Belagileak. Ttittika Rekalten bigarren pastorala (I)
Joseba Aurkenerena
Pastoral guztietan berrikuntzak izaten diren arren, aurtengo pastoralean berrikuntza handiak itxaro genituen, eta egia esateko, hizkuntzaren gordintasuna kenduta, ez dira horrenbestekoak izan; eta hobeto horrela agian, honek esan nahi baitu pastorala etengabeko berritzean den antzerki mota dela. Badaki betikotik edaten, baina beti aitzinera begira. Azken hamarkadetako pastoral-idazleek eta errejentek (1) era guztietako berrikuntzak landu eta burutu dituzte, ez dira inoiz antzinako moldeetan estekaturik geratu.
Etxahun-Iruri izan zen, zalantzarik gabe, pastoralera berrikuntza handiena ekarri zuena, ordura arteko süjetak (2) –sainduak eta Frantziako pertsonaia handiak- baztertu zituenean, euren tokietan euskal pertsonaiak jarriz. Orduz geroztik, euri ugari bota badu ere, dena progresio logiko batez etorri da. Zuberoak aunitz zor dio pastoralari, gizarte kohesioa eta auzolana, besteak beste, eta Etxahun-Irurirekin hasitako pastoral berriari euskararen prestigioa eta berrindartzea.
Pastoral berri honetan badira estilo ezberdinak, prefosta!. Batzuk besteak baino klasikoagoak dira, neurri eta molde zaharrei lotuagoak; badira pastoralaren indarra musikan eta dantzan bereiziki oinarritzen dutenak, eta badira ere, istorioari eta hizkuntza landuari izugarrizko garrantzi handia ematen diotenak. Estilo kontua, besterik ez da.
Aurtengo pastorala biziki berezia izan da peredikü (3) eta azalpenetan erabilitako hizkuntzaren gordintasunaren aldetik. Honek bizitasun handia eman dio, eta 1609. urtean Frantziako Henrike IV.ak Lapurdin bultzatu zuen zapalketa dakarkigu gogora, bere lazgarritasun osoz.
XVII. mendeko Lapurdi hartan, etxeko jaunek botere handia zeukaten eta Uztaritzen biltzen zen biltzarraren bitartez, herrialde osoa gobernatzen zuten, benetako gobernu moduko bat osatuz. Lapurdiko foru eta usadio zaharrak ziren sistema honen oinarria.
Urtubiako eta Senpereko jaunek, gerra garaiko agintea izateaz aparte, ez zuten bestelako aginterik, eta hau ere aski mugatua eta kontrolatua, Uztaritzeko Biltzarrak aunitzetan azken hitza ukaiten baitzuen. Bi jauntxo hauek bekaitzaz begiratzen zuten Frantzia alderat, hango nobleen botere handia nahi baitzuten beraientzat.
Hori dela eta, Lapurdiko etxeko jaunak kolpatu nahirik, Henrike IV.gana jo zuten. Urtero, Lapurdiko bost mila gizon inguru joaten ziren Ternuako itsaso izoztuetara bale-arrantzan. Eta horretaz baliatuz, belar-sendagintza, sinesmen zaharrekin loturiko tradizio eta erritoak… jorratzen zituzten emakumeak sorgintzat harturik, salaketa ezarri zuten frantses erregearen aurrean.
Salaketa hark ez zuen inolako funtsik, hala eta guztiz ere, erregeak hori guztia jakinki, Pierre de Lancre bidali zuen Lapurdira epaile nagusi eta errege ordezkari gisa. Erregeak bere boterea handitu nahi zuen, eta horretarako lapurtarren autogobernua kolpatu beharra zeukan.
De Lancre Bordelera lan egitera joandako euskal familia baten ondorengoa zen. Familiaren deitura Rostegui (Arostegi) zen, eta Pierren aitatxiak aldatu zuen, orduz geroztik eraman zuten De Lancre deitura frantsesaz. Pierre de Lancrek euskara eta euskaldunak gorroto zituen, eta bereiziki euskal emakumeak, beraiek baitziren euskara eta euskal tradizioak belaunaldi berriei transmititu egiten zizkietenak. Krudela, paranoikoa eta misogenoa zen, eta ankerkeria handiz jokatu zuen Lapurdin.
Emakumeak jazarri, atxilotu eta gupidarik gabe torturatu egin zituen, eta horietako aunitz bizirik erre. Horixe izan zen Lapurdin egin zuen balentria. Ez dakigu zehazki zenbat pertsona erre zituen, batzuek 20 bat emakume eta bizpahiru euskal apaiz erre zituela diote, beste batzuek askoz gehiago erre zituela defendatzen dute. Jazarriak eta torturatuak zazpiehun bat izan zirela esaten da.
Azkenean, Baionako apezpikua zen Bertrand Etxauze baigorriarrak, bere eremuko apaiz zenbait erre zituela ikusirik, erregearengana jo zuen De Lancre Lapurditik eraman zezala eskatuz. Badirudi hori izan zela, ordurako Ternuatik itzulirik ziren bospasei mila gizon horien haserrealdiarekin batera, De Lancre Lapurdi uztera behartu zuen arrazoietako bat.
Gertaera lazgarri hauen 400. urtehurrena dela eta, Ttittika Rekaltek Lapurdiko Belagileak hartu ditu pastoral süjeta gisa. Pastoralean erabili duen hizkera gordina benetako tragedia haren oihartzuna bizi-bizi zabaltzeko tresna ezin hobea suertatu delarik. Gai honek, bestalde, badu gaurkotasun handia. Ikusi, besterik ez dugu egin behar, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean arrotz epaileek gaur euskaldunekin duten jokaera.
1.- Errejenta: Pastorala zuzentzen duena, pastoral-zuzendaria.
2.- Süjeta: Pastoraleko pertsonaia nagusia.
3.- Peredikü: Edo prediküa. Pastoraletan, bukaera aldera, azken jelkaldiaren ondoren, pastoralaren mezua laburbiltzen duen eta irakaspen bat aditzera ematen duen kobla multzoa.
Komentarioak
historiazalea
2010-12-24
Berant bada ere zurea irakurri dut orai berean. Orokorrean bat nidagoke zure izkribuarekin. Bada, haatik, zenbaki bat larri-larria ematen duzuna: 5000/6000 itsas-gizon omen ziren Lapurdin XVII. mendearen hastean. Orotara, gauza jakina da orduan Lapurdiko populazione osoa 30000 jendekoa zela. Jakina da ere (ikus Azpiazu), OROTARA (Gipuzkoa-Bizkaia-Lapurditik) 2000 itsas-gizon egoten zela Ternuan. Kontuak ez dira, beraz, xuxenak. Horrelakoak zabalduz ez diogu fagore handirik egiten gure historiari.
Joseba Aurkenerena
2010-12-27
Historiazale adixkidea. Aipatzen duzun datua ez da nik asmatutakoa, gaiari buruzko bibliografian maiz azaltzen dena baizik. Proba bezala, hor dituzu Claude Labatek berriki ateratako SORCELLERIE? CE QUE CACHE LA FUMÉE DES BÛCHERS DE 1609 izeneko liburu ederra, edota Jacques Ospitalek plazaratutako LA CHASEE AUX SORCIÈRES AU PAYS BASQUE EN 1609 izenekoa. Pastoralean ere,Jean Louis Davantek egin sarrera mamitsuan datu bera aipatzen du.
Dena den, datuak datu, badakigu garai bateko idazkietan kopuruak puztu egiten zituztela, eta agian hauxe izan daiteke kasu horietako bat. Baliteke, ez dizut ukatzen.
Horretaz hitz egitea eta datuak elkarri trukatzea biziki ongi dago, horrela denok elkarrekin ikas baitezakegu. Gure historiari egin diezaiokegun faborerik handiena datuak eta iritziak alderatzea delakoan nago, inori erasorik egin gabe.
historiazalea
2010-12-29
"Aipatzen duzun datua ez da nik asmatutakoa" ... "Dena den, datuak datu, badakigu garai bateko idazkietan kopuruak puztu egiten zituztela, eta agian hauxe izan daiteke kasu horietako bat. Baliteke, ez dizut ukatzen."
Zuk diozuna arras zuzena da, eta badakit ez duzula zuk "datu" hori asmatu. Peningarria da Labat, Ospital eta Davant -egungoak izanki- horrelako "datuekin" aritzea. Pentsa 5000/6000 itsas-gizonentzat beharko liratekela 1500 untzi inguru...
Bestalde sorginen erretzea dela-eta, De Lancren liburuan ageri denez hil ondoren erretzen zituzten.
Berriz arte eta segi zure lan baliosa.
Ainara Izpizua
2010-12-29
HISTORIAZALERI.
Unibertsitaterako lan bat egiten ari naizela, Aurkenerenaren artikulua topatu dut, eta zuk egindako bigarren iruzkina irakurri. Honela diozu paragrafoetako batean: Bestalde sorginen erretzea dela-eta, De Lancren liburuan ageri denez hil ondoren erretzen zituzten.
Ez dut uste horretan arrazoi handirik duzunik. De Lancrek bere liburua idatzi zuenean bere burua zuritu nahi zuen, Bordelen askok izkin egiten baitzioten.
Gainera, sorgintzat salatutakoak Europa osoan bizirik erretzen zituzten bitartean, De Lancrek, horren odozalea izanki, hil ondoren erre behar al zituen?
Badakigu sobera ongi zer idatzi zuten Gernika erretzeko agindua eman zuten frankista espainiarrek, baita Espainiako presondegietan torturatu ondoren borreroek esaten eta idazten dutena.
Beraz, ene ustetan, De Lancreren liburua ez da bat ere fidagarria.
Adeitasunez.
Ainara Izpizua
historiazalea
2010-12-31
Ainarari:
Horrela diozu zuk: "Ez dut uste horretan arrazoi handirik duzunik. De Lancrek bere liburua idatzi zuenean bere burua zuritu nahi zuen, Bordelen askok izkin egiten baitzioten."
"Gainera, sorgintzat salatutakoak Europa osoan bizirik erretzen zituzten bitartean, De Lancrek, horren odozalea izanki, hil ondoren erre behar al zituen?"
Zureak iritziak dira, eta iritziak errespetagarriak dira.
"Badakigu sobera ongi zer idatzi zuten Gernika erretzeko agindua eman zuten frankista espainiarrek"
Konparazionea ez zait xuxena iduri. Frankista espainiarrek egin zutena UKATU egin zuten eta abertzaler egotzi. De Lancrek, aldiz, ez ditu ukatzen egin dituen basakeriak eta, aitzitik, dolu da ezin izan zituelako zonbait sorgin gehiago hil (eta horietan 5 apez). Ez da liburuan zehar bere burua zuritu nahiean ari denik agertzen, ene ustez.
Bururatzeko zuk diozu "Beraz, ene ustetan, De Lancreren liburua ez da bat ere fidagarria.". Nik aldiz erranen nizuke liburua interesgarria dela, eta ez bakarrik sorginen auziaz. Hortik kanpo ere bada datu ainitz, bere kontestuan hartuz, jakingarriak direnak.
Horra nun irakur daitekeen:
http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/293
Adeitasunez
Jokin Hirigarai
2011-01-02
Zuen eztabaida irakurtu dut, eta erran behar dut ados nagoela Ainararekin. Ez zait iduritzen De Lancrek idatzi liburua fidagarria denik, nahiz eta datu etnografiko ainitz ukan. Azken horiek agian bai, agian kontuan hartzekoak dire, bena bertzeak ez, horieki haren burua zuritu edo goratu egin nahi baitzuen.
Segur niz, emaztekiak eta apezak bizirik zirela erretu zituala, garai hartan bertze horrelakoek egiten zuten bezalaxe.
Dena den, manera batez edo besteaz, izigarri interesgarria iduritzen zait euskaldunok horrelako plazak ukaitea gure historiaz eta gure nortasunaz aritzeko eta eztabaidatzeko. Etorkizun ona ukanen dugulakoan agurtzen zaituztet, Joseba, Historiazale, Ainara... Urte berri on deneri.
Urte berria askatasun haize, osasu iturri eta zorion uhaitz idan dadin euskaldun ororentzat.
















- 