Sorgin mugimendua, herri xehearen matxinada inkontzientea
Joseba Aurkenerena
Sorgin mugimenduaren lehen sustraiak bilatzeko gure antzinako sinesmenak aztertu beharko genituzke, eta horretaz gehiegi ez dakigun arren, gelditu diren arrastoetan xerkatu beharko genuke. Gure arbasoen buruan izadiak eta bere elementuek garrantzi handia hartzen zuten, naturatik ateratzen baitzuten bizitzeko behar zuten guztia: janariak, janzkiak, lan-tresnak, armak… Alde horretatik begiratuta, naturaren alde ona ezagutu zuten; baina anitzetan naturaren indarrei aurka egin behar izaten zieten, eta borroka horren bidez naturaren alde latza ere ezagutu zuten. Nire ustetan, dualismo horretan finkatu zituzten gure arbasoek euren sinesmenak.
Paleolito aroan indar ezagunekiko gurtzea oso zabalduta zegoen kultura guztietan. Gure kultura zaharrari dagokionean, erran dezagun leize-zuloetako hormetan egin zituzten margolanak horren lekukorik onenak direla. Leize-zulo haietan artearen lehen urratsak izan ziren margolan haiekin batera, gure aztien kasta gorpuzten eta hedatzen hasi zen. Margo haietan natura eta bere elementuak, ezagutzen zituzten bezalaxe, islatu nahi izan zituzten, gaur aski ezezagunak egiten zaizkigun errito magikoez inguraturik.
1.- Erlijio giristinoaren ezarketa:
Era guztietako teoriak dauden arren, badirudi erlijio giristinoaren sarrera aski berantiarra izan zela Euskal Herrian, eta IX. mendera arte ez dirudi guztiz hedatu zenik. Erdi Aroan barrena, erlijio berriak ezarritako arau sozio-etiko-politikoak jasangaitz bilakatu ziren Europa osoan. Erlijio berriaren ezarpenarekin batera, aurreko sinesmenak, gizarte animista-naturista zaharrean oinarritutako bizimodu eta pentsamoldeak, baztertu
ziren, eta horien ordez, arrazionalismo judu-latinoa inposatu ziguten. Jazarpen ideologiko honen eraginez gure pentsaera eta sineste zahar gehienak desagertu edota ezkutatu ziren laborari eta artzainen artean.
Haatik, Erdi Aroaren hondarreko mendeetan gure arbasoen jasankortasunak gainezka egin zuen, eta garai bateko sinesmenetan erroturiko mugimendua zabaltzen hasi zen Europa osoan, baita gure Euskal Herrian ere; ezarketa giristinoaren kontrako inkonformismo uhin horrek Europa osoa astindu zuen, eta gure artean indar handia hartu.
2.- Fenomenoaren zergatiak:
Baina zertan oinarritzen zen mugimendu ez-antolatu hori? Zertan errotzen zen Europa osoan zabaltzen ari zen inkonformismo hori? Honi erantzuteko hasi beharko genuke erlijio giristinoaren sarrerak garai bateko gizarte hartan suposatu zuena aztertzen. Eta euskaldunoi dagokigunez, ikusiko genituzke garai bateko pentsamolde zaharrak jasan zituen zapalketa eta bazterketa. Gizarte zahar harekin batera herri oso baten logika zaharra ere desagertzeko zorian gelditu zen.
Izadiaren kultuaren tokian, materialismoaren eta diruaren logika ezarri zuten, eta logika berria zabaltzeko, herri xehearen ustiatze bidea hedatu. Irudimenaren eta mundu magikoaren ordez, euren logika arrazionalista sartzen ahalegindu ziren. Baina Europa osoan zehar zabaltzen ari zen sorgin mugimenduak erroetarako itzultze bat eskaini zuen, eta itzultze horrekin batera, gizarte haren kontra aritzeko aukera inkonformista bat. Akelarreak, belagileak, aztiak, sorginak, senda-belarrak, ukendu magikoak… ikaragarri zabaldu ziren eta herriak babes handia eman zien. Matxinada inkontzientea izan zen, benetako herri matxinada.
Baina garai hartako botereak ezin zuen mugimendu hura onartu, bere sistema sozio-politiko-erlijiosoaren aurkakoa baitzen, eta bai elizak eta bai estatuek, denek elkarrekin, zapaltze berri bati ekin zioten. Inkisizioaren ordua zen. Ofizio Sainduak zabaldutako zapalketa bortitzaren ondorioz jende anitz hil zuten, aho anitz isildu ziren betiko eta gure herriak urrutiko baserrietan bilatu behar izan zuen babesa. Baina, hala eta guztiz ere, askatasun egarriak mende luzetan iraun zuen.
3.- Sorgintasuna gaur egun:
Jende askoren iritziz sorgin mugimendua XVII. eta XVIII. mendeetan amaitu zen, Inkisizioaren azken jazarpenekin. Eta ez zaie arrazoi falta, erroetarako itzultze hura, inkonformismo uhin hura arrunt moztu zutelako, baina herriaren oroimen kolektiboan, herri euskaldunaren subkontzientean, ongi sustraitutako arrastoak gelditu ziren. Izadiaren indarretan finkaturiko ohitura askok bizi-bizirik diraute, ipuinak, kontakizun magikoak, mitologi kontuak gaurko eguneraino iritsi zaizkigu, hainbat eskualdetan baserri eta etxeetako ate nagusian sorgin-loreak edo astalarrak (1) ipintzen dituzte oraindik, eta zer esan, egunetik egunera handiagoa den euskaldunon askatasun-egarriaz. Hau dena kontuan harturik, nor ausartzen zaigu erraiten gaur ez dela sorginik? Nork erraiten ahal du sorgin mugimendua betiko desagertu zela?
Oharra:
Astalar: Eguzki-lorea edo sorgin-lorea ere deitua. Euskaldunok gure ateburuetan, espiritu onen bedeinkapena bilatuz, mendetan zehar jarri ohi dugun kardabera familiako lorea.
Komentarioak
Lander Ubiria
2010-04-27
Ados nago hemen esaten denarekin. Ene ustetan ere, sorgin mugimendua antolatu gabeko matxinada izan zen, gizarte itxi hartan askatasun zirrikito bat bilatzen zuten herritarren matxinada, eta, Aurkenerenak artikuluan dioen bezala, neurri batez inkontzientea. Gaur egun ere, baditugu horrelako matxinaden beharra.
Lander Ubiria (Irun)
Miren Azkue
2010-04-27
Hor, sorginen mundu hartan baziren sorgin edo belagile zirenak eta faboreen bila zebiltzan herritar soilak. Horietaz gain, ez dezagun ahantzi bai Iparraldean eta bai Hegoaldean, botereak sorgintzat edonor jotzen zuela, eta hauen bekatu bakarra askotan euskalduna izatea zela.
Baina bai, Europa osoan eman zen sorgin eta azti fenomeno hartan, bazen gizarte zanpatzaile eta itxiaren aurkako matxinada aide bat, inkontzientea bazen ere.
Miren Azkue
kristiane etxaluz
2010-06-16
kaixo joseba,
Hau zuk idatzita gero 2 hilabete beranduago irakurtzen dut, "Iduzdi Lorea" antzerki obra liluraturik ikusi ta, zure atza billatuz.
Ederra idatzia, ederra obra, beharrezkoa zure ikus puntua, nun gure gizakiaren ulertzeko eta enpatian sartzeko bidea urratzen den. Sentsibilitatea, arrazoia eta jakintasuna lagun.
Patua, gure euskal patu kolektiboa, menpekotasunatik at desbideratzeko tresna.
Umerik izan ez duen amatxi bat naiz orain. Horrengatik "iduzki lorean" gehienik hunkitu naun sekuentzia azkena izan da, guretuko dugu agian.
Joseba Aurkenerena
2010-06-21
Kristiane Etxaluzi
Kristiane, ez dakit gutun hau irakurriko ote duzun, baina bihotzez zezentzen dizut. Nik, gazte-gaztetik, jakin dut nola ibili eta nola ibiltzen zaren beti Euskal Herri honen alde. Horrek hunkitu nau beti. Modu aunitz dira Herri baten alde egiteko, eta bakoitzak ahal duen moduan egiten du. Zuk, bihotz eta arima emanik, egin duzu, eta gainerako herrikideok bihotz-bihotzez eskertzen dizugu. Aitzina Kristiane!
Herri hau askatasunerantz eramanen dugu!
















- 