Monzon eta Orhipeko pastorala

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2011-08-10 13:39:16



Agorrilaren 7an, igandearekin, Johañe Bordaxarrek idatziriko “Telesforo Monzon” pastoralaren lehen emanaldia jokatu zuten. Hori dela eta, goiz-goizik, lagun batekin batera, Larraine aldera abiatu nintzen. Bidean euria zen nagusi, Lapurdiko itsas-hegian zaparrada handiak genituen, Baxenabarren sartzean, eurizko oihal trinko batek bazterrak bustitzen zituela ikusi ahal izan genuen. Donapaleutik gora abiatuta euriak barra-barra jarraitzen zuen, Oxkaxeko lepotik barna gindoazela lantzerrak eta lainoak hango paisaia ezkutatzen zuten…, ez zirudien Larrainen jokatu behar zuten pastoralaren lehen emanaldi hura burutu ahal izanen zutenik.

Hala eta guztiz ere, Larraineraino joatea deliberatu genuen. Muskildira iritsi ginenerako, lantzerra desagertua zen. Lurra bustirik zegoen eta giroan hezetasun handia sumatzen bazen ere, han ez zuen euririk egiten eta horrek esperantza berpiztu zuen guregan.

Goizeko 10.30etan Larrainen ginen. Ateri zen eta jendea herriko etxearen aitzineko frontoian biltzen ari zen, frontisaren aldean kokaturiko aldarera begira. Gu jende artera sartu eta meza ongi ikusteko eta entzuteko moduan jarri ginen. Frontoia jendez gainezka zegoen. Gehien-gehienak zuberotarrak ziren, horietako asko euskal txapelaz jantzitako laborariak, haiekin batera emakume eta haur franko ere baziren, baita gazte --neska zein mutil-- sendo eta lirainak ere. Zuberotarrez gain, Iparraldeko beste herrialdeetatik joandako euskaldun aunitz  ikus zitezkeen, Hegoaldetik joandakoak ere, eta hori nabari zen bertan entzun genitzakeen hizkeretan.

Berehalaxe, pastoraleko arizaleak frontoira sartu ziren, ohikoa izaten den soinuaren erritmoaz mugituz, eta aldarearen inguruko bazterretan ziren kokatu. Aldarearen gibel aldean zain zegoen apezak altxatu eta mezari hasiera eman zion bertan geundenok jarraitu genuen “Aitaren” erritmiko eta ozen batez. Segidan zubererazko otoitz eta kantuek Larraineko bazterrak loriatu zituzten. Nik oraindik daukat ene belarrietan “Jauna orhit zite zuiñ gütüzü maite” kantu ederraren mezua.

Zenbaitek ülhün die ikusten geroa,


erranez lürralde hau itzaltzera doa,


ez honart holakorik, zük othoi Jainkoa,


gora ezazü beti Larraine goxoa.



Meza amaiturik, arizaleak karrika üngürüan ibili ziren. Ordubat aldera, pastorala jokatu behar zuten tokian geunden. Sarrerak eta pastoral-liburuxkak erosteko tenorea zen. Jende aunitz Zuberoako ikastolaren aterpera hurbildu zen bazkarirako txartela erosteko asmotan, baina alferrik, goizeko 9etatik, txartel guztiak salduta baitzeuzkaten. Hango aterpeak eta kantinak jendez mukuru zeuden, eta bazter guztietatik gero eta jende gehiago hurbiltzen ari zen.

Ordu bietan jendea pastoraleko jarlekuetan esertzen hasi zen. Larraintarrek ezarritako agertokia zinez ederra zen. Gure aurrean Harsüdürra, Organbideska, Lapatiñagaine,, Pellüsegaine, Odeizügaine, Millagarate, eta Tartagailur genituen, eta gibelean, San Jüsefeko oihana, Kasernagaine, Erraize eta Orhi miresgarria. Nehoiz ez dut horrelako eszenatokirik ikusi. Hango antzoki naturala arrunt harrigarria eta zoragarria zen. Bilboko Arriaga edota Donostiako Victoria Eugenia izeneko antzokiek ez dute piperrik balio euskal naturak eskainitako agertoki miresgarri horren aldean. Gizakiaren eskuak ezin du, inolaz ere, izadiak sorturiko arte-lanekin lehiatu.

Arratsaldeko 3,30etan, eta pastoraletan ohikoa den martxaren erritmoari jarraiki, arizaleak ordurako bete-beterik zegoen agertokira sartu ziren. Komunikabideen arabera, lau mila lagun inguru omen geunden han, Monzonen gorazarrez egindako trajeria noiz hasiko zain. Arizaleak sartu orduko, trajeriari hasiera eman zioten. Oholtza, larraintarrek egindako ezponda baten gainean ezarririk zeukaten eta erdi aldeko sarreran bazen harlauzez egindako bide dotore bat. Agertokiko hondoa apainduz betiko hiru oihalak. Erdian zuria, paradisua ordezkatuz. Bertatik sartu eta irten ohi dira apezpüküa, apezak eta aingürüak. Oihal gorria eskuin aldean, infernuaren ikur. Hortik sartu eta irten ohi dira türkak edo gaiztoak, Monzonen pastoralean espainiarrak. Eta ezker aldean, zerua ordezkatzen duen oihal urdina. Bertatik sartu eta irten ohi dira jende onak, euskaldunak kasu honetan. Baina nire harridurarako ez nuen aipaturiko oihal urdina ikusi, bere tokian oihal berde bat ezarririk baitzeukaten.

Antzerki mota hau zahar-zaharra da eta Erdi Aroan egiten zituzten misterioetan erroturik dagoela dirudi. Bere sinbologia, koloreak kasu, giristino kutsukoa da eta ez du zer ikusirik Frantziako ikurrinarekin, batzuek -Hegoaldekoek gehienbat- horrela sinesten badute ere. 1978. urtean, Garindaine herriak Junes Casenave-Harigilek idatziriko “Ibañeta” pastorala jokatu zuen. Hiru emanaldi egin zituen. Lehena Garindainen, bigarrena Donapaleun eta hirugarrena Ibañetan, hau da, gatazkaren leku berean. Ibañetan jokatu zutenenean, Hegoaldeko jende aunitz hurbildu zen bertara, eta horietako gehienek ez zekiten zer eta nolakoa zen pastorala. Hegoaldeko abertzale suhar batzuek, pastoralaren bezperan, Frantziako ikurrinaren koloreak irudikatzen zutelakoan, oihal urdina ebatsi zuten eta haren tokian oihal berde bat ezarri. Hurrengo goizean, Junes Casenave jende aurrean azalpenak ematen aritu zen, koloreen funtzioa adieraziz, baina alferrik, oihal urdina ez baitzen agertu, eta pastoral hura oihal berdeaz jokatu behar izan zuten. Larraineko hau izan da, nik dakidala, oihal berdeaz jokatu den bigarren pastorala, baina oraingoan, larraintarrek horrela erabakita.

Nik, sinbologia zaharra errespetatzearen aldekoa banauzue ere, izugarri gozatu dut Monozonen pastoralaz eta ez dut inolako arazorik ikusten, herritarrek horrela nahi badute, oihal berdea jar dadin. Ez zait iruditzen inolako eztabaidarik pizteko moduko estakurua denik. Errejentak eskuetan zerabiltzan ohiko ikurrintxo lauburudunak ere kolore horietakoak ziren, hau da, gorria eta berdea.

Johañe Bordaxarrek idatzi lehen pastoral hau ederra eta arras gogoangarria iruditu zait, errealitatearekin eta historiarekin ongi uztartua. Bukaera aldean, bai, Telesforo Monzonen heriotzaren berri ematen zaigunean, hutsune bat sumatu dut, ez baita garaiko agintari eta polizia espainolen jarrera maltzurraz deus ere aipatzen.

Jakina da, Monzonen heriotzaren berri izatean, herritarrak errepideetara atera zirela abertzale handiaren gorpua Baionako ospitaletik Bergarako hilerrira zeraman hil-autoa igarotzean ohorezko agurra egin nahian. Muga pasatu bezain pronto, polizia espainiarrek autoa bahitu zuten eta tanketen artean eraman zuten Bergarako hilerriraino, errepideetan zain zeudenen omenaldia eragozteko asmoz.

Hauxe izan zen, nire ustez, Monzon handiak, hil ondoren, agintari espainiarrei irabazi zien azken borroka, herritarrek Bergarako plaza eta kaleak gainezkatuz, Monzonek ongi merezi zuen azken agurra egin baitzioten.

Telesforo Monzoni eskainitako pastoral honetan zehar emozioa, zirrara eta sentimendua airean arnasten ziren. Bertan geundenok arizaleekin batera abestu genituen Bergarako abertzale handiak eginiko kantu ospetsuak, betiko euskaldunon oroimen kolektiboan sakon txertaturik gelditu direnak: Bai euskarari, Batasuna, Itziarren semea, Lepoan hartu, Txikia, Euskal Herria jaiki hadi, Irabazi dugu… Han ikusten eta entzuten ari ginenok pastoralaren parte ginela sentitu genuen, eta horrela, txalotu, kantatu edota txistu egin genuen inoiz baino gehiago, historia hura gurea ere baita, gure baitan hezurretaraino sarturik baitaramagu berrogeita hamar urtetik gorako euskaldunok. Horrela, oroitzapenak eta bizierak gure baitan pilatzen eta txirikordatzen zitzaizkigula sumatu genuen. Aldean nituen askoren begietan negar malkoak loratzen ikusi nituen.

Esan beharra daukat Johañe Bordaxarren lana arras borobila iruditu zaidala, baita pastoralean parte hartu duten gainerako guztiena ere. Erramun Gartzia Zabalegik eta Larraineko emazte jostunek egindako jantziak egokiak eta ederrak ziren, Jean Pierra Rekalt errejentaren lana ezin hobea, arizaleena biziki ona -bereziki oroitzen ditut Monzonen eta Maria Josefa Ganuza emaztearen pertsonaia jokatu zuten Ximun Akozeberri, Dominika Urruti, Maitexa Akozeberri eta Nadine Elgoihen. On-onak lauak, benetan-, dantzariak, kantariak eta musikariak perfekziotik gertu ibili ziren. Johane Etxebest-ek antolaturiko bi dantza edo koreografia berriak izugarri onak iruditu zitzaizkidan, guztiz aberatsak, koloretsuak  eta dinamikoak.

Bihoakie, bada, nire zorion beroena pastoral honetan, modu batean edo bestean, parte hartu duten guzti-guztiei. Mila esker, zuri, Larraine, eman diguzun ikuskizun ederragatik.

Aipamen berezia merezi dute Bordaxarrek egindako kantuek. Nik gogoan dut “Itxaropena” izeneko kantuaren errepika xarmangarria:

Itxaropena beti behar da ospatü,
zühainaren erroak barnatik lantatü,
eüskaldün izateko zütügü haütatü
gogoa zurekilan, gira abiatü.


Baita Jean-Do Iriart-ek egindako azken kantorea ere. Mezua garbia da. Atzo eta gaur, euskaldunok bizi nahi dugu eta Euskal Herriaren geroaren nondik norakoak gobernatu nahi ditugu. Horra hor kantuaren errepika eta bi kobla.

Errepika:


Larraine gora da bortüan,


jarririk Orhiren altzoan,


sartürik ene odolean,


ta bürüa txütik Eüskal Herrian.


Koblak:


Argalarekin besarka


jarraiki düzü borroka,


estatüek honar dezela


Eüskal Herri, bat eta librea!


Monzon jauna, zük bezala,


jarraik  dezagün borroka,


estatüek honar dezela


heben nausiak gu girela!



Ene ustez, pastoral hau zoragarria izateaz gain, gure herriak jasaten duen kolonizazio bikoitzaren isla garbia da, eta hor Johañe Bordaxarrek ausart eta adoretsu jokatzen jakin du. Abertzaletasunean oinarrituriko pastoral gogoangarria da, hogeita lau jelkaldiz osatua eta ongitxo orekatua, aldarrikatzailea, egiaren aldekoa…  eta ikusi dugunok horrela oroituko dugu. Hurrengo urtean Arrokiaga herrian Bordaxarren bigarren pastorala, Mendiaga olerkari eta bertso egilearen omenezkoa, jokatuko du. Aurtengoa ikusita, ez dugu zalantzan jartzen heldu den urtekoa ere eder eta zoragarria izanen dela.

Pastorala bukatzerakoan, ohiko antxerak izan ziren, eta Arrokiagak irabazi zituen 1.650 euro ordaindu zituelarik. Gero, bertan ziren arrokiagarrak agertokira igo eta ohiko muñeinak eta aintzina pika dantzatu zituzten. Garbi utzi nahi izan zuten Arrokiagan badirela dantzari trebeak eta hurrengo urteko pastorala Arrokiagak jokatuko duela.

Artikulu hau amaitzeko zer hoberik Monzonen pastoraleko azken perediküko zenbait bertset baino. Ikus ditzagun:

191.-  Eüskaldünek üken düe


müga bat üsü erdian,


eta noiz ahal dateke


ibilten ber baratzean.


192.-  Eüskararen jarraikigoa


behar da gogoan hartü,


arbasoen irakaspena


gure üngürüan sartü.


193.-  Orit gitean halaber


Europa egiten dela


eta eüskaldünak ere


presoetan badirela.


195.- Gure Eüskal Herri maitea


laüdatü züan  Monzonek,


ahalaz egin dezagün


geroari indar denek.



Larrainetik abiatzean, urruneko mendietara, Bortüetara, begiratu nuen azken aldiz, eta han, hodeien eta lainoen artean, airoski hegaka, Orhiko Txoria ikusi nuen. Monzonekin batera zihoala iruditu zitzaidan.


Komentarioak

icon

Bruno Etxebest

2011-08-10

Igandean pastoral ikusi nuen eta erran behar dut biziki ederra dela. Historia biziki ongi kondatzen du. Ene ustetan, hauxe da abertzale guziok ikusi behar dugun pastorala. Agorrilaren 13an Larrainen eta buruilaren 18an Bergaran. Hauxe da gure hitzordua.
Biba Monzon, biba Bordaxar eta biba Larraine!

icon

Marga

2011-08-11

Aurtengo pastorala mundiala da. Leku gehiagotan egin beharko lukete.

icon

Karmele Otxoteko

2011-08-18

Abuztuaren 13an Larrainen ikusi genuen. Zoragarria! Herria, eszenatokia, pastorala, Monzonen historia!
Bergarara ere hurbilduko gara, noski.

Monzonek ongi merezi zuen pastoral bat, baina baita omenaldi gehaigo ere, Joxe Antonio Agirre lehendakariarekin batera, XX. mendean, gure historian izan dugun pertsonaiarik handiena izan baita.

icon

t.

2011-08-19

Herrian kalapita sortu duen pastorala izan omen da... baina ze plazerra izan den ikurriñaren ondoan arrano beltza ikustea!
batzuk arras konbentziko bagaitu ere, ezin ahantz besteak.

icon

Mixel

2011-08-19

Euskal Telebistak ez du transmititu nahi, eta ez du nehor bidali pastoralaren filmatzerat. Kalapita sortzaileak horiek dira, Herri hau ukatzen dutenak.

icon

Maider

2011-09-07

Ezin al da Monzonen pastorala Donibane Lohizunen jokatu?
Kontuan har dezagun luzaz Begiraleak elkartekoa izan zela, eta Mendeberri etxean bizi izan zela hil zen arte.

Komentarioa idatzi