize leunaz
belaontzi bat igarotzen da;
ozeano alderantz doa.
Edertasuna da! Bizitza da!
Hari begira lotzen natzaio,
hodeiertzean desagertzen den arte.

Nire ondoan den baten batek
Joan da! erran du.
Joan al da? Norantz?
Nire bizitzatik joan da,
besterik ez!

Haren masta beti bezain garaia da,
kroskoa aski sendoa dauka
eta haren izate osoa
eramateko modukoa dirudi.

Nire bizitzatik desagertu da,
baina desagertze hori
niri dagokit,
ez belaontziari.

Nire ondoan den baten batek
Joan da! ---erraten duen une berean,
beste zenbaitek hodeiertzean
agertzen dakusate.,
eta beraiengana hurbiltzean,
Heldu da! diote,
bozkario handiz.

Horrelakoa da heriotza.
Ez dago heriotzarik,
bi ertzetan dauden biziak baino.


Komentarioak

icon

Jone

2012-01-02

Inmaren izarrak lagun gaitzan askatasunaren aldeko bidean. Egia da belaontziarena, metafora ederra, baina, zorigaitzez, Inma urruneko ertzean daukagu.

icon

Idoia E.

2012-01-02

Agur Inma, baina ez betiko. Zuk egindakoak hemen gelditzen dira, gure artean, Euskal Herri sufritu honetan. Beti oroituzko zaitugu, zure irribarreetan, zure kemenean, zure seme Odeiren bertsoetan...
Beti izanen zaitugu gurekin.
Ez adiorik! Egun handira arte!

icon

Gaxuxa M.

2012-01-02

Ez nintzen Urruñako ikastolan egin zizuten omenalditxora joan ahal izan, tamalez. Lerro hauetatik agurtu nahi zaitut, Inma. Agur eta ohore emazte ausart eta borrokalariari! Goian bego Inma adiskidea!

icon

Azkaindarra

2012-01-02

Oraino ez dugu sinisten ahal ez zirala gurekin. Hala ere, gurekin zaitugu egunerokoan, gure ametsetan, gure borrokan. Eta ziran tokian zirala euskara eta Euskal Herria beti laguntzeko prest egonen zirala sinesten dugu, zinez.

Pott handia senarrari eta semeeri.

icon

joaneserbiti@orange.fr

2012-01-02

Joanes

2012-01-02

Emazte gogorrez beteriko herria da gurea, eta horrela egiten du beti aintzina. Gizon handiez eta emazte handiagoez aberria da gurea.
Ama gogorrak eta borrokalariak, espusa irmo eta langileak, alaba alai eta aldarrikatzaileak. Horiek denak ditugu Euskal Herriaren sustatzaile, askatasunaren sostengu, independentziaren zutabe.

icon

Asier

2012-01-02

Aupa Odei, aupa Orhi! Aintzina!

icon

Itziar M.

2012-01-02

Aurrera Barroso-Gomila familia!

icon

Maitena (Senpere)

2012-01-02

Koraje on familia osoari.

icon

Maider - Baiona

2012-01-02

Nork maita dezake heriotzarik ez balitz...?
eta maitasunik gabe, nor bizi liteke?
nork heriotza gaindi,
maitasunik gabe?

Honela erraiten du Joxean Artzek bere olerki batean. Eta zuk, Inma sakon maitatu zinuen eta sakon maitatua izan zinen eta zira. Horixe da guziok zutaz dugun oroitzapen handia. Goian bego, Inma.

icon

Mirentxu L.

2012-01-03

Domaia da horrelako emazte kementsuak horren gazte, bizitzaren lorian, galtzea. Eskual Herriak maite zaitu, Inma.

Ene sentimendua familiarentzat.

icon

Paxkal

2012-01-04

Arras ederra olerkia.
Koraje on familiari.

Komentarioa idatzi