J.B. Daskonagerre eta Lapurdiko atsotitz zaharrak (I)

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2010-10-29 12:41:12

Nor zen Daskonagerre ?

Jean Baptiste Daskonagerre Baionan sortu zen 1844. urtean, nahiz eta ainitzetan Donibane Lohizunen sortua zela erran den, familia umil eta apal batean. Lehenbiziko ikasketak Pasaian egin zituen eta geroko ikasketa guztiak, zuzenbidekoak eta historiakoak barne, Parisen burutu zituen. Filosofia, literatura eta hizkuntzak oso gogokoak zituen, hori dela eta, Parisen arlo horietan zebilen zenbait jenderekin harreman estuak ukan zituen.

Ikasketak amaitu ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, eta Nafarroa Behereko Bastidan notari edo eskribau aritu zen. Zenbait urte berantago, lanbide bera landu zuen Baionan. Lapurdiko hiriburuan bizi zela, politikari lotu zitzaion eta horrela, bizpahiru aldiz, Kontseilu Orokorrerako diputatu aukeratua izan zen. Ohorezko Legioko Zaldun izatera iritsi zen. 1927an, Baionan hil zen.


Daskonagerre idazle

Louis Lucien Bonaparte printzeari idatzitako gutun batean irakur daitekeenez, bere idazlanak printzearen babespean jarri zituen. 1867an, “Les Echos du pas de Roland par J.B. Dasconaguerre, membre du Conséil général des Basses-Pyrénées. Traduit de basque” izeneko eleberria argitaratu zuen, Frantzia aldean ospe handia lortuz. Lan honen mataza honetan datza: Lehen karlistaldian Ganix mugalariak Beirako printzesa bere lehengusu eta senargaia zen Don Karlos erregegaiarekin elkartzen lagundu zuen Hegoaldera pasaturik eta frantses gobernuaren zelatariak aho bete hortz utzirik.

Ospea lortzean, jendea euskaraz idatziriko jatorrizko testua eskaka hasi zitzaion, eta inon azaltzen ez zenez gero, itzultzeari ekin behar izan zion. Ez dago bat ere garbi berak euskaratu ote zuen edo beste norbaitek itzuli egin ote zion. Gauza da, Donibane Lohizuneko lapurteraz idatzitako liburua “Atheka gaitzezko oihartzunak” izenekoa 1870. urtean plazaratu zela. Handik gutxira espainieraz egindako bertsioa kaleratu zuten. Izan ere, garai hartan ez zen euskaraz idatziriko eleberririk. 1881n argitaratu zen Juan Antonio Mogelen “Peru Abarka” famatua, Zenbait urte beranduago, 1889an hain zuzen, Jean Baptiste Elizanbururen “Piarres Adame” eleberri laburra plazaratu zuten eta 1890ean Resurrección Maria Azkueren “Behin da betiko” izeneko eleberria, hau ere aski laburra zelarik. Txomin Agirreren lehen eleberria, “Auñemendiko lorea” izenekoa, 1898. urtean argitaratu zen. Kritiko aunitzen ustez, hauxe omen da plazaratu den egiazko lehen euskal eleberria. Beraz, Daskonagerreren eleberri itzulia euskaraz idatziriko eleberrien nolabaiteko aitzindaria izan zela baiezta dezakegu.

Haatik, hau ez da Daskonagerrek idatzi zuen liburu bakarra, 1880. urtean “Golfe de Gascogne eta Pays Basque” liburu etnografiko ederra plazaratu baitzuen. Liburu hau hitzaurre batez eta hamaika kapituluz osaturik dago. Hona hemen kapitulu horien nondik norakoak: 1.- Gaskoiniako golkoa. / 2.- Euskal Herria. / 3.- Industria eta merkataritza. / 4.- Baionatik Isturitzeko leize-zulora. / 5.- Beltzuntzeko gazteluaren hondakinak. / 6.- Isturitzeko leize-zuloa. / 7.- Euskaldunen emigrazioa. /
8.- Bidaxuneko gaztelutik Hazparne, Kanbo eta Uztaritzera. / 9.- Euskaldunen sorrera. Euskara. / 10.- Errolanen Atheka, Itsasu, Ezpeleta, Ainhoa, Sara, Senpere, Azkaine eta Larrun mendia. / eta 11.- Donibane Lohizune, iragana eta geroa.

Eta horietaz guztiez gain, Lapurdiko itsas hegiko 69 atsotitz zahar biltzen dituen bilduma ederra. Eta hauxe da, zorigaitzez, gure artean horren ezaguna ez den ikerketa lana. 1883. urtean hirugarren liburu bat plazaratu zuen, "Recit Basque. Mendigor- Içareder" izenburu zuena.


Atsotizak euskal literaturan

Atsotitzak, errefrau, erranairu edo erran zaharrak dira, Gotzon Garateren hitzak erabiliz, herriak eguneroko bizimodutik atera eta modle tinkoetan erabiltzen dituen, belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren eta zerbait irakasten duten esaera gogoetatsu laburrak. Bestela esanda, atsotitza herriak esperientzian oinarriturik emandako aholku edo irakasbidea da.

Esteban Garibai arrasatearrak lehen atsotitz bilduma plazaratu zuen 1533. urtean. Osora 37 atsotitz bildu zituen eta bizkaieraz idatzirik. 1596an, Iruñean, 539 atsotitz biltzen zituen “Refranes y sentencias comunes en Bascuence, declarados en romance” izeneko bilduma argitaratu zuten. Hau ere bizkaieraz idatzirik dago, hori dela eta, zenbait ikertzailek Garibaik idatzi zuen eta gaur galdua den bigarren bilduma izan daitekeela diote.

XVII. mendeko hastapenetan, Zalgizeko Bertrand Zuberoako jaun higanotak 196 atsotitz biltzen zituen bilduma egin zuen. Zubereraz idatzita daude. Handik zenbait urtetara, Jakes Bela abokatu eta idazle mauletarrak esaera zaharren sorta bat idatzi zuen. 1657. urtean Allande (Arnaud) Oihenart zuberotarrak 706 atsotiz biltzen zituen “Les Proverbes Basques recuillis par le Sr. D. Oihenart” izeneko bilduma argitaratu zuen. Hauek ere, denak zubereraz idatzirik. Mende beraren erdi aldera, Lope Martinez Isasti lezoarrak 85 atsotitz biltzen zituen bilduma burutu zuen eta “Compendio historial de la M.N. y M.L. provincia de Guipuzcoa” izeneko liburu mardularenbarruan kokatu. Zoritxarrez, liburu hau ez zen argitaratu 1850. urtera arte.

XX. mendearen hastapenetan, Resurreción Maria Azkue bizkaitarrak ia 3000 atsotitz biltzen zituen bilduma kaleratu zuen “Euskal Erriaren Yakintza” izeneko bildumaren hirugarren liburukian. 1936z geroztik, Jean Elizalde “Zerbitzari” azkaindarrak, “Gure Herrian” aldizkarietan zenbakietan, Iparraldeko atsotitzak biltzen zituen “Zuhur hitz eta erran zahar” izeneko bilduma ederra plazaratu zuen. Damaso Intza nafarrak 2.489 atsotitz biltzen zituen bilduma burutu zuen eta Antonio Zabala tolosarrak, bi liburutan, 3.000 atsotitz inguru biltzen zituen bilduma plazaratu zuen berak zuzentzen zuen “Auspoa” izeneko argitaletxearen bitartez.

XXI. mendearen hastapenetan, 2003. urtean hain zuzen, Gotzon Garate idazleak orain arte arlo honetan egin den bildumarik handiena burutu eta plazaratu zuen “Atsotitzak” izenburu zuen liburu mardulean. Bertan, euskarazko 16.989 atsotitz biltzeaz gain, espainierazko 5.475, ingelesezko 4.263 eta latinezko 3.789 atsotitz eman zituen euskaraz ere emanik. Osora 30.466 atsotitz bildu zituen, orduz geroztik atsotitzak aztertzeko eta erabiltzeko guztiz beharrezkoa bilakatu den aipatutako liburuan. Liburu honetan, Gotzon Garatek orain arte aipaturiko atsotitz bilduma guztiak aipatzen baditu ere, J.B. Daskonagerrerenaz ez du txintik ere esaten.


Komentarioak

Komentarioa idatzi