Olentzero eta Kixmiren etorrera (I)

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2011-12-12 17:13:55

Euskal Herri zaharrean aldaketa ekialdetik etorri zen. Eta ekialdean, juduen artean sorturiko eta Erromako Inperio izandako eremu osoan zehar zabalduriko erlijio giristinoak ekarri zuen. VIII. mendean mendebaldeko Europa osoa giristinoa izan arren, euskaldun askok eta askok oraindino gure sinesmen zaharrari ekiten zioten.

Euskaldunok irlandarrekin batera izan ginen Europako mendebaldean giristino egin ginen azkenak, edo hobeto esanda, giristino egin gintuzten azkenak. Zenbait ikerlariren ustez, bi edo hiru mende berantago ba omen zeuden Euskal Herrian jentilen multzo zabalak. Aipatzekoa da ere giristino egin ziren euskaldun ainitzentzat, fede berria aitzinakoaren jarraipen logikoa, besterik ez zela izan.

Olentzero pertsonaiak bi sinesmenen arteko denboraldia mugatzen du, bi federen arteko zubi naturala baita. Ikazkin mozkortia zena, Kixmiren etorreraren berri emateko aukeratutako sinbolo orgiastikoa bilakatu zitzaigun. Batzuren ustez Olentzero oles egiteko aroa litzateke (Olentzero = oles + aroa). Aro baten bukaera eta beste berri baten hasiera iragartzen digun pertsonaia.

Horra, horra

gure Olentzero

pipa hortzean dula

eserita dago,

kapoiak ere baitu

arraultzatxuekin,

bihar merendatzeko

botila ardoakin

Kixmi, jentilek -euskal paganoek- Jesukristori ematen zioten izena da. Eta badirudi hitz honek tximu edo tximino adierazi nahi duela. Batzuren ustez hitz hau erabiltzen zuten giristino fedean ardatza den pertsonaia iraintzeko, baina beste batzuren irudikoz, hitz horrekin fede berriaren enbor antropologikoa agerian utzi nahi zuten.

Zenbait gauzetan fede berriaren jazartzea eten handia izan zen, Ortziren sinesmenean gizakia ez baitzen beste izakiak baina gehiago, ez guttiago ere, desberdina baizik. Kixmiren sinesmenean berriz, Jainkoak gizakia bere antzera egin zuen, eta berari eman zion munduko nagusitasuna Hainbat ikerlarik diotenez, Ortziren izen zaharra Egu izan zen, eta Ipar Europako herri germanikoen Thor jainkoaren eraginez, euskaldun zaharrek izen berria ezarri omen zioten.

Ortziren sinesmenean ez dago ez hasierarik eta ez bukaerarik, ez alfarik ez omegarik. Kixmirenean berriz, bada hastapena (genesia) eta bada amaiera (apokalipsia). Eta gainera ikuspegi berri bat: sariaren (zerua) eta zigorraren (infernua) baldintzapeko jokaera. Ona eta bekatua. Sarigarria eta hobena. Lehenengoa zeruaz saritzen dena eta bigarrena infernuko garretan zigortzen dena. Ikuskera edo ikuspegi berri honek oso zapalketa handia ekarri zuen barneko sentimenduen arloan.

Ekialdetik iritsitako sinesmen berria ere monoteista da, euskaldunon sinesmena zen bezalaxe. Hau dela eta, bi sinesmenen arteko sinbiosia modu erraz eta natural batez eman zen. Bestelako parekotasunak ere izan ziren. Fede berrian indar eme handia zegoen: Andra Mari, Jaungoikoaren ama, laster Mari eta Amalurren inguruko sineskerekin uztartu zena.

Hastapenetako kristau kosmogonia antropozentrikoak gizakiarekiko begirunea aldarrikatzen bazuen ere, hori ez zen izan VIII. mendean Euskal Herrira iritsi zitzaiguna, gizon-emakumeok gure interesetara moldatutako sinesmena baizik. Eta bi sinesmenen mezuen artean benetako hausturarik sortu ez bazen ere, baloreen sinbiosia baizik, guztiz alderantziz gertatu zen etorritako azti (apaiz) eta erliojio-gizon berriekin, azken hauek euren eta lagun eta diru-iturri zituzten handikien interes sozio-ekonomiko-politikoak, besterik ez baitzituzten defendatzen. Eta hemen bai, hemen sortu zen benetako etena.

Arrunt interesgarria da honi buruz Pio Barojak idatzitako Altzateko Jauna izeneko eleberria. Ikus dezagun bada, amaiera aldean, eta Azken Solasa izeneko ataltxoan Barojak maisuki egiten digun bi sinesmenen arteko bereizketa zorrotza. Itzulpena Patxi Apalategirena da.

Azken Solasa



Hil zaigu gure Jaun gizagaixoa. Batetik bestera ibilia zen; gehiegi ibilia zen eta bere ordua heldu zaio. Altzateko etxean ezkutuka burutu dute erlijio zaharreko zenbait zeremonia. Hilaren eskuan txanpon bat jarri dute, etxetik ateratzerakoan zerraldoarekin ertzetan kolpe batzuk eman dituzte. Erleei eta etxeko abereei ere nagusiaren heriotzaren berri eman zaie. Jentil-Harrira joan eta han nagusi hilaren ohorez eskaintza egitea pentsatzen du zenbait lagun zintzok. Jaunen gorputza atera dute, eta orain apaizek ospe handitan gori-goria kantatuz daramate lur ematera eliza berriaren inguruan dagoen kristau kanposantura; din,dan,din,dan, dagite kanpaiek.

PATER PRUDENTIUS.- Ehortzi behar dugun gizon hau, Eliza aintzat hartu gabe bere kontura pentsatu nahi zuen asaldari bat zen. Eskandaluarengatik ez balitz, lur sakratutik at ehortzearen alde nintzateke ni.

PATER FANATICUS.- Hori litzateke, bai, onena. Gizon honen arima infernuan izango da.

PATER ANGELICUS.- Jaunak barkatu egingo zion.

PATER FANATICUS.- Sakramentuei uko egin die.

ARBELAITZ (Altzateko Jaunaren lagun handia).- Berak nonbait hain eri zenik ez zuen pentsatzen.

PATER FANATICUS.- Ez zuen pentsatzen! Fededun izanez gero hori ez da sekulan zabarkeriaz uzten; baina federik ez zuen eta zigor betirakoa merezi du.

PATER ANGELICUS.- Jainkoaren urrikalmendua mugagabekoa da.

PATER FANATICUS.- Jaun, Elizaren legeen asaldari, zorigaiztoko fede-hausle madarikatu bat zen.

OLAZABALGO ANDERE GAZTEA.- Gezurra dirudi! Diotenez, Jaun ez da kristau zintzo gisa hil.

ZARRATEAKO ANDERE GAZTEA.- Jesus, Maria eta Jose! Hori ere entzun behar genuen! Gu, altzatearrok, beti hain kristau zintzo izan garenok!

ARBELAITZ.- Nire lagun Jaun gizagaixoa! Hi ausart eta zintzo hintzan. Gure zanpatzaile izan behar duten sotanaz jantzitako gixon koxkor hauen kontra hik borroka egingo hukeen.

OSTALARIA.- Benetan bikainak Altzateko jaunaren hiletak! Bere auzoko gizonek bi dozena arkume jan dute, eta kupela bete ardo edan dute. Atsoak berriz txokolatetan eta pattarretan saiatu dira. Astean behin bederen horrelakoxe bat hilko balitz!

XAGIT.- Jaun gaixoa! Lagun gaixoa! Nork zainduko nau orain ni, ero hau, jende hain zuhurren artean?

TXIKI.- (Arbelaitzi) Badakizu zer egin behar dudan?

ARBELAITZ.- Zer?

TXIKI.- Jaun ez dela hil esan behar dut; bere zerraldoa neuk bete dudala lurrez, Jaun bizi dela eta ez dela hilko; Larrun mendiko leize batetan ezkutatu dudala, eta Euskal Herria katolikoen esklabo den bitartean biziko dela, eta bere garaia helduko denean, Ortzi-Thor-en mailuarekin agertuko dela faltsiaren, eta morrontzakeriaren puska-txikitzera, eta libertatearen eta Naturaren kultua zabaltzera.

ARBELAITZ.- Eta nork sinetsiko dik?

TXIKI.- Zuek. Astakeria handiagorik ez al duzue sinesten? Katolikoen ipuinak ez al dituzue sinesten?

ARBELAITZ.- Bai, baina katolikoek bezala kartzelarik, urkaberik, sumetarik, epailerik, borrerorik, soldadurik ba al duk hik jendeari sinestarazteko?

TXIKI.- Egia da. Arrazoi duzu.


Komentarioak

icon

Edurne

2011-12-14

Biziki adierazgarria Pio Barojaren testua. Giristinoen ezarpena gaixtoa eta zitala izan zen. Gauza bat da beraien teoria eta bertzea beraien nagusitasuna inposatzeko erabili eta erabiltzen zuten bortizkeria beldurgarria.
Jesukristo izan balitz giristinoen aurkakoa zatekeen, argi dago.

icon

Lamin

2011-12-15

Biziki interesgarria oroitzeko kristautasuna hemen arrotza dela eta jakiteko heien Jesusi Kixmi deitzen zaiola.
Barojaren inguruan alta jakin behar da, Unamuno antieuskaldunaren gisakoa zela anitzen ustez.Faxistek hil zuten AITZOL-ek artikulu biziki interesgarriak eskaini zizkien.

icon

Joseba Aurkenerena

2011-12-15

Lamini

Kristau erlijioaz erraiten duzuna hala da, baina ene ustetan, ezin dira alderatu Unamuno eta Pio Baroja. Beraien lanak irakurri, besterik ez duzu, Pio Barojak Euskal Herria naturaltasun osoz onartzen zuela eta bere historiak eta pasadizoak euskal tradizioetan oinarritzen zirela ikusteko. Ez zela abertzalea? Erdaraz idatzi zuela, bere aitak, Serafin Barojak, euskaraz idatzi zuen bitartean? Hori beste upeleko sagarnoa da.

Unamunok, berriz, uko egiten dio Herri honi eta filohispanista bihurtzen zaigu. Haren historiak eta kontakizunak espainol tradizioan oinarritu zituen.

Beraz, Lamin, ez dut uste Baroja eta Unamuno aldera daitezkeenik. Aitzol abertzalea zen, euskararekin eta euskal kausarekin konprometiturik zegoen, eta normala da Pio Barojari horrelako kritikak egin izana.

Badakit Baroja sozialisten aldekoa zela, baina ez antiabertzalea, berak bere idatzietan aitortu zuen bezala. Nik Barojari euskalzaletasuna ikusten diot, Unamunori, berriz, ukazioa eta ernegua.

Iritziak iritzi, mila esker zure ekarpenagatik.

icon

Markox Biteri

2011-12-15

Altzateko Jaun, hor zaude nonbait, zure lurrera itzultzeko zain. ---horrela kantatzen zuen Xabier Lete handiak.

Urteak igaro dira baina oraindik Altzateko Jaun ez zaigu itzuli bere suzko mailuaz euskaldunok lotzen gaituzten kateak txikitzera.

Ene ustez, tenorea da itzul dakigun.

Komentarioa idatzi