J.B. Daskonagerre eta Lapurdiko atsotiz zaharrak (eta II)
Joseba Aurkenerena
D.- DASKONAGERREREN ATSOTITZ BILDUMA.-
Hona hemen, bada, Daskonagerre baionarrak bere bigarren liburuan bildutako 69 atsotitzak. Liburuan esaten duenez, Donibane Lohizunen eta aldameneko herrietan bildu omen zituen. Erabilitako lapurterak horrela baieztatzen digu. Ulermena errazteko gaurko grafian ezarri ditut.
1.- Ardi bezenbat anxu. * (Anxu = axuri, arkume)
2.- Arrats gorriak eder aldi.
3.- Arrudarik tzarrena egiten du harrabotsik handiena. *(arruda = gurpil)
4.- Aseak gosearen berri ez daki.
5.- Asko ahaide(re)kin baino hobe da arrotzekin egitekoa.
6.- Auzo ona duenak goiz ona.
7.- Bakotxak bere burua du etsai handiena.
8.- Bakotxak bere bergaz bertzeak neurtzen ditu.
9.- Basoilarra etxean na(g)usi.
10.- Beltz guziak ez dire ikatzak.
11.- Bixtatik urrun, bihotzetik urrun.
12.- Bururik ez duenak xapel beharrik ez.
13.- Bururik ez duenak zangoak behar ditu.
14.- Xerri goseak ezkurrez amets.
15.- Xituek amarekin ikasten dute kabazkan. *(kabazkan = gatazkan)
16.- Emok emaileari, izok egileari.
17.- Etxe guzietan marikolak egosten eta gure etxean panderaka.
*(marikolak = indabak)
18.- Etxeko hautsak behar du etxeko sua estali.
19.- Ez diozu igerika irakutsiko urean den arrainari.
20.- Ez dire zuri guziak irinak.
21.- Ez duzu atzemanen hortzez ilargia.
22.- Ezkonteguna aise izanaren biharamuna.
23.- Ez utz ihes egiterat eskuko xoria airekoa izanen duzulakoan.
24.- Senar txar bezanbat emazte txor.
25.- Geroa alferraren leloa.
26.- Gizon ttikiak maiz harrabots handia.
27.- Gizon jainkotiarrari Biriatu eta Donostia bardin laketgia.
28.- Gizon txarra goizean uzten duenak arratsean atzematen du.
29.- Goizean goiz jeikitzen denak arratseko zerbait egiten du.
30.- Goiz gizon berant ezkon.
31.- Goiz gorri, hegoa edo (e)uri.
32.- Goazen bertze herrirat, han ere zakurrak badire.
33.- Gure gatuak buztana luze, bera bezala bertzeak uste.
34.- Gure mandoak umerik ez, umearen minik ez.
35.- Haginean min duenak maiz mihia harat.
36.- Haize hegoa, han emaztearen gogoa.
37.- Haritz eroriaren azpian errex da ezpalak egiterat.
38.- Irinetan ero, zahietan zuhur. *(zahi: eho ondoren irinarekin nahasturik geratzen den ale-azal xehatua)
39.- Itsasoak adarrik ez.
40.- Kanpoan uso, etxean bele.
41.- Kausitzen da beti mahainaren araberako dafailla.
*(dafailla = mahai estalgia, mantela)
42.- Lasto su laster su.
43.- Maiz ederki nahi dena maiz itsuski izanen da.
44.- Mando merkea, niretzat nekea.
45.- Martxo lore, urre lore; apiril lore, are hobe; maiatz lore gabea baino hobe.
46.- Mihiak ez du hezurrik hausten, bainan bai hautsarazten.
47.- Nahi duzuna erraten baduzu, nahi ez duzuna adituko duzu.
48.- Non fida eta han gal.
49.- Nork bere xoko, nork bere goxo.
50.- Ogi hasia jankara. *( jankara = jatera erakartzen duena )
51.- Oihanean haritzik makurrenak zuzenena dela uste du.
52.- Oinen bete zapata.
53.- On hartua nihork ezin ken.
54.- Orhiko xoria Orhin laket.
55.- Otsoak bere haragitik ezin jan.
56.- Sasitik ilki eta berroan sar.
57.- Seme hazten urre hazten.
58.- Senar duenak jaun badu.
59.- Soinuaren arabera jauzi eginen dut.
60.- Sudurra pikatzen denean ahoa odoltsu.
61.- Urrungo eltzeak urrez, hurbildu eta lurrez.
62.- Usoak gan eta sareak heda. *(gan = joan)
63.- Jakiteko hartzen ikas (e)zazu ematen.
64.- Zaharraren umea martzuka. *(martzuka: ergela, pitoa)
65.- Jarrekiz jarrekiz axari zaharrak atzematen du oiloa. *(Jarreki = jarraitu / axari = azeri)
66.- Jinkoa berankor da bainan ez ahanzkor.
67.- Zahia irinaren eske.
68.- Zapata zuriak paperez, (e)uria denean bat ere ez.
69.- Zenbatenaz gorago altxatuko baitzare, hanbatenaz beharago eror zaitezke. *(beharago = beherago)
Komentarioak
Ander Olaziregi
2010-11-15
Guk ikastolan Daskonagerre ikasi dugu, baina ez nekien Aheka gaitzeko oihartzuna liburuaz gain liburu gehiago zuenik. Biziki interesgarria.
Aupa Joseba!
Maitane
2010-11-15
Oso polita Lapurdiko euskara aztertzeko eta baita euskaldunok bizitzaz dugun filosofia ere hobeto ezagutzeko.
ASIER
2010-11-17
Gezurra dirudi zenbat altxor gelditzen diren jaso gabe. Daskonagerreren atsotitz bilduma ttiki hori horietako bat iruditzen zait. Gaurko gazteok badugu non jardun.
Bixente Maulekoa
2010-11-26
Biba hi, Joseba. Hi,beti bezala, üne oroz eüskararen eta Eüskal Herriaren alde. Jarrai horrela beti!
JANIRE
2012-04-23
Aupa!Ni bizkaitarra naiz, eta gustatuko litzaidake jakitea lapurteraz anaia-ahizpa nola erabiltzen den; eta norbaitek jakingo balu beste euskalkietan ere nola den eskertuko nizueke idaztea.
Eskerrik asko!
















- 